Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2009

DARWIN

Sarrera

Nor zen Darwin? Bada, oraindik ez badakizu, Anis del Mono botiletan agertzen den tipo horixe da Darwin jauna.

Hala ere, mundu honetakoa bazara, Darwini buruz asko entzungo zenuen urte osoan. 200 urte dira hura hil zela. Eta 150, liburu ezagun bat kaleratu zuela: "The Origin of species by means of natural selection, or the preservation of favoured races in the struggle for life".

Darwinek bizidunak maila berean jarri zituen, guztiok arbaso komun bat genuela esan zuelako. Hori horrela, gizakia ez zegoen gainerakoen gainetik; horregatik jarri ohi dute tximino baten alboan.

Zer da, orduan, gizakiok gainerako bizidunetatik bereizten gaituena? Bada, kakalardoek oskol gogorra dute, gepardoak azkarrak dira, inurriak gizartean bizi dira, dunetako landareek ura gordetzeko sistema bereziak dituzte eta pertsonek… guk buru argia dugu. Edo hori uste dugu, behintzat!

Gure burmuina oso garatua dago, eta inork baino gehiago pentsatzen dugu. Edo pentsa dezakegu, hobeto esanda. Tximinoen eta gizakiaren arbaso hartatik hona, gure burmuinaren tamaina aldatu egin da: eboluzioak eragin digu, eta, gaur egun, garunik konplexuena dugu, animalien artean.

Eta eboluzioak horrelako tresna eskaini badigu —urte asko behar izan ditu gaur egun duguna izateko!—, erabili egin beharko dugu, bada!

 

TEKNOSKOPIOA ideia-lehiaketaren azken faseko saria, eman gabe

Teknoskopioaren hirugarren eta azken faseko saria hutsik uztea erabaki du epaimahaiak, eskatzen zen gaiari lotuta aurkeztutako lanek kalitate nahikorik ez zutelako.

Darwin eta eboluzioaren teoria izan dira lehiaketa osoaren ardatz, baina azken fase honetan, zehazki, lurrera meteorito bat jausiko balitz bizirik geratuko liratekeen espezieen eboluzioa imajinatu behar zuten parte-hartzaileek. Epaimahaiaren iritzian, ideia hau lantzen duen lan sakonik ez da aurkeztu; beraz, saria eman gabe uztea erabaki dute.

Hirugarren eta azken fase honekin eman zaio amaiera 2009/2010 Teknoskopioa lehiaketari.