Dakiguneraino, Lurretik kanpora ez dago bizirik. Eta Lurrean ere, biziaren mirariaz hitz egiten dugu. Izan ere, ez dirudi erraza materia soiletik abiatuta bizia bezalako zerbait sortzeak. Hala ere, gertatu egin zen; baina, zergatik Lurrean?
Behar den tokian eta ongi inguratuta egotea funtsezkoa izan zen Lurrean bizia sortzeko. Hasteko, gure bizitzako izarrari eskertu behar diogu gure existentzia: Eguzkiari, alegia. Superheroi batek ere ez luke topatuko Esne Bide osoan biziarentzako izar aproposagorik. Aproposa da energia asko erradiatu ahal izateko behar bezain handia delako, eta haren tamaina berehala ez ahitzeko behar bezain txikia delako.
Gainera, Eguzkitik distantzia ezin hobera dago Lurra. Adituen arabera, Eguzkitik % 15 urrunago edo % 5 hurbilago egonez gero, ez litzateke bizitzeko leku egokia izango. Gertuago egongo balitz, gehiegi berotuko litzateke, eta ur guztia lurrundu. Begira Artizarrari; Lurraren antzeko tamaina eta konposizioa ditu, baina Eguzkitik gertuago dago (% 27), eta, horren ondorioz, ez da gainazalean ura izateko gai. Guztia lurrundu zen, eta, gaur egun, 470 ºC-ko tenperatura eta Lurrekoa baino 90 aldiz handiagoko presio atmosferikoa ditu. Urrunago berriz, Marte daukagu: han, topatu berri dute ura, azkenean. Baina, distantzia horretan, noski, izoztuta dago.
Lurraren tamaina edo masa ere aproposa da, atmosfera izateko adinakoa baita. Eta atmosferak Eguzkitik nahiz bestelako izarretatik datozen erradiazioetatik babesten du bizia. Eta ez da hori Lurrak duen babesgarri bakarra: metalezko nukleoari esker, eremu magnetiko indartsua du, erradiazioen aurkako ezkutu ikusezin boteretsu bat.
Ilargia ere ez da lagun txarra. Gainerako planeten ilargiekin konparatuta, handia da gure ilargia, eta eragin handia du Lurrarengan. Ilargia gabe askoz azkarrago biratuko luke Lurrak; zortzi ordu iraungo luke egunak. Erritmo horretan, bizirik balego, ez litzateke, seguru aski, gaur bezalakoa izango, eta, gainera, askoz haize bortitzagoak izango lituzke Lurrak.
Lurra burbuila bat da espazioan, kanpoko mehatxuetatik babestuta dago, tenperatura egokia du, ez du haize gogorregirik, eta ur likido ugari du. Non aurkitu genezake bizitzeko toki hoberik!
Estekak: