Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2009

DARWIN

Bidaia bat egiten ari zara, eta eboluzioaren zantzuak hartzen ari zara: non? zer ikusita?

Non ibili zara oporretan? Autoan, itsasontzian, hegazkinean ala astoan joan zara? Eta zertara joan zara? Ez esan deskonektatzera joan zarenik, deskonektatzeko konektatuta egon behar baita lehenago!

Tira, konektatuta egon ala ez, gaur egun egunerokotasunetik ihes egiteko bidaiatzen dugu gehienetan. Batzuek lan egiteko bidaiatzen dute; beste batzuek abentura-grina asetzeko bidaiatzen dute, gauza jakin batean lehenak izan nahi dutelako. Baten batek apustu batengatik bidaiatu izan du; eta, gutxi batzuk, abentura-grina asetzeaz gain, zientziarako datuak biltzeko erabiltzen dituzte beren bidaiak.

Bada, Charles Darwinek bidaia gogoangarri bat egin zuen, eta mota horretakoa izan zen, hain zuzen ere: datuak biltzeko; besteak beste, Biblia egiaztatzeko datuak biltzeko utzi zion Fitzroy kapitainak beraren itsasontzian nabigatzen.

Bost urteko bidaia izan zen (1831-1836), munduan zehar, HSM Beagle itsasontzian. 22 urte zituela ontziratu, eta 27rekin itzuli zen Londresera.

Darwinen bidaiaren mapa

Makina bat toki bisitatu zituzten, eta makina bat landare, animalia eta arroka jaso zituen. Bildutako datu horietatik guztietatik, Bibliak zioena ez, baizik eta eboluzioa gertatzen zela egiaztatu zuen, eta asmatu zuen eboluzioa gertatzeko mekanismoa zein izan zitekeen: hautespen naturala. Argentinan, armadiloak; Falkland Uharteetan, brakiopodoak; Galapagoetan, landareak, sugandilak, dortokak; Patagonian, ostrukak...

Beste bidaia bat egin izan balu, ondorio berberetara iritsiko ote zen? Amundsenek Ipar Polo magnetikoa zehazten lagunduko ote zuen, Europa eta Asia Ipar Ameriketatik lotzen saiatu ordez Afrikara bidaiatu izan balu? Edota, Koprotkin printzeak sinetsiko al zuen anarkismoan, baldin eta Australiara joan izan balitz, Siberian 50 mila kilometro egin beharrean? Asmatuko al zituzten fardelak, baldin eta espaziora bidaiatuko ez balitz?

Darwinen eta tximinoaren gorputzaren karikatura

Bidaiatik etorri eta orduan deskonektatu zuen Darwinek. Ezkondu, eta Down etxera joan zen bizitzera, Ingalaterrako ekialdera. Hogei urte luze eman zituen lasai-lasai, pentsatzen. Beno, eta beste zerbaitetan; izan ere, 10 seme-alaba izan zituen, nahiz eta batzuk hil egin zitzaizkion.

Hogei urte horietan 5 urteko bidaia hartan ikusitakoari eta bildutakoari buruzko gogoeta egin, eta ondorioztatu zuen hautespen naturalak eboluzioa mugiarazten duela, eta bizidun guztiok arbaso komun bat dugula. Wallace-ren ondorio berberetara iritsi zen, hortaz: kasualitatea, ezta? Eta Wallacek ez zituen Darwinek ikusitako herrialde berak ikusi, beste batzuk baizik: hori bai bitxia… ala ez hain bitxia?

ESTEKA INTERESGARRIAK: