Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2009

DARWIN

Irakaslearentzako jarraibideak

Sarrera

Elhuyar Fundazioak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak gonbita egiten dizuete gazteoi Teknoskopioa lehiaketan parte har dezazuen. Aurtengo gaia Darwin da, eta hiru ardatz hauek landuko ditugu: Bidaia bat egiten ari zara, Darwin oker zegoen, eta Meteorito bat erori da.

Batetik, Darwinen teoria eta bere garaian egin zuen bidaia ezagutzea proposatzen dizuegu, eta zuek ere bidaia bat egin dezazuen gonbidatzen zaituztegu; bigarrenik, Darwinen teoriaz gain, giza eboluzioari buruzko gainerako teoriak ere ezagutuko ditugu; eta, azkenik, imajinatuko dugu zer eragin izango lukeen eta zein beste bizitza izango genukeen Lurrean gaur berriz ere meteorito bat eroriko balitz.

Hauxe da, hain zuzen, aurtengo Teknoskopioa lehiaketako partaideoi proposatzen dizuegun erronka: blog bat sortzea, eta, blog horren bidez, Darwinen gaiaz ikertu eta giza eboluzioaren inguruan imajinazio-ariketa bat egitea

Helburuak

Helburu orokor hauek ditu Teknoskopioak:

  • Zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna eta jarrera ekintzaileak sustatzea gazteen artean.
  • Gaurkotasun zientifiko-teknologikoko gaietan parte-hartzera bultzatzea gazteak.

Aurtengo ekitaldi honetan, berariazko helburu hauek ditu Teknoskopioa ideia-lehiaketak:

  • Ikastetxeen eta zientzia- eta teknologia-sistemaren arteko harremanak egituratzea, hurrengo belaunaldietan ikerketa-zaletasuna bultzatzeko eta Euskal Herriko ikerketaren helburuak, jarduerak eta emaitzak zabaltzen laguntzeko.
  • IKTen erabilera bultzatzea.
  • Darwinen eta eboluzioaren teoriaren gainean ikerketa – lan bat egitea.
  • EAEko hezkuntza-sisteman zehaztutako oinarrizko gaitasunak garatzen eta aplikatzen laguntzea:
    • Zientzia, teknologia eta osasun-kulturarako gaitasuna
    • Ikasten ikasteko gaitasuna
    • Matematikarako gaitasuna
    • Komunikazio linguistikorako gaitasuna
    • Teknologia digitala erabiltzeko eta informazioa tratatzeko gaitasuna
    • Gizartean jarduteko gaitasuna
    • Gaitasun artistikoa eta kulturala
    • Autonomia eta ekimen pertsonalerako gaitasuna

Nork har dezake parte?

Hamalau urtetik hemezortzira bitarteko neska-mutilok har dezakezue parte Teknoskopioan, hau da, DBHko 2. zikloko eta Batxilergoko ikasleok, eta baita LHko ziklo ertaineko ikasketak egiten ari zaretenok ere. Banaka edo gehienez ere hiru lagunez osatutako taldeetan har dezakezue parte lehiaketan.

Zer aurkeztu behar da?

Blog bat. Parte-hartzaileek blog bat sortu behar dute. Blog horretan, Teknoskopioa ideia-lehiaketan proposatzen diren ariketak ebatzi behar dira.

Lehiaketak hiru fase bereizi izango ditu. Fase bakoitzerako gai bat planteatuko da, eta, gai horren inguruan, antolatzaileek informazio lagungarria eskainiko diete parte-hartzaileei.

Lehiaketaren iraupena sei hilabetekoa izango da. Sei hilabete horiek bi hilabeteko hiru fasetan banatuta egongo dira: lehenengo faseak abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean iraungo du; bigarren faseak otsailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean; eta hirugarrenak eta azkenak apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean.

Fase bakoitzean Darwinen eta giza eboluzioaren inguruko hausnarketarako gai bat aurkeztuko dugu, eta, faseak irauten duen bitartean, parte-hartzaileek blogaren bidez aurkeztuko dute beren lana. Fase bakoitza independentea da besteekiko, eta balorazioa bereizita egingo da.

Sariak emateko irizpideak

  1. Blogaren egokitasuna eta originaltasuna.
  2. Blogean erabilitako baliabideen aberastasuna eta edukiak zenbateraino landu diren.
  3. Edukia behar bezala prestatuta egotea.
  4. Planteatutako gaien inguruan proposatutako ideien balioa.
  5. Blogak eragin duen parte-hartzea.

Epaimahaia

Epaimahaia hainbat pertsonak osatuko dute, besteak beste, zientzia- eta gizarte-gaietako zenbait adituk eta Innobasqueko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta Elhuyar Fundazioko ordezkariek. Fase bakoitza amaitu eta hamabost egunera jakinaraziko da zein den blog saritua.

Epeak

Lehiaketa abenduaren 1ean abiatuko da, eta maiatzaren 31n amaituko da. Fase bakoitzaren iraupenetik aurrera blogek izan ditzaketen bisitak ez dira kontuan hartuko.

Oinarriak, informazioa eta aurreko urteetako lanak www.zientzia.net/teknoskopioa helbidean. Harremanetarako: teknoskopioa@elhuyar.com edo 943 36 30 40.

Sariak

Hiru faseetako bakoitzean, blog bat sarituko da. Blog onenaren egileek ordenagailu ultraeramangarri bana jasoko dute.

Antolatzaileak

Elhuyar Fundazioa eta Innobasque