Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2006

ENERGIA


Erregai fosilak

Basoa

Erregai fosilak milaka edo milioika urtean lur azpian metatutako materia organikoan, hots, hildako animalia eta landareetan, gertatutako aldaketen emaitza dira. Nagusiki karbonoz eta hidrogenoz osatuta daudenez, hidrokarburo izenaz ere ezagutzen ditugu.

Petrolioa, gas naturala eta harrikatza erregai fosilak dira. Oinarrizko erregai fosil horiek zuzenean erabil daitezke edo, fintzearen eta bestelako transformazioen bidez, beste erregai batzuk ekoizteko erabil daitezke, hala nola, gasolina, fuel-olioa, harrikatz-gasa, etab.

Energiaren erabilerari dagokionez, erregai fosilak hiru aplikazio nagusitarako erabiltzen dira: zuzenean beroa lortzeko, elektrizitatea sortzeko edo mugimendua eragiteko.

Berokuntza-sistema gehienak erregai fosilen eta haien eratorrien (fuel-olioa, etab.) bidez elikatzen dira. Erregaiak zuzenean erre daitezke eta, berotutako likidoa zirkularaziz, beroa lortzen dugu eraikinetan.

Lurrun-turbina

Elektrizitatea sortzeko, aldiz, erregaiak erretzean zuzenean askatutako gas beroak, edo berotutako lurrunak, turbina bat birarazten du, eta turbina horrek elektrizitatea sortuko duen sorgailua birarazten du.

Mugimenduari dagokionez, ibilgailuen % 97 petroliotik eratorritako erregaiak erabiliz dabiltza. Gasolina edo gasolioa erabiliz eztanda-motorretako pistoiak higiaraziz sortzen da mugimendua.

Erregai fosilen garrantziaz ohartzeko, kontutan hartu munduan kontsumitzen dugun energia osoaren % 80 jatorri fosilekoa dela.

Harrikatza

Ikatza

Euskal Herriaren historian, ikatza izan da erregai fosil nagusia. Izan ere, ikatza izan zen iraultza industrialeko erregai nagusia, ez bakarrik gurean, baizik eta mundu osoan. Gaur egun ere, gas naturalarenak edo petrolioarenak baino ugariagoak dira harrikatz-erreserbak. Eta, gainera, energia-iturri merkea denez, gaur egungo energiaren laurdena (% 24) harrikatzetik ateratzen da.

Baina, zoritxarrez, harrikatza merkea bezain zikina da. Harrikatza erretzean, petrolioa edo gas naturala erretzean baino CO2 gehiago sortzen da, eta berotegi-efektuaren eragile garrantzitsuena da gas hori. Euri azidoa ere harrikatza erretzean sortutako sufre dioxido eta nitrogeno oxido emisioen eraginez sortzen da nagusiki (ikus CO2 isurketak munduan biztanleko).

Azken batean, meatzetik atera, prozesatu, garraiatu, erre eta zaborretarako prozesatzean, harrikatzak beste edozein energia-iturrik baino ingurumen-eragin kaltegarriagoak ditu.

Duela urte batzuk, harrikatza gainbehera hasi zen. Europan bertan, gero eta gutxiago erabiltzen da harrikatza, eta azken urteetan % 40 inguru gutxitu da harrikatzaren erabilera. Baina, munduan oro har, gero eta gehiago erabiltzen da. Esaterako, Txinan kontsumitzen den energiaren % 66 harrikatzetik dator, edo Indian kontsumitzen denaren % 56. Aurreikusten da 25 urteetan harrikatzaren munduko kontsumoa bikoiztu egingo dela.

Petrolioa

Petrolio-plataforma

Petrolioa XX. mendeko urre beltza dugu. Mugak aldarazi eta gerrak piztu ditu. Herri batzuk aberastu ditu eta, aldi berean, krisi ekonomikoak ere sortu ditu.

Gaur egungo energiaren % 40 petroliotik dator. Petrolioa elektrizitatea sortzeko ere erabiltzen den arren (elektrizitatearen % 10), haren erabilera nagusia garraio eta ibilgailuetan dugu.

Izan ere, ibilgailuetan oso zaila da petroliotik eratorritako erregaien (gasolina, gasolioa) ordezkoren bat aurkitzea. Eta, gero eta ibilgailu gehiago dagoenez munduan, gero eta petrolio gehiago behar dugu.

Gaur egungo produkzioa mantenduz (80 milioi kupel eguneko), ziurtatuta ditugun petrolio-erreserbak 44 urtean agortuko dira. Kasurik baikorrenean, ustez aurkituko diren erreserbak eta ditugun erreserbak hobeto ustiatzeko balizko teknikak kontutan hartuz, 100 urterako petrolioa baino ez dugu.

Baina petrolioaren eskaera izugarri ari da hazten oraindik. Europan petrolio-kontsumoa nahiko egonkor mantenduko dela uste da, baina garatzen ari diren herrien (Txina eta India, batez ere) eskaria asko handituko da. Hortaz, baliteke 40-60 urteren inguruan petrolioa agortzeko zorian izatea.

