Web 2.0ko izarrak blogak, wikiak eta RSS jarioak izan daitezke, beharbada. Baina ez dira bakarrak. Badira beste hainbat tresna eta aplikazio ere arrakasta handia izan dutenak.

Izarren artean jar daitezke, adibidez, Flickr eta, nola ez, YouTube. Argazkiak eta bideoak partekatzeko tresnak dira. Edonork jar ditzake bere argazkiak Flickr-en eta bideoak YouTube-n, eta noski, ikusi ere, edonork ikus ditzake; baita iritzia eman ere. Gainera, etiketen bidez markatzen dira irudiak eta bideoak, eta horrela askoz errazagoa da gero bakoitzari interesatzen zaiona aurkitzea. Eta, denetarik aurkitu daiteke: zure musikaririk gogokoenaren bideo bat ikusi nahi duzu? Seguru YouTuben badagoela; eta, gutxien espero duzunean, baita zure auzokoaren bideoren bat ere... Azken asteotan, gainera, Interneteko euskal bideosormenaren erreferente nagusi bilakatzeko asmoarekin jaio da Euskaltube.com, Youtube-ren euskal klona, beste modu batera esanda.

Beste tresna bat Del.icio.us da. Laster-markak edo estekak gordetzeko eta etiketatzeko tresna bat da. Zure ordenagailuko nabigatzailean izango duzu, ziurrenik, zure laster-marka gogokoenen zerrenda bat, ezta? Bada, Del.icio.us-ek aukera hori eskaintzen dizu, baina web-zerbitzu bat denez, edozein ordenagailutatik sartuta ere hor izango duzu eskuragarri. Gainera, esteka horiek besteekin partekatzen dira, eta etiketa edo tag-ei esker jakin dezakezu gai jakin baten inguruan jendeak zer esteka dituen gordeta.
Antzeko zerbait gertatzen da Tagzania-rekin. Baina, kasu horretan, leku fisikoak etiketatzen dira. Hau da, Google Maps-en leku jakin bati etiketa bat jarri diezaiokezu, leku hori deskribatzeko, argibideak emateko, eta abar. Horrela, interesatzen zaizkizun lekuen mapa bat sor dezakezu, bisitatu behar duzun lekutik gertu zer dagoen begiratu, jendeak etiketatutako leku interesgarriak ezagutu edo sagardotegiak non dauden jakin.

Zure ordenagailuan dituzun hainbat oinarrizko programa eta aplikazioren antzekoak on line erabiltzeko aukera ere badago. Zoho-k eta Google Docs-ek, adibidez, testu-editoreak, kalkulu-orriak, aurkezpenak egiteko aplikazioak, datu-baseak, egutegiak, agendak eta abar eskaintzen dituzte. Eta eyeOs-ek, berriz, ordenagailuko idazmahai oso bat eskaintzen du. Zerbitzu horiei esker, zure disko gogorra erabili beharrik gabe lan egin dezakezu, eta beraz, edozein ordenagailutatik. Alde txar bat dauka: dokumentu horien kontrola ez dagoela zure esku, zerbitzari batean gordetzen baitira. Printzipioz, zerbitzua ematen dutenek ziurtatzen dute dokumentu horiek ez direla ezertarako erabiliko, baina, horrelako kontuekin mesfidati samarrak izaten gara, ezta? Baina, tira, zuk zeure pasahitza izango duzu dokumentu horietara sartzeko, eta hori bai, nahi duzunari eman diezaiokezu dokumentu horiekin lan egiteko baimena. Horrela, talde-lanerako ere oso tresna egokiak dira.
Aukera ugari Interneten belaunaldi berria ekarri dizkigunak, ezta? Eta aipatu ez ditugun beste asko daude, baina horiek zure kabuz aurkitu beharko dituzu. Hortxe daude guztiak, begiratu nahi duenarentzat...
Mezu berrienak
Erantzunak