Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2007

INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIAK

Sarrera

Gizakiaren jarduerak beharrezkoa du informazioa. Egiten duen lanean, lana edozein delarik ere, gizakiak informazioa behar du, datuak prozesatu egin behar ditu, eta, maiz, informazio hori gainerakoei helarazi behar die, hau da, komunikatu egin behar du. IKTek informazioa ematen digute; informazio horretaz baliatzeko tresnak eskaintzen dizkigute; informazioa gordetzeko, berreskuratzeko eta forma desberdinetan aurkezteko aukera ematen digute; eta, gainera, komunikatzeko bide berriak eskura jartzen dizkigute. Ikasteko tresna paregabea ere badira, euskarri berri eta erakargarriez ikasketa erraztu egiten baitute. Beste alde batetik, ordea, teknologiak ezagutzen dituztenen eta ez dituztenen arteko aldea nabarmen handitu dute IKTek. Arraildura teknologikoa deitu zaio fenomeno berri horri, eta giza komunitateen bazterketa eragiten du.

IKTen adibide dira arbel digitala, GPSa, telefono mugikorra, webak, podcastak, wikiak, eta, noski, blogak. Eta horixe da, hain zuzen ere, aurtengo Teknoskopioa ideia-lehiaketako partaideek egin beharko dutena, blog bat. Interesgarria den edo eztabaida sortzen duen gai bat aukeratu beharko dute, zientziarekin edo teknologiarekin zerikusia duen edozein gai. Baina gaiak interesgarria izan beharko du zinez, eztabaida sortu eta jendeak blogean iritzia ematea lortu beharko dute eta. Medikuntzan egiten diren probetarako animaliak erabiltzeari buruz, teknologia berriek sor dezaketen bazterketari buruz, zientzia eta erlijioaren artean dagoen erlazioari buruz... zientziari eta teknologiari loturiko edozein gaiari buruz eztabaida daiteke.

IKTak zer eta zein diren hobeki ezagutzeko, eta gaia aukeratzen laguntzeko, material lagungarria prestatu dugu.

IKTak zer diren argi geratu ez bazaizu, ondorengo orrietan aurkituko duzu informazio gehiago:

Teknoskopioa

Teknoskopioa Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat prestatutako ideia-lehiaketa bat da, eta aurtengoa laugarren edizioa du. Lehiaketaren helburua ikasleak motibatzea da, eta, horretarako, ikertzaile/asmatzaile bihurtzen ditugu. Teknoskopioa ideia-lehiaketa Zientzia eta Teknologiaren Astearen baitan antolatzen dugu Saretek-ek, (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren euskal sarea), Elhuyar Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta Miramon Zientziaren Kutxaguneak ere parte hartzen du. Aurtengo Zientzia eta Teknologiaren Astea, seigarrena, azaroaren 5etik 11ra egingo da, eta IKTak izango ditu ardatz.