
Ohetik jaiki eta argia pizten dugunean, edo irratia entzunez laranja-zukua prestatzen ari garenean, edota dutxa bero ederra hartzen ari garenean, ez gara konturatzen zelako luxua den hainbat gauza egiteko aukera izatea inolako esfortzurik egin gabe. Ez digu ardura ura nola heldu den txorrotara, edo nola berotu den hain tenperatura atseginera.
Gizakiok sua menperatzen ikasi genuenean hasi ginen inguruko energia gure onurarako erabiltzen. Bestalde, Euskal Herriko hainbat errota zahar bisitatuz, ikus dezakegu gure arbasoek nola aprobetxatzen zuten urak egin zezakeen lana. Imajinatzen duzu zer nolako abantaila ekarri zuen horrek?
Izan ere, naturak eskaintzen dizkigun energia-baliabideak erabiliz, gure eguneroko bizimodua guztiz aldatu da.
Gaur egun, hainbat modutan erabiltzen ditugu naturak eskaintzen dizkigun energia-baliabide horiek, nahiz eta energia-iturrien erabilera asko aldatzen den herritik herrira. Esaterako, munduko hainbat herritan, etxea berotzeko edo janaria prestatzeko, egurra edo egur-ikatza baizik ez dute erabiltzen. Hain zuzen, Munduko biztanleen herenak (2.000 milioi pertsona) ez du beste inolako energia-erabileratarako aukerarik.
Gurean, erregai fosilak (gas naturala, petrolioa, ikatza) dira energia-iturri nagusiak. Garraioan (autoetan, hegazkinetan, traktoreetan, etab.), energiaren % 97 erregai fosiletatik dator zuzen-zuzenean, eta berokuntza-sistemetan ere erregai fosilen erabilera da nagusi.
Gainera, edozein energia-mota transforma dezakegu elektrizitatea sortzeko. Energia elektrikoa oso erraz garraiatzen da alde batetik bestera, eta modu garbi eta erosoan asetzen ditugu hainbat betebehar (motorren bidez mugimendua sortuz edo erresistentzien bidez beroa sortuz, adibidez).
Gainerako energia-iturriak bezala, elektrizitatearen hedapena ere oso irregularra da munduan. Gurean, esaterako, energiaren % 50 inguru energia elektriko gisa erabiltzen dugu. Haatik, Saharaz hegoaldeko Afrikako herritarren % 10ek baino ez du elektrizitatea erabiltzeko aukerarik.

Zoritxarrez, gaur egun erabiltzen dugun energia gehiena petroliotik, gas naturaletik edo bestelako baliabide fosiletatik dator.
Ez dago garbi esaterik zenbat urtetarako erreserbak ditugun. Hainbat aldiz esan izan da erregai fosilak agortzeko zorian zeudela, baina gero ez da halakorik gertatu. Dena den, eta gaur egungo datuekin, kontsumoa konstante mantenduko balitz, mende bukaera arteko gas- eta petrolio-erreserbak izango genituzke.Hala ere, kontuan hartu behar da oraindik gure kontsumo-ereduan bizi ez diren hainbat eta hainbat herrialderen kontsumo-joera ere geurera hurbiltzen ari dela (Txina, Brasil, India, etab.). Eta, ondorioz, aurrerago aipatuko diren kalkulu guztiak hankaz gora gera daitezke.
Energiaren erabilera guztiak kontutan hartuta (elektrizitate-sorkuntza barne), Frantzian eta Espainian erabiltzen diren energia-iturri primario nagusiak erregai fosilak dira (% 52,3 eta % 81,3 hurrenez hurren).
Elektrizitate-sorkuntzan ere egoera berean gaude. Hots, elektrizitatea sortzeko energia-iturri nagusia erregai fosilak dira. Frantzian ekoitzitako elektrizitatearen % 11,6 eta Espainian ekoitzitakoaren % 22 baino ez dira energia berriztagarrien bidez lortutakoak.
Elektrizitatearen ekoizpenari dagokionez, Nafarroan egoera nahiko berezia da. Izan ere, azken bost urteotan, ordezko energia-iturrien bidezko sorkuntza bikoiztu egin da. 2005ean, esaterako, 31 parke eolikoetan Nafarroako elektrizitatearen % 48 ekoitzi zen, eta 110 minizentral hidroelektrikoetan elektrizitatearen %10.
Nafarroa alde batera utzita, beraz, nabaria da erregai fosilekiko mendekotasuna. Gurean, gas- eta ikatz-meategi batzuk izan baditugun arren, petrolioa, ikatza, gasa zein erregai fosilak oro har kanpotik inportatu behar ditugu.
Baina ez guk bakarrik. Mendebaldeko herri garatu gehienak ere erregai fosiletan urriak dira. Eta erregai fosilak ekoizten dituzten eskualdeak kontrolatzeko grina nabaria da azken urteetako inbasio eta gerretan.
Era berean, energia ekoizteko ingurumenean eragindako aldaketa eta kalteek izugarrizko garrantzia dute.

Autoa martxan jartzen dugun bakoitzean argi ikusten dugu erregai fosilen errekuntzak sortzen duen kea. Baina, bonbilla bat pizten dugun bakoitzean, edo trenez gabiltzanean ere, gogoan izan behar dugu erregai fosilak erabiliz elektrizitate hori sortu duen zentral elektrikoak ere nonbait sortu duela autoan hain nabarmen ikusten dugun ke hori.
Erregai fosilen errekuntza da karbono dioxidozko isurketen eragile nagusia. Hots, berotegi-efektuaren sortzaile nagusia eta klima-aldaketaren eragilea. Eta gai horren inguruan ere asko eztabaida daitekeen arren, argi eta garbi dago berotegi-efektua murrizteko neurriak dagoeneko ezinbestekoak direla.
Petrolioa, gasa, edo harrikatza ez diren bestelako energia-iturriak ere baditugu. Uranioa erregaitzat erabiliz sor dezakegu elektrizitatea, edo urak, haizeak, olatuek edo beste natura-gertaeraren batek higiarazitako turbinen bidez ere lor dezakegu elektrizitatea.

Eta, ohartuko zinenez, haizea, eguzkia edo ura agortezinak dira, eta energia lortzeko guztiz beharrezkoa den irtenbidea ematen dute, hots, energia berriztagarriak. Haizea, uraren indarra, itsasoko olatuak... energia-iturri dira, energia-iturri berriztagarriak.
Erregai fosilen ordezko energia-iturriek erregai fosilekiko mendekotasuna gainditzen lagundu behar digute. Herri batzuek, hala nola Frantziak, energia nuklearra hobetsi dute mendekotasun hori gainditzeko. Baina energia-iturri berriztagarriak ere kontuan izan behar ditugu.

Gaur egungo energia-kontsumoa, zoritxarrez, gorantz doa. Gutariko bakoitzak, urtea joan urtea etorri, gero eta energia-baliabide gehiago behar ditugu. Gehiago bidaiatzen dugu, edo ez gaude prest aire girotuari eta antzeko erosotasunei uko egiteko.
Kontsumoa mugatzea eta natura-baliabideen erabilera egokia ezinbestekoak dira, hortaz, gure etorkizuna ziurtatzeko.
Norberarengandik hasi behar dugu energia-iturrien erronkari aurre egiten. Norbere etxeetan jar ditzakegu bero-akumuladorea, aire sorgailua, etab., baina, inondik inora, ezinbestekoa dugu aurrezte-teknikak erabiltzea eta energia gutxiago kontsumitzea.