Badakizu zer den hangi-a? Bada, Zeelanda Berriko maoriek zulo bat egiten dute lur bolkanikoan. Zuloa harriz bete eta, tartean, prestatu nahi dituzten jakiak uzten dituzte. Lurraren berotasuna aprobetxatuz, ordu batzuen buruan, janari goxo- goxoak dituzte!

Energia geotermikoa lurrak ematen duen beroa da. Bero hori lurrazpiko arroketako elementu erradioaktiboen desintegrazioak sortutako beroa da nagusiki. Lurraren erdigunean, 4000 ºC-tik 6000 ºC-ra bitarteko tenperaturak izan ditzakegu. Hala ere, lurrazalean, eguzkiak emandako energia baino 10.000 aldiz ahulagoa izaten da energia geotermikoaren eragina, batez beste. Hortaz, ezin dugu edonon baliatu energia geotermikoaz.
Islandiak, Zeelanda Berriak edo Italiak, esaterako, gune bolkanikoak dituzte, eta energia geotermikoaz baliatzeko aukera paregabea dute. Islandian, adibidez, Reyjkjavikeko espaloiak energia geotermikoz berotzen dituzte neguan, eta Islandiako etxebizitzetako berotze-sistemen eta ur beroaren hornikuntzaren % 87 energia geotermiko bidez lortzen dute.
Egia esan, Euskal Herria ez dago gune bolkaniko nagusi baten parean, eta ez dugu energia geotermikoa erabiltzeko aukera handirik. Baina ziur zure etxetik gertu lurrak berotutako urak edo gune termalen bat dituzula. Eta, sarri askotan, erabilera txiki horiek hainbat arazo txikiri aurre egiteko aukera ematen digute.

Normalean, energia geotermikoa ur bero gisa eskuratuko dugu. Munduko lekurik gehienetan ur hori ez da oso beroa izaten (50 ºC azpitik), eta eraikinak berotzeko erabiltzen . Hain zuzen ere, tenperatura hori oso egokia da etxebizitzetako berokuntza-sistemak elikatzeko.
Gune bolkanikoak oso biziak diren guneetan, aldiz, askoz ur beroagoa eskuratzen da lur azpitik. Eta tenperatura altuko ur bero hori erabil daiteke zentral elektrikoetako turbinak mugiarazi eta energia elektrikoa sortzeko.
Informazio gehiago duzu diaporama honetan.
Lurrazpiko uraren tenperatura altua aprobetxatuz, ur hori gure eraikinak, espaloiak, etab. berotzeko erabil dezakegu. Aurrerago aipatu dugu Islandiako kasua, esaterako.
Gurean, aldiz, ez dugu aukerarik lur azpiko ura hain tenperatura altuan jasotzeko, baina berokuntza-sistema geotermikoaz balia gaitezke.
Izan ere, lur azpia nahiko tenperatura epel eta egonkorrean mantentzen da udan zein neguan. Gure inguruan, esaterako, 3 m-ko sakoneran lurrak 12-15 ºC inguruko tenperatura izaten du.
Eta guk lurraren bero hori erabiliko dugu, berokuntza-sistema geotermikoaz baliatuz, eraikinak berotu eta hozteko. Hortaz, esan dezakegu berokuntza geotermikoa eraikinak berotu eta hozteko sistema dela.
Etxea berotu nahi dugunean, lur azpian 12 ºC ingurura berotutako ura (edo beste likido bat) 50 ºC inguruko tenperaturara igoaraziko dugu bero-ponpa baten bidez, eta etxea berotzeko edo etxeko ura berotzeko erabiliko dugu.
Udako egun beroetan, aldiz, etxeko bero jasangaitza xurgatu eta lur azpira bidal dezakegu, etxea freskatzeko.
Horretarako, etxe aurrean lurra zulatu eta zirkuiturako hodiak sartuko ditugu, eta hodi-zirkuitu hori etxe barruan dugun bero-ponpa geotermikora lotuko dugu.
Hasieran, zuloak egin eta hodi-zirkuitua lurperatzeko kostuei aurre egin behar zaie. Hala ere, berokuntza geotermikoa etxea berotzeko modu eraginkorra da, eta gasezko berokuntza-sistema arruntari gehituz gero, etxea tenperatura atseginera berotzeko behar dugun ohiko energia gutxitzen du.
Usurbilgo lanbide-eskolan egin duten berokuntza-sistema geotermikoko instalazioa ere hor daukazu adibide gisa.
Lur azpitik ura edo lurruna tenperatura altuagoetan eskura dezakegunean (80 ºC-tik gora), ur edo lurrun hori elektrizitatea sortzeko erabil dezakegu.

Elektrizitatea sortzeko, hiru sistema erabiltzen ditugu. Lurruna zuzenean lur azpitik eskuratzeko aukera dugunean, lurrunak berak (garbitu ondoren) zuzenean birarazten ditu sorgailuei eragiten dieten turbinak. Ur oso beroa eskuratzen dugunean (normalean 150 ºC-tik gora), lurrun-bereizgailuetan irakin eta lurrunak turbina biraraziko du. Tenperatura ez denean lurruna sortzeko bezain handia, bero-trukagailuaren bidez beste fluido egokiago bat lurrunarazten da turbina birarazteko.
Kondentsatutako lurruna eta fluido geotermiko soberakina berriz injektatzen dira arroka berora, berriro berotu eta hasierako presio eta egoerara itzularazteko. Lurraren beroa oso handia denez, haren zati txiki bat baino ez dugu erabiltzen elektrizitatea sortzeko.
Laugarren teknika bat ere (arroka bero lehorrarena) erabiltzeko saiakuntzak egiten ari dira. Lur azpian urik ez dagoenean, kanpoko ura injektatzen da lur azpira, han berotu eta gero berreskuratzeko.
Elektrizitate geotermikoa oso baliabide garrantzitsua da gune bolkaniko aktiboak dituzten lurraldeetan. Euskal Herrian, zoritxarrez, ez daukagu energia geotermikoaren bidez elektrizitatea errentagarritasunez eskuratzeko aukerarik.
Energia geotermikoa ez da zehazki berriztagarria. Izan ere, lur azpiko poltsetan metatutako ur beroa erabiltzen dugun heinean, lurrazpiko uraren tenperatura jaisten joaten da. Hala ere, lurrak duen berotasuna kontutan hartuta, eta ura eta lurruna atzera lur azpira itzultzen direla kontutan hartuta, ia berriztagarritzat jo dezakegu.
Energia elektrikoa sorrarazteko prozesuan, energia geotermikoa energia garbia da, atmosfera kutsatzen duten gasen emisioa murrizten du, eta ez du berotegi-efektua areagotzen.
Ekoizpenari dagokionez, urtean zehar ekoizpen konstantea du, eta ez da urtaro-aldaketen menpeko. Hortaz, beste energia iturri batzuen -hala nola hidroelektrikoa- osagarria da.
Baina, zoritxarrez, ezin dira zentral elektriko geotermikoak leku guztietan egin. Euskal Herrian, esaterako, ezinezkoa da. Plaka tektonikoek elkar jotzen duten 'gune beroetan' baino ezin dira eraiki. Eta, hor ere, arroka-mota, zulatzeko egokitasuna eta bestelako baldintza egokiak behar dira.
Berokuntza-sistemetarako erabilera geotermikoari dagokionez, hasierako inbertsio handi xamarra eskatzen du hoditeria lur azpian sartzeko, eta oraindik ez dira asko erabiltzen gure inguruan. Dena den, oso sistema garbia da, eta urte gutxiren buruan hasierako inbertsioa berreskuratzen da.