Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2007

INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIAK

RSS Jarioak

RSS jarioen ikurra hiru dimentsiotan.

Internetzalea bazara, seguru asko jakingo duzu RSS jarioak zer diren. Baina RSSak zer diren ez badakizu eta Interneten orduak pasatzen badituzu zure gustuko web guneetan nabigatzen, jakin ezazu denbora mordoa ari zarela alferrik galtzen...

RSSa fitxategi bat besterik ez da, XML kodean idatzia. Eta fitxategi horri esker, informazioa partekatzea oso erraza da eta web gune bateko informazioa beste web gune batera pasa daiteke. Horri sindikazioa deitzen zaio.

Baina zein da horren balio praktikoa? Bada, zure web gune gogokoenetan harpidetu zaitezkeela, eta zuzenean jasoko duzula haietan gehitzen den eduki berri guztia web gunez web gune zer berri dagoen begira ibili beharrik gabe.

Blogen eztandarekin, garrantzi handia hartu dute RSS jarioek. Izan ere, alde batetik, blogak egiteko erabiltzen diren softwareek automatikoki sortzen dituzte RSS jarioak. Eta, bestalde, hainbeste blog egonik, haien jarraipena egiteko oso baliagarriak dira.

RSS jarioen bidez blogen eta bestelako web guneen jarraipena egiteko jario-irakurgailu bat behar da. Jario-irakurgailua zure ordenagailuan eduki dezakezu, edo on line dagoen programa edo aplikazio bat da; eta bertan ikusi ahal izango duzu harpidetuta zauden web guneetan zer berri dagoen.

Diagrama bat. Blogak, wikiak, podcastak, bideoak eta abar ordenagailu batekin lotuta daude bi noranzkoko geziekin: ordenagailutik ateratzen den geziak sindikazioa dio, kontrako noranzkoan bilketa dago.

RSSak, gainera, bidea ireki die podcast-ei eta bideocast-ei ere. Podcast-ak RSS bidez banatzen diren audio-fitxategiak dira. Irratsaio moduko batzuk izan ohi dira, baina irrati batean emititu beharrean RSS bidez banatzen dira. Horrela, zuk nahi duzunean zure ordenagailuan edo mp3-irakurgailuan entzuteko aukera izango duzu.Gainera, programa berri bat dagoenean, zure jario-irakurgailuan ikusi ahal izango duzu. Bideocast-a ere gauza bera da, baina audio-artxiboen ordez, bideo-artxiboekin.

Beraz, badakizu, RSS-jarioak erabiliz leku bakarrean izan dezakezu nahi duzun web gune guztietako azken informazioa.

Hona hemen gaiaren inguruko esteka batzuk:

Blogak

Mezu berrienak

Erantzunak