Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2006

ENERGIA


Ordezko energia-iturriak

Ordezko energien eskema grafikoa

Ordezko energia-iturriak azaldu aurretik, zeren ordezkoak diren eta ordezko energia-iturri horiek zergatik diren garrantzitsuak azaldu beharko dugu.

Izan ere, ordezko energia-iturriez ari garenean, erregai fosilen ordezko energia-iturriez ari gara.

Gure energia-baliabideak erregai fosiletan oinarritzen dira: petrolioa, harrikatza, gas naturala, etab. Hain zuzen, gure energia-beharraren % 80 erregai fosilak erabiliz asetzen dugu.

Baina erregai fosiletan oinarritutako energiak bi arazo larri ditu. Bata, epe ertainean erregai fosilak agortu egingo direla; eta, bestea, erregai fosilen erabilerak izugarrizko kalteak eragiten dizkiola ingurumenari. Bada, irtenbide egokiak aurkitu behar ditugu.

Erregai fosiletan oinarritutako energia-ekoizpena merkea dela esaten da. Erregaiak ekoizteko, garraiatzeko eta erabiltzeko azpiegiturak mende oso batean zehar garatu dira, eta gure eguneroko bizitza horretara egokituta dago.

Prestige hondoratzen

Baina gure elektrizitate-fakturan eta ekoizpen horren gastuetan ez dira azaltzen beste zeharkako kostu garrantzitsu eta nabarmen batzuk. Adibidez, harrikatza edo petrolioa erretzean sortutako aire-poluzioak eragindako osasun-arazoak, harrikatza ustiatzean lurrari eta meatzariei eragindako kalteak, petrolioa garraiatzean eragindako marea beltzak, ur-poluzioa, euri azidoa, etab. Eta, zoritxarrez, zer esanik ez erregai-baliabideen kontrola eskuratzeko sortutako gerra eta presio politikoak.

Ikus EEE-ren ikasgela didaktikoko hidrokarburo-hobien azalpena

Ikus EEE-ren ikasgela
didaktikoko hidrokarburo-
hobien azalpena

Gogoan izan harrikatzez sortutako elektrizitate kWh bakoitzeko 0,06 kg CO2, 1,33 SO2 eta 1,67 NOx sortzen direla. Energia berriztagarriak egoki erabiliz, berotegi-efektuaren, euri azidoaren edo ozono-geruza zulatzearen eragile diren gas toxikoen isuria geldiaraz dezakegu.

Eta, zer egin gure garraio-sistemarekin petrolioa bukatzen denean? Elektrizitatez dabilen trena kenduta, ia gure garraio-sistema guztia petrolioan oinarritzen da. Eta petrolioa epe nahiko laburrean agortuko da.

Energia-iturri berriztagarriak eta ez-berriztagarriak

energia berriztagarrien Collage-a

Ordezko energia-iturriez ari garela, eztabaidagarria da fisio nuklearra aipatu edo ez aipatu. Dena den, argi dago energia nuklearra erregai fosilen ordezko energia-iturria dela.

Energia berriztagarriak naturak etengabe berritzen dituen energia-iturriak dira, hots, gizakien biziraupenean behintzat agortuko ez diren energia-iturriak.

Berriztagarritasunari dagokionez, hortaz, fisio nuklearraren energia ez da berriztagarritzat jotzen. Izan ere, erregai gisa uranioa edo torioa behar du, eta uranioa edo torioa baliabide mugatua dira.

Dena den, teknikak aurrera egin ahala, erregai erabiliak berrerabiliz, etab. esan liteke dozenaka milaka urterako erregaia dugula. Beste kontu bat da, dituen eragin negatiboak direla eta, ahalik eta energia nuklear gutxiena erabiltzeko ahalegina egin beharko ote genukeen edo ez.

Gaur egun, Frantzian ekoizten den energiaren % 6,2 energia berriztagarrietatik edo hondakinak berrerabiltzetik dator, eta Espainian energiaren % 6,9 (elektrizitatearen % 11,6 eta % 22 hurrenez hurren).

Hego Euskal Herriari dagokionez, EAEn ekoitzitako elektrizitatearen % 3,5 energia berriztagarrien bidez sortu da. Nafarroa, aldiz, aitzindaria da ordezko energia-iturrien erabileran. Azken urteetan indar handia eman zaie ordezko energia-iturriei, batez ere energia eolikoari, eta gaur egun elektrizitatearen % 65 energia-iturri berriztagarriak erabiliz sortzen da.

Munduko mapa gauez. NASA

Estatu bakoitzak erabakitzen ditu ordezko energien inguruko helburu eta politikak. Hala, Frantziak 2010erako elektrizitatearen % 21 energia-iturri berriztagarriak erabiliz ekoizteko helburua du, eta Espainiak % 30,3 ekoiztekoa.

Horretarako, martxan dituzte laguntza-politikak (Frantziako laguntzak eta Espainiako laguntzak).

Ordezko energia-iturriek zenbateraino ordezka ditzakete erregai fosilak? Gurean, Frantziak, elektrizitate-kontsumoari mugak jarri beharrean, energia nuklearraren aldeko apustu nabarmena egin du.

Baina batzuen ustez askoz gehiago egin daiteke energia berriztagarrien alde. Greenpeace-ren arabera, posible izango litzateke 2050ean Espainiako energia-beharrizan guztiak energia-iturri berriztagarrien bidez asetzea (Greenpeace 2050).

Etorkizuneko energia-beharrak ez dira energia-iturri bakar batekin aseko. Gure baliabide naturalak agortzen ez dituzten eta ingurugiroari kalterik eragiten ez dieten teknologiak uztartu behako dira.

Thomas Alba Edison

Gogora dezagun Thomas Alba Edisonek (aitzindari izan zen elektrizitatearen garapenean) 1916an esaten zuena:

"Ohar zaitezte, naturaren indarra erabili eta elektrizitate guztia horrela lortu beharko genuke. Eguzkia energia-mota bat da, eta haizea edo itsas korronteak energia horren adierazpenak. Erabiltzen al ditugu? Oh, ez! Basoak eta harrikatza erretzen dugu, maizterrek gure etxeko ate nagusia sua egiteko egur gisa erabiltzen duten bezala."

Puzzletek