
Haize-energia aspalditik erabili izan da. Egiptoarrek Kristo aurreko 4.500. urtean jada belak erabiltzen zituzten haizearen energia aprobetxatzeko.
Haize-energiaren erabilera oso sinplea da. Eguzkiak Lurra berotzen du, baina lurrazalaren forma irregularren eraginez, tenperatura desberdineko aire-masak sortzen dira, hots, dentsitate eta presio desberdinekoak. Desberdintasun horiek alde baterako eta besterako korronte horizontalak sortzen dituzte, hots haizea sortzen dute. Eta haize horren abiadurak (energia zinetikoa) higiaraziko ditu bere bidean jarritako errotaren palak.
Biraka jartzen den ardatza hainbat helburutarako erabil daiteke; esaterako, garia edo artoa ehotzen duen errota-harria birarazteko, edo lurpeko urak igoarazteko, edo sorgailu elektriko bat birarazi eta elektrizitatea sortzeko.
Zenbat filmetan ikusi dituzu leku isolatuetan ura ateratzeko erabiltzen diren haize-ponpa txikiak? Leku isolatuetan, haize-energiak izugarrizko laguntza eman diezaguke, bai haize-ponpa baten bidez lur azpitik ura ateratzeko, bai norberarentzako elektrizitatea sortzeko eta abar.
Dena den, azken urteotan haize-energiak eman duen jauzirik handienetakoa haize-sorgailu bidez elektrizitatea lortzeko eraginkortasunaren aurrerapausoa izan da.
Gaur egun, haize-energiaren erabilera nagusia elektrizitatea sortzea da. Aerosorgailu edo haize-sorgailuek, haizearen energia erabiliz, sorgailu elektriko baten ardatza birarazten dute palak birarazita.
Aerosorgailuak norberaren erabilerarako izan daitezke, edo sare elektriko orokorrera konektatuta egon daitezke.
70eko hamarkadako petrolio-krisiaren eraginez hasi ziren haize-energiaren ustiapenaren inguruko ikerketa sakonak. Eta azken urteotan izugarrizko garapena izan du. Gaur egun, energia berriztagarrien % 33 energia eolikotik dator.
Aerosorgailuak bi motatakoak izan daitezke. Birarazten duten ardatza etzanda badago, horizontalak direla esango dugu, eta birarazten duten ardatza zutik badago, bertikalak. Ardatz bertikaleko errotak Savonius eta Darrieus motakoak dira. Halako sorgailuen abantaila nagusia da haizearen norabidearekiko independenteak izatea. Dena den, gaur egun ia ez dira erabiltzen.
Guk ikusten ditugun haize-sorgailuak ardatz horizontalekoak dira. Hori dela eta, haizea aurrez hartzeko biraketa-sistema automatikoa behar izaten dute.
Normalean, beira-zuntzez edo karbono-zuntzez indartutako epoxi erretxinazkoak izaten dira, eta bi edo hiru beso izaten dituzte. Beso horiek 40 metro inguruko dorreetan biratzen dute, lurrazalaren pareko haize zurrunbilotsua saihesteko. Eta haize-energiaz hobeto baliatzeko, pala edo besoek hegal-profila dute. Hasiera batean, aerosorgailu handiak (4 MW baino handiagoak) garatzeko ahalegin handia egin zen, baina halako haize-sorgailuek arazo mekaniko handiak sortzen dituzte. Gaur egungo joera 4 MW baino potentzia txikiagoko hainbat aerosorgailu elkartzea da. Hainbat aerosorgailu txiki elkarrekin lotuta, parke eoliko edo haize-parkeak izango ditugu, eta, horrela, potentzia 'txikiko' (1,5 MW ingurukoak) aerosorgailuen bidez energia-kopuru handiak emango dizkiogu sareari.
Aerosorgailuek 20 km/h eta 90 km/h arteko haize-abiadurekin egiten dute lan. Sortzeko gai diren potentziari dagokionez, haizearen abiaduraren hiruko berreturaren araberakoa da. Esaterako, aerosorgailu batek 750 kW eman ditzake haizearen abiadura 54 km/h-koa denean, baina abiadura 18 km/h-koa denean (hiru aldiz txikiagoa) haize-sorgailu berak ez ditu 28 kW baino emango (27 aldiz gutxiago).

