Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2008

Lehengaia: talentua eta Lur planeta

Irakaslearentzako jarraibideak

Sarrera

Hamalau urtetik hemezortzira bitarteko neska-mutilek har dezakete parte Teknoskopioan. DBHko bigarren zikloko, batxilergoko eta LHko ziklo ertaineko ikasketak egiten ari diren ikasleentzat prestatutako lehiaketa bat da, eta aurtengoa bosgarren edizioa da. Lehiaketaren helburua ikasleak motibatzea da, eta, horretarako, ikertzaile/asmatzaile/sortzaile bihurtuko ditugu. Teknoskopioa lehiaketa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen baitan antolatzen dugu Innobasque-k, Elhuyar Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Aurtengo Zientzia eta Teknologiaren Astea, seigarrena, azaroaren 10etik 16ra egingo da, eta Lehengaia: talentua eta Lur planeta izango da gaia.

Helburuak

Helburu orokor hauek ditu Teknoskopioak:

  • Zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna eta jarrera ekintzaileak sustatzea gazteen artean.
  • Gaurkotasun zientifiko-teknologikoko gaietan parte hartzera bultzatzea gazteak.

Aurtengo ekitaldi honetan, berriz, berariazko helburu hauek ditu Teknoskopioa lehiaketak:

  • Ikastetxeen eta zientzia- eta teknologia-sistemaren arteko harremanak egituratzea, hurrengo belaunaldietan ikerketa-zaletasuna bultzatzeko eta Euskal Herriko ikerketaren helburuak, jarduerak eta emaitzak zabaltzen laguntzeko.
  • Ingurumenaren aldeko jarrerak sustatzea.
  • IKTen erabilera bultzatzea.
  • EAEko hezkuntza-sisteman zehaztutako oinarrizko gaitasunak garatzen eta aplikatzen laguntzea:
    • Zientzia, teknologia eta osasun-kulturarako gaitasuna
    • Ikasteko gaitasuna
    • Matematikarako gaitasuna
    • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna
    • Teknologia digitala erabiltzeko eta informazioa tratatzeko gaitasuna
    • Gizartean jarduteko gaitasuna
    • Gaitasun artistikoa eta kulturala
    • Autonomia eta ekimen pertsonalerako gaitasuna

Metodologia

Proposatzen dugun ariketan, superheroi bat sortuko dute ikasleek, eta haren azalean jarriko dira. Superheroiaren profila oso ondo definituko dute: batez ere, oso argi geratuko da zeren aurka egingo duen lan superheroiak, zein izango diren haren superbotereak eta zer gune ahul dituen. Ondoren, blog bat sortuko dute, eta edukiz hornituko dute: testuak, artikuluetarako erreferentziak, bideoak, irratsaioetarako loturak, audio-fitxategiak, eta abar. Bloga sortzeko, jo 'bloga sortu' atalera, eta bloga bera nola kudeatzen den ikusteko, jo 'jarraibideetara'.

Beraz, hauek dira aurtengo Teknoskopioan parte hartzeko egin behar diren urratsak:

  1. Superheroi bat sortu.
  2. Erregistratu eta bloga sortu. Partaide bakoitzak ezaugarri batzuk eman behar dizkio pertsonaiari; besteak beste, hauek:
    • Izena
    • Historia laburra
    • Superbotereak
    • Ekipamendua
    • Zer mehatxuren aurka borrokatzen den
    • Gune ahulak
    • Beste zenbait
  3. Bloga edukiz hornitu. Gutxienik hiru abentura landu.
  4. Ezagunen artean zabaldu, parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin.

Arauak

Blogak saritzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  1. Edukia behar bezala prestatuta egotea.
  2. Blogaren egokitasuna eta originaltasuna.
  3. Arazoak konpontzeko proposatutako ideien balioa.
  4. Erabilitako baliabideen aberastasuna eta edukiak zenbateraino landu diren.
  5. Blogak eragin duen parte-hartzea.

Urriaren 31 arteko epea dago bloga sortu eta iritziak jasotzeko. Hortik aurrera blogak izango dituen bisitak ez dira kontuan hartuko.

Oharra: Parte-hartzaile guztien blogak www.zientzia.net/teknoskopioa helbidean egongo dira ikusgai, ‘Blogak’ atalean, 2008-2009 ikasturtea amaitu arte. Hortik aurrera, blogak ez erakusteko eskubidea izango du Elhuyar Fundazioak. Bestalde, Elhuyar Fundazioak ez du bere gain hartuko blogetan agertzen den edukiaren gaineko erantzukizunik.

Bloga sortzeko garaian, erregistroa egin beharko da, eta datu hauek eskatuko dira:

  • Ikastetxearen izen ofiziala, helbidea, posta-kodea, udalerria, probintzia, telefonoa eta helbide elektronikoa.
  • Taldearen ardura duen irakaslearen izena.
  • Parte-hartzaileen izenak (3 gehienez).
  • Parte-hartzaileak ikasten ari diren maila.

Harremanetan jartzeko

Edozein zalantza edo iradokizun izanez gero: teknoskopioa@elhuyar.com

tel. : 943 363 040

Superblogak. Misioa: salbatu Lurra