Gas naturala

gas naturala metatzeko andelak

Erregai fosilen artean, gas naturala gero eta gehiago erabiltzen da. Garraiatzeko eta erabiltzeko erraza, merkea, eta beste erregai fosilak baino garbiagoa da. Epe laburrean, harrikatzean oinarritutako energia-ekoizpenaren ordezkoa dugu, Europan behintzat.

Energia-kopuru berdinerako, gas naturalak harrikatzak isurtzen duen CO2 kopuruaren erdia askatzen du, eta ez du ia sufre-oxidorik isurtzen. Dena den, gas naturala erabiliz ere berotegi-efektua areagotzen da eta airea poluitzen da. Eta gas-erreserbak ere ez dira oso handiak (100 urte inguru).

Gas naturalaren zikloa hobeto ezagutzeko, munduko erreserben datuak ikusteko eta Zierbenako birgasifikatzeko instalazioa birtualki bisitatzeko, egin klik hemen: 'Bahia de Bizkaia Gas'.

Baterako sorkuntza eta ziklo konbinatuko zentralak

Zentral elektrikoa

Ikusi dugunez, edozein erregai fosil erretzean beti askatzen da karbono dioxidoa.

Hortaz, erregai fosilak erabiliz elektrizitatea sortzen dugunean karbono dioxido isuriak txikiagotzeko modu bakarra da erregai fosil kilo bakoitzeko ahalik eta elektrizitate gehiena eskuratzea, hau da, eraginkortasuna handitzea.

Adibidez, arazo teknikoak direla muga, harrikatz-zentralen eraginkortasuna ezin da % 30etik gorakoa izan. Hau da, harrikatza erretzean askatutako energiaren % 30 baino ez da elektrizitate bilakatuko, eta gainerako guztia alperrik galduko den beroa izango da.

Ikus EEE-ren ikasgela didaktikoko baterako sorkuntzaren azalpena.

Ikus EEE-ren ikasgela
didaktikoko baterako
sorkuntzaren azalpena.

Baterako sorkuntzako instalazioetan, ordea, elektrizitateaz gain beroa ere aprobetxatzen da. Hala, bero-soberakina inguruko eraikinak edo industria-prozesuak berotzeko erabil daiteke.

Baina are interesgarriagoak dira ziklo konbinatuko zentralak. Ziklo konbinatuko zentraletan, erretzen den gasak elektrizitatea sortzeko turbinak birarazi ondoren, bero-soberakina erabiliz ura berotu eta lurrunak bigarren turbina bat birarazten du. Hala, % 50etik gorako eraginkortasuna izan dezakegu (bisita birtuala: Bahia de Bizkaia ziklo konbinatuko instalazioa).

Mendekotasuna eta ingurumena

Ikus EEE-ren ikasgela didaktikoko hidrokarburo-hobien azalpena.

Ikus EEE-ren ikasgela
didaktikoko hidrokarburo-
hobien azalpena.

Europak ez dauka petrolio- eta gas-erreserba handirik, Ipar Itsasoan dituen erreserba nagusietatik kanpo. Eta horiek munduko erreserben % 1,3 (petrolioa) eta % 3,2 (gasa) baino ez dira. Ikatz askorik ere ez duenez (% 3,6), erregai fosilak inportatu egin behar ditu. EAEn kontsumitzen den energiaren % 95 inportatu egiten da.

Horrek izugarrizko mendekotasuna eragiten du, eta norbere politika ekonomikoa zehaztean inoren erabakien menpe egotea ez da inoren gustuko. Hala, hainbat eta hainbat liskar eta gerra gertatzen da petrolioaren eta gas naturalaren inguruan.

Gainera, erregai fosilak ez direnez agortezinak, prezioaren arazoa ere badute. Izan ere, petrolioaren prezioa % 9 hazi zen 2004an, eta beste % 15 2005ean.

Zer gertatuko da etorkizunean? Zer gertatuko da ekonomikoki hazten ari diren herrien eragina kontutan hartuta?

Edonola ere, agortuko ez balira ere, erregai fosilek arazo handi-handi bat dute: oso poluitzaileak direla. Argi dago erregai fosilak erretzeak klima-aldaketan duen eragina. Erregai fosilak berotegi-efektuaren eragile nagusi dira, eta isurtzen dituzten beste hainbat osagai ere (nitrogeno- eta sufre oxidoak) oso kaltegarriak dira gure osasunerako.

Hori dela eta, 1997an akordioa sinatu zuten 180 estatuk Kyoton , eta bakoitzak bere borondatez, CO2-aren eta beste gas poluitzaile batzuen emisioak mugatzea erabaki zuten. Dena den, askok diote ez ote den beranduegi. Izan ere, garapen-bidean dauden herriak akordiotik kanpo daude, eta munduko CO2 emisioen % 25 igortzen duten Estatu Batuek (nahiz eta munduko biztanleen % 4 baino ez diren) ere ez dute sinatu.

Argi dago erregai fosilen erabilera murriztu behar dugula. Baina erregai fosilen kontsumoa gora doa munduan.

Puzzletek