Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2008

Lehengaia: talentua eta Lur planeta

Sarrera

Lurra planeta berezia da. Oraingoz beste inon aurkitu ez den zerbait dauka: bizia. Lurrean sortu bazen, bertako kondizioak horretarako egokiak zirelako izan zen. Eta sortu bakarrik ez, planeta osoa estali du biziak. Milioika forma har ditzakete bizidunek, ia edonon topa daitezke, planeta bera eraldatu dute, eta litekeena da planetaren etorkizuna bera bizidunen esku egotea.

Biziaren etorkizuna eta planetarenarena elkarren mende daude neurri handi batean. Hala ere, ez dago batere argi nolakoa izango den Lurraren eta Lurreko biziaren etorkizuna. Mehatxuak asko dira, eta nahiz eta pixkanaka neurri batzuk hartzen ari garen, Lurrak eskertuko luke superheroiren baten laguntza.

Horixe da, hain zuzen ere, aurtengo Teknoskopioa lehiaketako partaideei proposatzen diegun erronka. Mundua salbatuko duen superheroi baten azalean jarri beharko dute, eta superheroi horren bloga sortu. Superblog horretan, superheroiak bere burua aurkeztuko du lehenik: izena, superbotereak, zer mehatxuri aurre egiten dion, eta, noski, baita bere ‘kriptonitak’ edo gune ahulak zein diren ere. Eta, horrez gain, mundua salbatzeko proposatzen dituen ekintzak eta abenturak kontatuko dizkigu. Jarraitzaileak lortzea ere garrantzitsua da, baita haien iruzkinak jasotzea eta erantzutea ere. Eta, bide batez, superheroiak frogatzen badu jarraitzaileei hausnarrarazteko superboterea duela , askoz hobeto!

Guk Lurreko biziari buruzko informazio lagungarria prestatu dugu. Hor ikusiko dute superheroiek, besteak beste, zein diren egungo mehatxu nagusiak, eta baita zientzialariek mundua salbatzeko proposatzen dituzten hainbat ideia bitxi ere. Pista baliotsuak izan litezke. Hortik aurrerakoa superheroien esku dago. Misioa argia da: Mundua salbatzea!

Teknoskopioa

Teknoskopioa DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat prestatutako lehiaketa bat da, eta aurtengoa bosgarren edizioa du. Lehiaketaren helburua ikasleak motibatzea da, eta, horretarako, ikertzaile/asmatzaile/sortzaile bihurtzen ditugu. Teknoskopioa lehiaketa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen baitan antolatzen dugu Innobasquek eta Elhuyar Fundazioak, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntza ere badu. Aurtengo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea, zazpigarrena, azaroaren 10etik 16ra egingo da, eta ‘Lehengaia: talentua eta Lur planeta’ izango da gaia.

Superblogak. Misioa: salbatu Lurra