Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea 2008

Lehengaia: talentua eta Lur planeta

Aniztasuna

Itsasoko izaki primitiboen irudia.

Bizia sortu izana harrigarria da; eta biziak hartutako aniztasuna (biodibertsitatea) ez da gutxiago. Sortu zenetik geldiezina izan da bizia: etengabe ugaritu da, hainbat eta hainbat forma hartu ditu, planeta osoa estali du, eta baita eraldatu ere. Bidea luzea izan da, eta galerak asko eta handiak izan dira. Baina aurrera egin du beti biziak.

Egun dugun biodibertsitatea hain da handia, ezen ez baitakigu zenbatekoa den ere. Kalkuluak egitera ausartu diren ikertzaile batzuen arabera, litekeena da 14 milioi espezie bizitzea Lurrean; baina, 100 milioi ere izan litezke. Eta identifikatutako espezieak ez dira bi milioira iristen, pentsa! Gezurra badirudi ere, ia esploratu gabeko planeta batean bizi gara.

Mikroorganismo ugari.

Mikroorganismoak, esaterako, oso gutxitan hartzen dira kontuan. Eta oso gutxi ezagutzen ditugu. Agian ez dakizu, baina kilo pare bat bakterio daramatzazu gainean. Zure zelula bakoitzeko 10 bat bakterio daude, eta azaleko zentimetro karratu bakar batean 100.000 inguru bizi dira. Bizilekua eta elikagaiak ematen dizkiezu zuk, eta haiek, ordainetan, gorputz-usaina ematen dizute. Pertsona osasuntsu batean 500 espezietik gora bizi dira. Baina, gizakion gorputzean bakarrik ez, edonon daude, baita gutxien espero den tokian ere. Azken finean, ez daramatzate alferrik 3.500 milioi urte planeta honetan!

Biodibertsitatea ikusezina da gizaki arruntontzat. Superbotererik gabe, ezin dugu ez ikusi ez eta imajinatu ere zenbatekoa den. Gainera, biodibertsitatea ez da espezie-kopurua bakarrik. Espezie bakoitzaren barruko dibertsitate genetikoa ere kontuan hartu behar da; eta, gizakiaren kasuan, baita dibertsitate kulturala ere.

Ez da adibide makala gizakiarena. Espezie bakar bat, eta zenbat hizkuntza, erlijio, sinesmen, musika; eta zenbat modu elikatzeko, janzteko, harremanak izateko, pentsatzeko, eta, azken finean, bizitzeko...

Coca-Cola botilak, hizkuntza desberdinetan.

Kultura-aniztasuna ere ez da erraz neurtzen. Hizkuntza-kopurua erabiltzen da maiz aniztasun hori nolabait islatzeko. Ethnologue-ren arabera, munduan 6.800 hizkuntzatik gora hitz egiten dira gaur egun. Euskal Herrian bertan ere gutxienez 100 hizkuntza hitz egiten dira Ikuspegik (Immigrazioaren Euskal Behatokiak) eta UNESCO Etxeak egindako ikerketa baten arabera. Eta zure herrian edo hirian, zenbat entzuten dituzu?

Test pare bat:

Estekak:

Superblogak. Misioa: salbatu Lurra