Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2007

INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIAK

IRAKASLEARENTZAKO ORIENTABIDEAK

Sarrera

Teknoskopioa Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat prestatutako ideia-lehiaketa bat da, eta aurtengoa laugarren edizioa du. Lehiaketaren helburua ikasleak motibatzea da, eta, horretarako, ikertzaile/asmatzaile/sortzaile bihurtuko ditugu. Teknoskopioa ideia-lehiaketa Zientzia eta Teknologiaren Astearen baitan antolatzen dugu Innobasque-k, (Berrikuntzaren euskal agentzia), Elhuyar Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta Miramon Zientziaren Kutxaguneak ere parte hartzen du. Aurtengo Zientzia eta Teknologiaren Astea, seigarrena, azaroaren 5etik 11ra egingo da, eta IKTak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) izango ditu ardatz.

Helburuak

2007ko Teknoskopiorako landutako edukien helburuak hauek dira:

  1. IKTen inguruko ezagutza zabaltzea.
  2. Blog bat martxan jartzen ikastea.
  3. Gizartearentzat interesgarriak diren zientzia- edo teknologia-gaien inguruan eztabaida eta iritzi-ematea sustatzea.

Metodologia

Proposatzen dugun ariketan, gizartean eztabaida pizten duen zientzia- edo teknologia-gai bat hautatuko dute ikasleek. Ondoren, gai hori lantzeko blog bat sortuko dute, eta edukiz hornituko dute: testuak, artikuluetarako erreferentziak, bideoak, irratsaioetarako loturak, audio-fitxategiak etab. Bloga sortzeko, jo 'bloga sortu' atalera, eta bloga bera nola kudeatzen den ikusteko, jo 'jarraibideetara'.

Edukien artean garrantzi berezia du parte-hartzaileek beren blogean plazaratuko duten inkestak. Izan ere, kezka sortzen duten gaien inguruko iritziak biltzea da 2007ko Teknoskopioaren helburuetako bat, eta blogetan informazioa eskainiko da, iritzia emango dutenek irizpidea izan dezaten.

Beraz, hauek dira aurtengo Teknoskopioan parte hartzeko egin behar diren urratsak:

  • Gizartean kezka sortzen duen zientzia- edo teknologia-gai bat hautatu.
  • Gaia landu: testuak prestatu, bideoak bilatu, audioak, irudiak...
  • Erregistratu eta bloga sortu
  • Bloga edukiz hornitu
  • Inkesta sortu blogean
  • Ezagunen artean zabaldu, parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin.

Arauak

Blogak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke.

Blogak saritzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  1. Edukia ondo landuta egotea.
  2. Gaiaren zein blogaren originaltasuna eta egokitasuna.
  3. Erabilitako teknologiak.
  4. Blogak lortutako parte-hartzea.

Urriaren 31 arteko epea dago bloga sortu eta iritziak jasotzen joateko. Hortik aurrera blogak izango dituen bisitak ez dira kontuan hartuko.

Oharra: Parte-hartzaile guztien blogak www.zientzia.net/teknoskopioa helbidean egongo dira ikusgai, 'Blogak' atalean, 2007-2008 ikasturtea amaitu arte. Hortik aurrera, blogak ez erakusteko eskubidea izango du Elhuyar Fundazioak. Bestalde, Elhuyar Fundazioak ez du bere gain hartuko blogetan agertzen den edukiaren gaineko erantzukizunik.

Bloga sortzeko garaian, erregistroa egin beharko da, eta datu hauek eskatuko dira:

  • Ikastetxearen izen ofiziala, helbidea, posta-kodea, udalerria, probintzia, telefonoa eta helbide elektronikoa.
  • Taldearen ardura duen irakaslearen izena.
  • Parte-hartzaileen izenak (4 gehienez).
  • Parte-hartzaileak ikasten ari diren maila.

Harremanetan jartzeko

Edozein zalantza edo iradokizun izanez gero: teknoskopioa@elhuyar.com

tel. : 943 363 040

Blogak

Mezu berrienak

Erantzunak