Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2008

Lehengaia: talentua eta Lur planeta

Mehatxuak

"Armageddon", "Apokalipsia" edo "Azken Epaiaren Eguna" ezagunak egiten zaizkizu? Erlijio batzuek munduaren amaierarekin lotzen dituzte horiek. Arrazoi duzu, filmeen izenburuak ere badira. Armageddon filmeak, adibidez, 4 oskar jaso zituen, 1999an.



Baina, erlijioan ez bezala —Armagedon hitzak gerra handia adierazten du—, filmean asteroide bat da mehatxua. Lurraren kontra dator, eta, nola edo hala, asteroide hura desegin beharra dago. Horretarako, Bruce Willis petrolio-ontziko zulatzailea da gizon egokia. Asteroidean zulo bat egin, eta karga nuklearra sartuko du. Lixto, Lurra salbu da.

Film horren zuzendaria ez da asteroideak mehatxutzat dituen bakarra. Alemaniar ikasle batek aurreratu duenez, Apophis izeneko asteroideak Lurra joko du 2036. urtean. NASAren ikerketa baten arabera, ordea, 2036. urteko Pazko igandean (apirilaren 13a) Apophis asteroidea Lurretik 49 milioi kilometrora baino gehiagora igaroko da. Eta horixe erantzun diote ikasle gazteari: Apophis ez da izango mehatxua. NASAK arrazoia izango al du!, bestela...

Oraingoz urruti dagoen asteroide hori, ordea, ez da arrisku bakarra. Hurbil, oso hurbil, baditugu beste mehatxu batzuk....

Sumendi bat erupzioan eta tximista ugari haren inguruan.

Zapaltzen dugun lur honen azpian, adibidez, supersumendiak daude. Ez dira ikusten, baina hor daude. Eta, magma pilatzen ari da haietan; eta puzten ari dira. Presioa jasangaitza izatera iristen denean, lehertu egingo dira, eta lurrazalera botako dituzte arrokak. Horietako sumendi bat AEBko Yellowstone parke ezagunean dago. Lehenago lehertu izan da, eta handik jaurtikitako arrokak Europaraino iritsi ziren. Zer egingo genuke berriz lehertuko balitz?

Ezer gutxi egin dezakegu, egia esan. Ezer egin nahi baduzu, hasteko, ez eragin mehatxurik. Noski, supersumendiak ez dituzu zuk sortu, baina, Lurraren mehatxurik okerrenak guk geuk elikatzen ditugu, eta, hortaz, guk geuk dugu ezer egiteko aukera.



Hainbat tximenia handitatik kea ateratzen da.

Gerrak guk egiten ditugun sarraskien adibide dira. Gerrak odoltsuak dira, eta beti hiltzen da jende asko; gaur egun, gainera, zientzia eta teknika nahikoa aurreratuta daude, eta gerra biologikoak, kimikoak eta nuklearrak egiteko gai gara. Mundu mailako gerra batek zer ondorio izango lituzkeen pentsatzeak zer dakarkizu burura? Agian, guk ere badugu zeresana.

Eta gerrak bezain hilgarriak suerta daitezke kutsadura eta klima-aldaketa, berotegi-efektua, berotze globala, baliabideen gehiegizko ustiaketa, espezie inbaditzaileen ugaritasuna, besteak beste.

Estekak:

Superblogak. Misioa: salbatu Lurra