Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2008

Lehengaia: talentua eta Lur planeta

Superheroiak

Sei superheroi ageri dira, besteak beste Spiderman eta Hulk.

Triste dagoenari irribarrea sortu diozula? Papera birziklatzera bota duzula? Beharra duena ase duzula? Oso ongi, baina ez zara superheroi bat izango, baldin eta ezkutuko ahalmenik ez baduzu. Begira, bestela, Supermani: kazetari arrunt bat da eguneko ordurik gehienetan. Edo hor duzu Hulk; Bruce Banner-ek esanda, zeinek pentsatuko luke piztia berdea bilakatzeko gai denik!

Gainera, superheroia izateko superbotereak behar dira, eta superboterereak irribarre polit bat baino zerbait gehiago dira. Haiek dituzula jaio behar duzu, edota zientzia-esperimentu baten ondorioz jaso behar dituzu, edota jantzi berezi bat ipini behar duzu haiek lortzeko. Superbotereek lagunduko dizute supergauzak egiten. Gaixo bat soilik ez, mundu osoa sendatu ahalko duzu superbotereei esker. Supersalbatzaile bat izango zara.

Batman.

Era askotako superbotereak daude; Wonder Womanek, esaterako, hegan egiten du, sekulako indarra du, eta egia esanarazten duen lakio suntsiezin bat du, besteak beste. Beste asko aipa genitzake: izotza sortzea, X izpien bidezko ikusmena, abiadura izugarrian mugitzeko gaitasuna, ikusezin bihurtzekoa, besteen pentsamenduak irakurtzekoa... Eta badaude superbotererik ez duten superheroiak ere: Batman-ek, esate baterako, ez du superbotererik; baina argia da, fisikoki indartsua eta iaioa, eta puntako teknologia darabil.

Komikietako pertsonaiak dira superheroiak, neskak zein mutilak. Fikziozkoak, beraz, ez benetakoak. Errugabeen lagun dira, haien defendatzaile sutsuak. Ezagunenak Estatu Batuetakoak egiten bazaizkigu ere, mundu osoan daude superheroiak, eta mundu osoak errespetatzen eta miresten ditu —salbuespenak salbuespen—, gizarteari zerbitzatzea baita haien guztien helburua. Pena da, hortaz, benetakoak ez izatea; ez zaizu iruditzen?

Jocker superbilaua.

Gizartean, oro har, maitatuak badira ere, ez pentsa superheroi izatea erraza denik. Izan ere, superetsaiak dituzte, superheroiak supergorroto dituztenak. Ahuleziak ere badituzte; esaterako, superman ez da bere buruari eusteko gai kriptonita inguruan duenean. Gainera, askotan, bakardadean bizi behar dute, maite dituzten pertsonengandik urrun, arriskuan ez jartzeko.

ONDORIOA: benetako heroi bat izan nahi baduzu, segi triste dagoenari irribarrea sortzen, itsu dagoenari errepidea gurutzatzen laguntzen, ura etengabe aurrezten eta oihalezko mukizapiak erabiltzen!

Jokoa

Zerrenda honetan hainbat izen irakurriko duzu. Pertsona-izen arrunt horien atzean superheroe bat dago. Asmatuko zenuke nor den nor? Adibidez, aipatu dugun Bruce Banner Hulk da. Nor da Clarck Kent? Eta, Diana Prince? Tony Stark? Bruce Wayne? Peter Parker? Steve Rogers? Eta zuk? Zer superheroi daramazu barruan?

Estekak:

Superblogak. Misioa: salbatu Lurra