Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2007

INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIAK

IKT tresnak

IKT izenak ezer esaten ez badizu ere, ondo asko dakizu zer diren, seguru gaude-eta horietako mordo bat erabiltzen dituzuna. Adibidez, etxean telebistarik duzu? Patrikan mugikorrik daukazu?

Auto moderno bat

Autoan irratirik entzuten duzu? Eta kalean, mp3 batez musikarik entzuten duzu? Inoiz ikusi al duzu agenda elektronikorik?

Ikastetxean arbela digitalik erabiltzen duzu? Ordenagailurik? Horietako galderaren bati BAI erantzun badiozu, IKT-tresnaren bat erabili duzun seinale. Aipatutako horiez gainera, hauek ere IKT-tresnak dira: lurreko telebista digitala, PDAk, faxa, bideoa, DVDa, hari musikala, pertsona-bilagailua, Interneterako sarbidea...

belauniko egonda ere, ordenagailuan aritzen da hau. Eta zuk, probatu duzu inoiz hankako behatzaz ordenagailua pizten?
neska honek albo batera darama irrati puska: ez al daki walkmana aspaldi asmatu zela?
hiru poxpolin daude zutik gela huts batean. Eta hirurek telefono bana dute eskuan: lagunak alboan edukita, ez al da hobe haiekin hitz egitea?

Informazioaren eta komunikazioaren gizarte honetan, funtsezkoa da informazioa eskura izatea eta informazio hori batetik bestera igarotzea. Eta, horretarako, tresnak garatzen ari dira etengabe. Komunikazioa erarik eraginkorrenean gertatzeko. Informazioa ahalik eta azkarren iristeko. Ahalik eta merkeen. Ahalik eta jende gehienengana.

Tresna egokiak egitea erronka bat da, eta tresnagileek dirua inbertitzen dute ikerketan, ideia berriak garatzen. Modelo bat merkaturatu, eta hurrengoa dute buruan. Aurrekoa baino hobea, beste zerbait gehiago egiten duena.

Tresnak segituan geratzen dira zaharkituta. Begiratu hemen lehen telefono mugikorra nolakoa zen; 24 urte ditu! Zuri, beharbada, asko irudituko zaizkizu 24 urte, baina galdetu, galdetu zure aitona-amonei nolakoak ziren haien garaiko telefonoak!

Gune hauetan egunerokoak ditugun tresna batzuen historia aurkituko duzu, sortu zirenetik gaur egunera artekoa. Eta, batzuetan, etorkizunean nolakoak izango diren ere esaten da...

  • Lurreko telebista digitalari buruz Jurgi delako batek idatzitako artikulu labur bat: "heldu da lurreko telebista digitala". Gainera, iruzkinetan, LTDari buruzko informazio gehiago non jaso esaten du.
  • Inolako haririk erabili gabe 1898an egin zen lehen transmisio hartatik, irratiaren historia nolakoa izan den irakur dezakezu.
  • Telebistaren etorkizunari buruz ari da 12 urtez telebistarako lanean aritu den pertsona bat: etorkizunean telebista nolakoa izango den, edo nolakoa izan daitekeen esaten du.
  • Internet gauza berria zela pentsatzen zenuen? Bada, hori garatzeko, gauza asko behar izan zen lehenago! Irakur, irakur ezazu Interneten historiaren inguruan!
  • Gaur egun, garai batean baino IKT-tresna gehiago dago, jende gehiagok erabiltzen ditu, eta azkarragoak dira. Gainera, lehen pentsaezinak ziren gauzak egiteko aukera ematen dute. Adibidez, badira zaporea hartzen uzten duten ordenagailuak. Zer asmatuko dute hurrena, pixa egiten duzun bitartean argaldu zaren ala ez jakiteko modua? A, ez! Hori ere asmatuta dago (ikus "Japanese Masters Get Closer to the Toilet Nirvana")!
  • Hurrengo orrietan asmatuta dauden hainbat bitxikeria aurkituko duzu. Beno, bitxikeriak orain; beharbada, bihar gauza arruntak izango dira. Zer pentsatuko ote zuten telefonoa ikusi zuten lehenengo haiek? Zuen txakurrak zer esaten dizun jakin nahi? Orduan itzultzaile bat beharko duzu.
  • Galduta zabiltzala Tokion edo munduko bazterrik ezkutuenean? Zabaldu aterkia, murgildu sarean eta mapari jarraitu; hala, argazkia atera eta betikotu momentua. Japonen giltzarik ez duzu behar telefonoa baldin baduzu.
  • Telefono mugikorrek gauza gutxi eskaintzen dutela pentsatzen baduzu, lasai, segituan izango baituzu ukimena integratuta duen sakelekoa. Sinesten ez baduzu, sartu eta begiratu hiru dimentsioko telefonoari.

Eta gogoratu: tresna zaharrak berrerabili eta birziklatu egiten dira!

Blogak

Mezu berrienak

Erantzunak