Meteoritoaren istorioa ez da berria. Guztiok dakigu dinosauroak Lurretik desagertu zirela duela 65 milioi urte, meteorito bat erori zelako Yukatanen. Ordura arte dinosauroak jaun eta jabe ziren, eta gainerako animaliak haien itzalpean bizi ziren. Suntsipen hartan, lehorreko ugaztun-espezieen % 75 desagertu zen dinosauroekin batera, baina, bizirik geratu ziren horiek mundua libre aurkitu zuten okupatzeko, narrasti erraldoi haien presiorik gabe.
Eta eboluzioa modu batean gertatu zen; beste edozein modutara gerta zitekeen, ordea.
Adibidez, SPORE bideo-jokokoaren egileek eboluzionatzen duten bizidunak sortu zituzten, baina azaltzen diren zomorroek ez dute gure antzik batere.
Zerbaiten ondorioz espezie ugari hiltzen denean, suntsipen masiboa gertatu dela esaten da. Dinosauroen zorigaiztoko meteoritoaren ondorioz, animalia ugari hil zen (esan dugu, ugaztun-espezieen % 75 desagertu zen), baina hori baino lehen ere gertatu ziren suntsipen masiboak, eta hori baino espezie gehiago desagertu zen, betiko. Taulan laburtuta dago ezagutzen diren lau suntsipen handienetan zenbat espezie desagertu ziren.
| Data | Suntsipenaren ezaugarriak |
|---|---|
| Duela 440 milioi urte | 10 milioi urte iraun zuen, eta espezie itsastarren % 85 suntsitu zen |
| Duela 365 milioi urte | 3 milioi urte iraun zuen, eta espezie itsastarren % 70 desagertu zen |
| Duela 245 milioi urte | Gogorrena izan zen, eta espezieen % 95 desagertu zen, trilobiteak tartean. |
| Duela 210 milioi urte | 4 milioi urte iraun zuen, eta itsasoko ornogabeen % 70 desagertu zen |
Zuk nolakoa imajinatzen duzu mundua, suntsipen masibo bat gertatu ondoren? Espezieen % 100 desagertuko balitz, bizia azalduko al litzateke nonbait, berriro? Nolakoa? Behin, Elhuyarrek antzeko imajinazio-ariketa bat jarri zien 3 ikertzaileri. Baina, kasu hartan, galdetu zitzaien ea zer gertatuko litzatekeen munduan bat-batean gizakia desagertuko balitz. Zientzia-ikertzaileek ongi erakutsi zuten irudimena badutela!
Oraingo kasuan, ordea, meteoritoa jausi da, eta demagun,- guztiak desagertu beharrean, baten bat bizirik geratu dela-: Zer gertatuko litzaioke? Eta, munduan bizi garenon artean, zein geratuko litzateke bizirik? Zergatik?
Badaude gure planetan zomorro arraro batzuk muturreko kondizioetara ohituta bizi direnak. Batzuentzat horiek izan daitezke suntsipen indartsu batean bizirik iraungo luketen bakarrak. Beste batzuen ustez, ez litzateke ezer geratuko: simulatu dute zer gertatuko litzatekeen gaur egun meteorito bat jausiko balitz gure gainera, eta… akaso handiegia izan daiteke suntsipena, eta Lurra antzu gera daiteke.
Zein da zure ustea?
ESTEKA INTERESGARRIAK:
Mezu berrienak
Erantzunak