
Gaur egun, energia-hornikuntza erregai fosilen errekuntzan oinarritzen da batik bat. Petroliotik ateratzen dugu autoetarako, autobusetarako eta hegazkinetarako erregaia. Gas naturala errez sortzen dugu elektrizitatea, etxean janaria prestatzeko, gauez argia izateko eta ordenagailua erabiltzeko. Eta gasa erretzen dugu iturria ireki eta ur beroa izateko.
Erregai fosil horiek ez dira agortezinak, ordea. Are gehiago, luze baino lehen izango dira 'merke' ustiatu ahal izateko baino urriago; luze baino lehen, eskariak eskaintza gaindituko du. Eta gaur egun dagoeneko nazioarteko gatazken iturri badira, pentsa orduan.
Energiaren ekuazio konplexu horri ingurumena erantsi behar zaio, gainera. Izan ere, zantzu guztien arabera, erregai fosilak erreta klima-aldaketa eragiten ari gara. Atmosferara isurtzen ditugun gasek berotegi-efektua areagotzen dute, eta 100 urtean Lurraren batez besteko tenperatuta 6 ºC-raino igo daitekeela iragartzen dute aurreikuspenik okerrenek.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da erregai fosilak ordezkatuko dituzten iturriak gehiago garatu eta erabiltzea. Eta horri heldu nahi diogu 2006ko Teknoskopioan. Aurten, Teknoskopioak energiaren inguruan jarriko ditu lanean ikasleak, eta, besteak beste, gaiaren alderdi hauek landuko dituzte: energia-iturriak, energia berriztagarriak, erregai fosilekiko mendekotasuna, kontsumoa, energia-baliabideak. Teknoskopioak jarri dien ariketaren bidez, ikasleek beren herriko hornikuntza energetikoa diseinatuko dute, erregai fosilik gabeko testuinguruan.
Jakitun gara gai konplexua dela energiarena, eta, horregatik, ariketa egin ahal izateko material didaktiko osagarria prestatu dugu. Ikus landutako edukiaren kontzeptu-mapa.

Teknoskopioa Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat prestatutako ideia-lehiaketa da, eta aurtengoa hirugarren edizioa du. Lehiaketaren helburua ikasleak motibatzea da, eta, horretarako, ikertzaile/asmatzaile bihurtzen ditugu. Teknoskopioa ideia-lehiaketa Zientzia eta Teknologiaren Astearen baitan antolatzen dugu Saretek-ek, (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren euskal sarea), Elhuyar Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta Miramon Zientziaren Kutxaguneak ere parte hartzen du. Aurtengo Zientzia eta Teknologiaren Astea, bosgarrena, azaroaren 6tik 12ra egingo da, eta Energia izango du ardatz.