Gaur egungo energiaren ekonomia erregai fosiletan oinarritzen da. Izan ere, gure energia-beharren % 80 erregai fosiletatik asetzen dugu.
Erregai fosilen inguruan azpiegitura handiak garatu dira: produkzioguneak, gasbideak, petrolio-hodiak, petroliontzi handiak, fintzeguneak, milaka zisterna-kamioi, gasolindegiak, etab.
Baina erregai fosilak agortu egingo dira epe ertainean, eta oso poluitzaileak dira. Beste irtenbideren bat aurkitu behar da, baina oso zaila da erregai fosiletan oinarritutako ekonomiatik ordezko energia-iturrietan oinarritutako ekonomia eta bizimodura pasatzea.
Eta aldaketa hori are zailagoa da ibilgailuen kasuan. Izan ere, gaur egun, ibilgailuen % 97 erregai fosilen energiarekin dabiltza!

Elektrizitatea sortzeko ordezko energia-iturriak erabilita eta energia aurrezteko neurriak indartuta ere, nola egin behar da gaur egungo ibilgailuek erregai fosilak ez diren beste bitartekoren bat erabiltzeko?
Bide bat motor-bioerregaiak indartzea da; biomasa berriztagarrian oinarritutako etanola edo biodiesela indartzea. Horrek abantaila handi bat dauka, hots, gaur egungo azpiegituraren zati handi bat berrerabil daitekeela. Hala, autoetako motorrak ez dira aldatu behar, eta gaur egungo zisterna-kamioiak edo gasolindegiak erabil daitezke banaketa-sistema gisa.
Dudarik gabe, elektrizitatea erabiltzea litzake beste bide bat. Baina autoek energia handia behar dute, eta elektrizitate-energia hori metatzeko bide bakarra bateria kimikoak dira. Eta bateria kimikoak pisutsuegiak eta handiegiak dira. Konturatu tren edo tranbia elektrikoek uneoro sare elektrikora konektatuta egon behar dutela.
Hortaz, posible da gure autoak erregai fosilik gabe erabiltzea? Badago beste irtenbiderik? Bada, askoren ustez, hidrogenoak ordezka ditzake erregai fosilak ibilgailuetan, eta erregai-pilek elektrizitatea sortuko dute hidrogeno horretatik eta auto elektrikoa elikatuko dute.

Hidrogenoa energia handiko elementua da. Espazio-ontziek hidrogenoa erabiltzen dute koheteak elikatzeko. Eta hori ez da onena. Izan ere, hidrogenoa erre eta hidrogenotik elektrizitatea lortzen denean, hidrogenoak aireko oxigenoarekin erreakzionatzen du eta ura besterik ez du isurtzen.
Hidrogeno piloa daukagu gure inguruan. Hidrogenoa elementu kimikorik sinpleena da, eta, gainera, Unibertsoko elementu ugariena da. Lurrazalean ere hirugarren elementurik ugariena da. Baina, zoritxarrez, inguruan ez dago hidrogeno-gasa lortzeko biderik. Hidrogenoa beste elementu batzuekin elkartuta baino ez dago. Hala, hidrogenoa uretatik (H2O) eta osagai organikoetatik (bereziki hidrokarburoetatik) ekoizten da.
Hortaz, nahiz eta hidrogenoa oso energia-iturri ona izan, energia-iturri gisa aipatzen denean, ENERGIA METATZEKO bitarteko gisa aipatu behar da.
Bestelako energia-iturriak erabiliz hidrogenoa ekoitziko dugu. Izan ere, hidrogenoa oso bitarteko garbia eta erabilgarria da, eta, hidrogenotiko energia erabiltzen denean, hondakin bakarra ur garbia da.
Hidrogenoa eskuratzeko lau bide nagusi daude.
Alde batetik, prozesu termokimikoak daude. Hau da, hidrogenoa duten hidrokarburoak berotu eta kimikoki hidrogenoa eskura daiteke. Biomasatik ere gasa atera daiteke hidrogenoa lortzeko.
Bestalde, uretan zehar korronte elektrikoa pasaraziz elektrolisia eragin daiteke, eta hidrogenoa eta oxigenoa bereiz daitezke.
Prozesu fotoelektrokimikoen bidez, uretan sartutako erdieroaleak argituz uretako hidrogenoa bana daiteke. Eta, azkenik, zenbait bakteria eta alga berderen fotosintesi naturala ere erabil daiteke hidrogenoa eskuratzeko.
Hidrogenoa sortu ostean, hidrogeno hori garraiatu eta metatu egin behar da.
Gas-egoeran hidrogenoa konprimitu egin daiteke, eta distantzia laburretan hodiz ere garraia daiteke. Likido izoztu gisa ere erabil daiteke, eta kamioien bidez garraiatu.
Eta, nahiz eta oraindik ez den oso erabilgarria, hidrogenoa egoera solidoan ere gorde eta garraia daiteke.
Hidrogenoa erabiliz elektrizitatea sortzen duten 'sorgailuak' dira erregai-pilak. Hala, autoetako erregai-tangetan hidrogenoa gorde daiteke. Erregai-pilek hidrogeno hori elektrizitate bilakatuko dute, eta autoaren motor elektrikoa elikatuko dute.
Erregai-pilak bi elektrodo ditu elektrolito baten alboetan kokatuta. Elektrodo negatiboa edo anodoa hidrogenoz elikatzen da, eta positiboa edo katodoa, berriz, oxigenoz. Katalizatzaile baten eraginez, protoiak anodotik katodora pasatuko dira elektrolitoan zehar. Eta elektroiak kanpo-zirkuitu elektriko batetik joango dira anodotik katodora, korronte elektrikoa sortuz. Korronte elektriko horrek elikatuko du gure motorra, bonbilla, edo beste edozein gailu elektriko.
Elektrolito eta katalizatzailearen araberako hainbat erregai-pila mota ari dira garatzen. Baina garrantzitsuena zera da, gai garela gailu txiki baten bidez hidrogeno eta oxigenotik behar beste elektrizitate ekoizteko.
Erregai-pilen eraginkortasuna % 50 ingurukoa da. Hau da, hidrogenoaren energia guztiaren % 50 inguru bilakatzen da elektrizitate.
Autoetarako ez ezik, erregai-pilak beste hainbat aplikaziotan erabil daitezke, bai eraikinetan beroa sortzeko, bai elektrizitatea sortzeko. Horregatik, etorkizunean 'hidrogenoaren ekonomia' izango dela diote batzuek.
Dena den, oraindik asko falta da horretarako. Baliteke, hortaz, etorkizun hurbilean autoek hidrogenoz elikatutako erregai-pilak erabiltzea. Baina, aurretik, hidrogeno-banaketarako azpiegitura guztia berregin behar da. Hori dela eta, ez da espero hidrogenoa 2020. edo 2030. urtea baino lehen hedatzea erabilera arrunterako.