Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2007

INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIAK

Wikiak

Wikipediako orri baten gainean Wikipediaren ikur diren bola batzuk eta boligrafo bat daude.

Zenbat aldiz sartu zara Wikipedian lanen bat egiteko informazio-bila? Edo, zenbat aldiz agertu zaizu Wikipediarako loturaren bat Google-en hitz bat sartuta? Izan ere, wiki pila badaude ere, Wikipedia entziklopedia askea da handiena eta famatuena. Eta konturatuko zinen Wikipediako edozein artikulutan 'aldatu' aukera agertzen dela. Bada, hori da wikien oinarria: erabiltzaileek modu erraz eta azkarrean edukiak editatu (sortu, aldatu, ezabatu) ahal izatea. Eta horixe da wiki bat: hainbat erabiltzailek edita dezaketen webgune bat. Horregatik, elkarlanerako tresna paregabea dira, hainbat pertsonak dokumentu berean lan egin baitezakete.

Wikiak kolektiboki eraikitzen dira; wiki-komunitateek eraikitzen dituzte. Wikipediak, adibidez, milioika pertsonaz osatutako komunitate bat du. Komunitate horretan pertsona bakoitzak rol bat edo gehiago izan ditzake: Gehienak irakurleak dira: Wikipediara iristen dira, eta bertako artikuluak irakurtzen dituzte. Hala ere, Wikipedia bisitatzen duten batzuk idazle bihurtzen dira, eta artikulu batean zerbait gehitzen dute, edo artikulu berriak idazten dituzte. Bestalde, jende askok editore gisa jokatzen du, eta irakurtzen ari diren orriren batean akatsen bat ikustean, zuzendu egiten dute. Eta, azkenik, Wikipediari ekarpenak eginez denbora bat daramaten erabiltzaileei administratzaile-eskubideak ematen zaizkie. Haiek eskubidea dute orri batzuk ezabatzeko, blokeatzeko...

Baina wiki-komunitate batek nola funtzionatzen duen ikusteko, proba bat egin dezakezu. Zoaz Wikipediara eta aukeratu zure gustuko gairen bat. Irakurri zer dagoen idatzita, pentsatu zer falta den zure ustez, eta gehitu. Azkenik, begiratu denbora batera ea zer gertatzen den zuk idatzitakoarekin. Komunitateak zuk idatzitakoarekin arazorik ez badu, horrela geldituko da. Aitzitik, okerra edo maltzurra bada, ezabatu egingo dute, eta, edizio-akatsik baldin badu, zuzendu.

Egiten diren aldaketa guztiak gorde egiten dira, eta aldaketen berri ematen duen orria ere edonork ikus dezake. Wikipediako 'historia' atalean sartzen bazara, ikusiko duzu zuk egindako aldaketa erregistratu dela. Horrela, norbaitek asmo txarrez informazio okerra sartzen badu edo, beti dago aukera aurreko bertsiora itzultzeko.

Eta Wikipediaz ari gara, baina ez ahaztu ez dela bakarra. Gainera, zuk ere sor dezakezue wiki bat. Esan bezala, elkarlanerako tresna bikaina da; beraz, eskolako kideekin apunteak osatzeko eta taldelanak egiteko erabil dezakezu, edo, zergatik ez, baita lagunekin planak egiteko ere (ikusi beheko bideoa).

Autobus bat. Aurrealdean, WIKI-WIKI izena darama.

Wikiak oso gauza sinplea dira azken finean, eta horregatik izan dute, seguru asko, hainbesteko arrakasta. Lehenengo wikia sortu zuen Ward Cunningham-ek ere hala definitu zuen: "funtziona dezakeen on line datu-baserik sinpleena" (the simplest online database that could possibly work). Izena ere hark jarri zion, azkar-azkar esan nahi duen hawaierako wiki wiki esamoldea hartuta. Ez dago gaizki jarria, wikietan dena erraz eta azkar egiten da eta.

Wikiei buruzko informazio gehiago aurki dezakezu esteka hauetan: