Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2008

Lehengaia: talentua eta Lur planeta

Hauek dira Teknoskopioa ideia-lehiaketan parte hartzeko arauak:

 

Hamalau urtetik hemezortzira bitarteko neska-mutilok har dezakezue parte Teknoskopioan. DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko edo LHko ziklo ertaineko ikasketak egiten ari bazara, eman izena, eta hasi zuen superheroiaren bloga sortzen!

Zer eskatzen dizuegu?

Blog bat. Superheroi baten bloga sortu behar duzue. Superblog horretan, superheroiak bere burua aurkeztuko du lehenik: izena, bere historia laburra, superbotereak, zer ekipamendu daraman, zer mehatxuri aurre egiten dion, eta, noski, baita bere ‘kriptonitak’ edo gune ahulak zein diren ere. Bloga osatzen hasten zaretenean, mundua salbatzeko proposatzen dituen ekintzak eta abenturak kontatuko dizkigu zuen superheroiak. Gutxienik hiru ideia landu behar dira superblogean, eta horietako bakoitzean azaldu beharko da nola egin dion aurre superheroiak halako egoera edo mehatxuri, eta zer ideia otu zaizkion arazoak konpontzeko. Garrantzitsua da, orobat, jarraitzaileak lortzea eta haien iruzkinak jasotzea eta erantzutea. Eta, bide batez, superheroiak frogatzen badu jarraitzaileei hausnarrarazteko superboterea duela, askoz hobeto!

Antolatzaileek Lurreko biziari buruzko informazio lagungarria prestatu dute. Hor ikusiko dute superheroiek, besteak beste, zein diren egungo mehatxu nagusiak, eta baita zientzialariek mundua salbatzeko proposatzen dituzten hainbat ideia bitxi ere. Pista baliotsuak izan litezke. Hortik aurrerakoa superheroien esku dago. Misioa argia da: mundua salbatzea!

Beraz, hona hemen zer urrats egin behar dituzuen Teknoskopioan parte hartzeko:

  1. Superheroi bat sortu.
  2. Erregistratu eta bloga sortu. Partaide bakoitzak ezaugarri batzuk eman behar dizkio pertsonaiari; besteak beste, hauek:
    • Izena
    • Historia laburra
    • Superahalmenak
    • Ekipamendua
    • Zer mehatxuren aurka borrokatzen den
    • Gune ahulak
    • Beste zenbait
  3. Bloga edukiz hornitu. Gutxienik hiru abentura landu.
  4. Ezagunen artean zabaldu, parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin.

Oharra: Parte hartzaile guztien blogak www.zientzia.net/teknoskopioa helbidean egongo dira ikusgai, ‘Blogak’ atalean, 2008-2009 ikasturtea amaitu arte. Hortik aurrera, blogak ez erakusteko eskubidea izango du Elhuyar Fundazioak. Bestalde, Elhuyar Fundazioak ez du bere gain hartuko blogetan agertzen den edukiaren gaineko erantzukizunik.

Zer sarituko da?

Blogak saritzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  1. Edukia behar bezala prestatuta egotea.
  2. Blogaren egokitasuna eta originaltasuna.
  3. Arazoak konpontzeko proposatutako ideien balioa.
  4. Erabilitako baliabideen aberastasuna eta edukiak zenbateraino landu diren.
  5. Blogak eragin duen parte-hartzea.

Noizko prestatu behar dira blogak?

Urriaren 31 arteko epea dago bloga sortu eta iritziak jasotzeko. Hortik aurrera blogak izango dituen bisitak ez dira kontuan hartuko.

Bloga sortzeko garaian, erregistroa egin beharko da, eta datu hauek eskatuko dira:

  • Ikastetxearen izen ofiziala, helbidea, posta-kodea, udalerria, probintzia, telefonoa eta helbide elektronikoa.
  • Taldearen ardura duen irakaslearen izena.
  • Parte-hartzaileen izenak (3 gehienez).
  • Parte-hartzaileak ikasten ari diren maila.

Epaimahaia

Epaimahaia hainbat pertsonak osatuko dute, besteak beste, ingurumen- eta gizarte-gaietako zenbait adituk eta Innobasqueko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta Elhuyar Fundazioko ordezkariek. 2008ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astean, 2008ko azaroaren 10etik 16ra bitartean, jakinaraziko da zein diren sarituak.

Epaimahaiaren erabakia ezingo da apelatu.

Lehiaketa honetan parte hartzeko, oinarri guztiak onartu behar dira.

Sariak eta sari-banaketa

Sari-banaketa Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astean izango da. Talde irabazleak bideokamera digital bat jasoko du. Bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren taldeek argazki-kamera digital bana jasoko dute.

Zalantzarik?

Zalantzarik edo galderarik baduzue, hauek dira gurekin harremanetan jartzeko bideak:

TEKNOSKOPIOA ideia-lehiaketa
ELHUYAR FUNDAZIOA
Zelai Haundi, 3. Osinalde industrialdea
20170 Usurbil
tel.: 943 36 30 40
teknoskopioa@elhuyar.com


Superblogak. Misioa: salbatu Lurra