Horrela, bada, arazo handia sortzen da haize-energia baizik erabiltzen ez dugunean. Ordu baten barruan, haize-energiaren bidez sortutako energia elektrikoak % 30eko gorabeherak izan ditzake. Hots, ezinezkoa da haize-energiaren bidez energia-ekoizpen jarraitua ematea. Horregatik, elektrizitate-sorkuntzari dagokionez, haize-energiak bestelako energia-iturri jarraituagoekin batera lan egin beharko du beti.
Norvegian eta Danimarkan, adibidez, elkarlan berezia hitzartu dute. Norvegiaren energia-iturri nagusia (% 69) hidraulikoa da, eta Danimarkak haize-sorgailu asko ditu. Haize handiak dituztenean, Danimarkan haize-energiaren bidez sortutako elektrizitate-soberakina Norvegiako presetara ura ponpatzeko erabiltzen dute. Hala, haizearen abiadura txikiagoa denean eta elektrizitatea behar denean, zentral hidroelektrikoetan berriro berreskuratuko dute ur moduan biltegiratutako energia.
Aerosorgailuen beste arazo handi bat larregizko abiadurarena da. Egia esan, ez da komeni haizeak abiadura handiegia izatea. Horrelakoetan, aerosorgailuaren palek abiadura handiegia hartuko lukete, eta apurtu egingo lirateke. Horretarako da pitch kontroladorea. Pitch kontroladoreak pala bakoitza bere ardatzarekiko bira dezake, haizeari aerodinamikoki alde edo aurka egiteko. Euskal Herrian ere ari dira pitch-aren inguruko ikerketan.
Haize-energia gero eta gehiago erabiltzen da. 2006ko udaberrian bertan, Espainian haize-energia bidez inoiz baino elektrizitate gehiago sortu zen, eta 7.300 MW sortu ziren haize-energiaren bidez, eskaera elektrikoaren % 24.
Energia eolikoa guztiz berriztagarria da, eta, ondorioz, agortezina.
Erregai fosilen ordezko energia da; ez du erregai fosilik erabiltzen edota erretzen, eta ez du, hortaz, gai kutsatzailerik sortzen ezta berotegi-efektua indartzen, ezta ozono-geruza txikiagotzen ere. Eta ez da ur zikinik ez hondakinik isurtzen.
Azken urteotako garapenari esker, esan dezakegu gaur egun dagoeneko teknologia heldua dela, eta prest dago beste energien errentagarritasunarekin lehiatzeko.
Energia-iturri merkea da eta beste energia-iturriekin lehiatzeko gai da. Batez ere, ingurumenari eragindako kalteak desagerrarazteko kostuak kontutan hartzen baditugu.

Desabantailei dagokienez, airea pisu espezifiko txikiko fluidoa denez, aerosorgailuek handiak izan behar dute. Parke eolikoak haizeak indartsu eta ahalik eta jarraituen jotzen duen lekuetan kokatuta egon behar dute eta, sarri askotan, mendi-muinoetan jartzen dira. Hortaz, eragin handia dute paisaian.
Bideak egin behar dira mendi-muinoetara, eta aerosorgailuak jartzeko ere lan-mugimendu handiak egin behar izaten dira.
Aerosorgailuen artean 'pasabideak' uzten diren arren, ingurutik pasatzen diren hegaztiak besoekin jo eta hiltzeko arrisku handia dago.
Oso garrantzitsua da, hortaz, haize-parkea kokatu aurretik ingurumen-inpaktuaren gaineko ikerketa sakona egitea. Haize-parkearen kokapena, tamaina, etab. ondo aukeratu behar dira, haize-parkeak eraikitzean, ustiatzean eta kentzean eragina ahalik eta gehiena txikiagotzeko.
Azkenik, elektrizitatea metatzea oso zaila denez eta haize-sorgailuen jarraitutasunik ezaren eraginez, haize-energia bestelako energia-iturri egonkorragoekin batera erabili behar da. Energia-soberakin hori 'metatzeko' bideak lantzen ari dira, hala nola, urtegietara ura ponpatzea edota hidrogenoa ekoiztea.
Hemen aurki dezakezu Informazio zehatzagoa.