
Interneten ibiltzen bazara, konturatuko zinen 2.0ak alde guztietan daudela. Baina, ba al dakizu zer esan nahi duen zenbaki zehatz horrek? Bertsioren bat, edo? Ba ez... edo bai, baina baita hori baino askoz gehiago ere. Interneten bigarren belaunaldiak Web 2.0 izena hartu du —O'Reilly Mediak proposatutako terminoa—, eta, izenak ez ezik, belaunaldi horrek berak arrakasta izugarria izan du. Horregatik dabiltza 2.0ak bolo-bolo.
Izan ere, jendearen parte-hartzean eta informazio-trukean oinarrituak dauden web-zerbitzuek osatzen dute Web 2.0. Web gune eta atari tradizionaletan, haietako editoreek edo webmasterrek lantzen dituzte edukiak, eta erabiltzaileak kontsumitzaile soilak dira. Hau da, egunkari batek, adibidez, bere webgunean bere berriak jarriko ditu, eta zuk berri horiek irakurri ahal izango dituzu, eta kito, hor bukatzen da web gune tradizionalen bidea. Web 2.0ren kasuan, berriz, zuk irakurri duzun berriari buruzko iritzia eman ahal izango duzu, besteena ezagutu, eta, are gehiago, zu zeu izan zaitezke kazetari eta nahi dituzun berriak eman, edo beste batek idatzi duena osatu, zure jakintza besteenari gehituz. Horrela, esan daiteke Web 2.0 gune sozial bat dela, non edonork bere lekua izan dezakeen. Guztiok izan gaitezke eduki-sortzaile WEB 2.0an.


Erabiltzaileak dira, beraz, Web 2.0ren bihotza, eta, parte-hartzea, komunikazioa, trukea eta kolaborazioa arima. Eta, noski, horri guztiari gorputza emateko, ezinbestekoak dira hainbat tresna: RSSak, wikiak, blogak...
Web 2.0ri esker, komunikazioa ireki egin da sarean, eta horrek, besteak beste, askatasuna ekarri du. Lehen, informazioa gutxi batzuek maneiatzen zuten, baina orain, ia edonork komunikabideek adina indar izan dezake. Lehen irentsi soilik egin zitekeen informazioa, orain, kontrastatu egin daiteke, jendearen iritzia ezagutu eta nork berea eman, publizitate engainagarriari aurre egin, eta abar. Azken finean, informazioaren demokratizazioa ekarri du Interneten belaunaldi berriak.
Informazio gehiago nahi baduzu, hona hemen beste esteka batzuk:
Mezu berrienak
Erantzunak