
Mundua mundu denetik, ez gara ezer eguzkiaren energiarik gabe. Gure inguruan bizi den guztia eguzkiaren energiari esker bizi da. Eta beste energia-iturri gehienak ere (haize-energia, biomasa, erregai fosilak, etab.), zeharka, eguzkiaren energia baino ez dira.
Eguzkiaren erdigunean gertatzen diren fusio nuklearrek sortutako energia da eguzki-energia, eta eguzkitik izpi gisa heltzen zaigu. Eguzki-energia aspalditik da ezaguna. Kristo aurreko 212. urtean, Arkimedesek eguzki-energia erabili zuen Sirakusa erromatarrengandik babesteko. Hainbat ispiluren bidez eguzki-izpiak kontzentratu, eta portuan zeuden erromatarren ontziei su eman zien.
Arkimedesen antzera, eguzki-energia hobeto aprobetxatzeko, hainbat tresna sortu ditugu mendeetan zehar, nahiz eta eguzki-energia ez den asko erabili oraintsu arte.
Hasteko, eraikinak diseinatzean, eguzki-berokuntza eta -argiztapen pasiboak har ditzakegu kontuan; adibidez, hegoalderantz begira dauden aldeetan leiho handiak eginez edo eguzkiaren beroa xurgatu eta gutxika askatzen duten materialak erabiliz. Hala, kokapenaren eta eraikinaren arabera, energia asko aurrez dezakegu.
Eguzki-energia termikoa zuzenean ura edo jakiak berotu eta prestatzeko ere erabil daiteke. Eguzki-labe bat egitea oso erraza da. Nahikoa da material isolatzailez egindako lapiko bat, eguzki-izpiei pasatzen utziko dien estalki gardena duena. Egun eguzkitsuetan, eguzki-izpiak zuzenean sartu eta lapiko edo labean 'harrapatuta' geldituko dira, eta, denborarekin, barruan dagoen janaria egosi egingo da.

Baina batzuetan komeni izaten da eguzki-energia termiko hori (eguzkiaren bero-energia) metatzea. Horretarako, errazena da ura edo beste likidoren bat berotzea. Esaterako, estalki gardena duen kutxa mehe laukizuzen bat jar dezakegu teilatuan eguzkiari begira. Kutxa edo kolektore lau horren barruan sigi-sagan kokatutako hoditik, berotu nahi dugun likidoa zirkularaziko dugu. Hoditik dabilen ura eguzki-izpiek berotuko dute, eta berotutako ur hori biltegietan gordeko dugu. Horrela, ur bero hori zuzenean erabil daiteke bai ur bero gisa bai eraikina berotzeko.
Izan ere, teilatuan berotutako ur hori guk nahi dugun tenperaturan egon ez arren, askoz energia gutxiago behar izango dugu gero beste sistemaren bat erabiliz tenperatura egokira berotzeko.
Eta ez hori bakarrik. Urak, lurruntzen denean, inguruko airea hozten du; hortaz, eguzki-energia termikoa inguruko airea hozteko ere erabil dezakegu.
Dakizunez, elektrizitatea sortzeko sistema gehienetan, sorgailu elektriko baten ardatza birarazi behar da. Eguzki-energiaren kasuan, eguzki-izpiak puntu jakin batera bideratzen dira zenbait ispiluren bidez. Han, tenperatura handiek ura berotu eta lurrundu egingo dute. Ur-lurrunak turbina biraraziko du, eta turbina horrek, elektrizitatea sortuko duen sorgailuaren ardatza.

Eguzki-energia bidez energia elektrikoa lortzeko modu hori eguzki-zentral handiak eraikitzeko biderik merkeena eta errazena da. Batez ere Estatu Batuetan erabiltzen dute, eta horrela lortzen da munduan eguzki-energia bidez sortutako energia elektrikoaren erdia.
Baina eguzki-energiarekin elektrizitatea sortzeko beste bide bat ere badugu: zelula fotovoltaikoaren bidezkoa.

Ikusi duzu inoiz pilarik gabe dabilen kalkulagailurik? Konturatu zara goialdean duen pantaila-itxurako laukitxo horretaz? Horiek dira zelula fotovoltaikoak. Material erdieroalez egindako xafla fin horiek eguzkiaren erradiazioa zuzenean elektrizitate bilakatzen dute. Eguzki-energiak erdieroalea berotzen du, haren atomoetako elektroiak askatzen ditu, eta potentzial elektrikoa sorrarazten du. Halako hainbat eta hainbat zelula txiki elkartuta, plaka fotovoltaikoa izango dugu.
Gaur egun % 30eko eraginkortasuna duten plaka fotovoltaikoak egin daitezkeen arren, normalean, % 10 eta % 15 bitarteko eraginkortasuna duten eguzki-plakak erabiltzen dira. Hots, xafla horretan jasotako eguzki-energia osoaren % 10 edo % 15 elektrizitate bihurtzeko gai dira.
Dena den, erdieroaleen industria ez dago zelula fotovoltaikoak egitera bideratuta, eta, ekoizpena oraindik txikia denez, eguzki-plaka fotovoltaikoak nahiko garestiak dira. Zelula horiek eraginkorrago eta merkeago egiteko hainbat ikerketa ari dira egiten.

Bestalde, sare elektrikoa heltzen ez den inguru bakartuetan kWh gutxi batzuk sortzeko, eguzki-energia fotovoltaikoak ez du parekorik. Konturatu zara autobideetako larrialdi-telefonoek edo zenbait herritako TAOko txartelak emateko makinek eguzki-plakak dituztela sarri? Zer esanik ez, itsasoan jarritako buietan edota espazioko satelite eta espazio-ontzietan duten erabilgarritasuna.
Eguzki-energia izugarri ari da garatzen azkenaldian. Espainian, diru-laguntzak tarteko, 2004tik 2005era plaka fotovoltaikoen instalazioa bikoiztu egin zen.
Oso energia garbia eta isila da; agortezina eta berriztagarria.
Munduko energiaren sorkuntzan, eguzki-energiaren pisua oso txikia da oraindik. Datu zehatzak ematea oso zaila da. Izan ere, normalean, han eta hemen dauden instalazio txikiak nagusitzen dira. Baina, herri industrializatuetan, elektrizitate-sorkuntzaren % 0,01 inguru eguzki-energiatik eratorritakoa da.
Eguzki-energiaren erabilera interesgarrienak dira landa-ingurunearen elektrifikazioa eta elektrizitate-ekoizpen txikiak.
Laster jarriko dituzte martxan eguzki-zeluletarako berariazko silizioa ekoitziko duten instalazioak. Gauzak horrela, hamarkada-bukaerarako prezioak merkatzea aurreikusten da, eta itxaropen handiak ditugu eguzki-energian.

Eguzki-energia termikoari dagokionez, eguzki-energia oso eraginkorra da 45º N eta 45º S latitudeen artean dauden herrietan (ikus eguzki-erradiazioaren munduko mapa).
Dena den, eguzki-energia termikoa erabiltzeko aukerak asko aldatzen dira kokapenaren arabera edota urtaroaren arabera. Egunean bertan, eguerdian eguzki-energia maximoa jasoko dugu, ilunabarrerako gutxitu egingo da, eta gauez ez dugu energiarik eskuratuko.
Hortaz, eguzki-energia elektrikoa gauez erabili nahi badugu, egunean sortutako elektrizitatea metagailuen bitartez gorde behar dugu. Metagailuek substantzia kimiko oso toxikoak dituztenez, ingurumenean kalteak eragin ditzakete, eta kontu handiz erabili eta birziklatu behar ditugu.