Harrigarria da, benetan, blogen fenomenoa. Azken urteotan, ikaragarri hazi dira blogak, eta, gaur egun, egunaren segundo bakoitzeko ia blog eta erdi sortzen da, bataz beste. Beno, agian ez da hain harrigarria, kontuan izanik blog bat egitea edozeinen eskura dagoela, eta oso erraza dela, gainera.

Blog hitzak ez du beste esanahirik, eta blogak bezain berria da. Ba al dakizu nondik datorren? 1997an Jorn Barger blogari aitzindariak 'weblog' terminoa erabili zuen 'sarean idaztea' ('loggin the web') adierazteko. Hortik abiatuta, Peter Merholz-ek 'we blog' hitz-jokoa egin zuen bere blogean, eta orduan sortu ziren izen eta aditz berriak.
Blogak berrienetik zaharrenera ordenatutako sarreraz, edo 'post'-ez, osatutako web guneak dira. Post horietan, testuaz gain, irudiak, bideoak, audioak eta abar ere sar daitezke. Blog batean sartzean post-en zerrenda ikusiko dugu, beraz, berrienetik hasita. Baina post bakoitzak bere orria eta helbidea ere izango ditu, eta, horri 'permalink' deitzen zaio.
Blogak egile bakar batek eginak izan daitezke, edo hainbat egileren artean eginak. Eta nork bere blogean nahi duena argitara dezake, askatasun osoz: albisteak, iritziak, argazkiak... Horrez gainera, normalean, jendeak erantzuteko edo iruzkinak egiteko aukera eskaintzen dute blogek, baita sortutako informazioa jario bidez jasotzeko ere. Horregatik, oso gune dinamikoak izan ohi dira. Eta jendeak iruzkinak egin ditzakeenez, eta egileek haiei erantzun, askotan, antzeko interesak dituztenen arteko komunitate moduko zerbait bihurtzen dira.
Blogen ezaugarrien artean badira beste bi, blogen izaera soziala azpimarratzen dutenak. Bat 'blogroll'-a: beste blogen estekak dituen zerrenda. Eta, bestea, 'trackback'-a; horri esker blogari batek jakin dezake bere blogeko loturaren bat jarri dutela beste blog batean. Horrela, azkenean, blogen arteko sare bat sortzen da, eta sare horri blogosfera deitzen zaio.

Zuk ere blogosfera horren parte izan nahi baduzu, Teknoskopioak aukera paregabea eskaintzen dizu. Zerbait kontatzeko duen edonork egin dezake blog bat. Beraz, badakizu hartu lagun batzuk, pentsatu zer konta dezakezuen eta aurrera!
Blogen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, hemen dituzu esteka batzuk:
Mezu berrienak
Erantzunak