Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2008

Lehengaia: talentua eta Lur planeta

Konponbideak



Mehatxuei aurre nola egin. Hortxe dago koska. Mortadelok eta Filemonek "teknologia" eta haien "inteligentzia" zein ingenio berezia erabiltzen dituzte neurri gisa, ur-eskasiak sortu duen egoerari aurre egiteko.

Zuek zer egingo zenukete Lurra mehatxatzen duten arrisku horiek guztiak bukatzeko? Eta zer tresna erabiliko zenukete?

Bruce Willisek buru nuklear bat sartu zion asteroideari, Armageddon filmean, asteroidea birrinduz Lurra salbatuko zelakoan. Baina Bruce Willisek ez du fisika askorik ikasi, dirudienez. Teknikoki posible balitz ere, asteroidea puskatzeak ez luke ezertarako balioko; puskek berriro elkartzera joko luketelako, grabitatearen indarrak erakarrita.

Nola egin dakieke aurre supersumendiei? Lehendabizi, bilatu eta aurkitu egin behar dira: batzuen kokapena ezaguna bada ere, gehiago egon daitezke hor nonbait. Eta aurkituz gero, zer egin? Presio handiegia ez badute, zulatu egin daitezke presio gehiago har ez dezaten... Bruce Willis petrolio-ontziko zulatzaileari dei diezaiokegu orduan!

Kutsadura saihesteko, erabakiak hartu behar dira mundu mailan (ikus zientzialari-talde baten klima-aldaketari buruzko ondorioak); isurketak murrizteko, adibidez. Halaber, sentsibilizazio-kanpainak egiten dira, eta arazoa konpontzeko norberak duen garrantzia azpimarratzen da, behin eta berriro.

Urdaibai naturgune babestua

Bestalde, gune berdeak eta dibertsitate handiko guneak babesten dira, Lurra zaintzeko neurri gisa. Euskal Herrian, adibidez, baditugu babestutako eremuak, natura-parkeak, biotopoak eta baita biosfera-erreserba bat ere.

Lurra mehatxatzen duten gaiekin kezkatuta ageri dira zientzialariak, bereziki gizakiak sortzen dituen mehatxuekin, eta hausnartzen hasita, ideia bitxiak ari zaizkie bururatzen. Zientzialariek eta beste jende batek proposatzen dituzten neurri asko ez dira bideragarriak, ekonomikoki astakeria direlako, baina interesgarriak badira, eta, batzuk, bereziki bitxiak.

Eguzki-energia islatzeko ispiluak espazioan.

Arizona Unibertsitateko Roger Angelek, adibidez, proposatu du, berotze globala saihestearren, Lurra ispilu txikiz estaltzea argia desbideratuko duen estalki bat egiteko. Hala, Lurraren atmosfera are gehiago berotzea eragotziko litzateke. Kalkuluak egiteko, NASAren laguntza jaso du: 10 urtez, 5 minututik behin, espazio-ontzi bat atera beharko litzateke ispilutxoz beteta, estalki osoa eraikitzeko. Suitzako enpresa batek proposatu du, berotze globalaren ondorioz izotz gehiago urtu ez dadin, poloetako izotza krema babesle batez igurztea. Bai, bai, izotzari krema ematea! Dagoeneko probatu dute Andermatteko glaziarrean, Suitzan, eta emaitza onak lortu dituzte.

Gizakiak, beraz, egiten al du bere esku dagoena? Gehiago egin al dezake?

Estekak:

Superblogak. Misioa: salbatu Lurra