Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2006

ENERGIA


Biomasa

Bi lagun su baten inguruan

Agian, biomasa hitza entzutean gauza berria dela otuko zaizu, 'bio'en moda berri dela eta. Baina ez da hala, sua egiten eta sua erabiltzen ikasi zuenean hasi baitzen gizakia biomasa-energiaz baliatzen.







EEE-ren ikasgela didaktikoko biomasaren azalpena

EEE-ren ikasgela
didaktikoko biomasaren
azalpena

Bada, zer da biomasa? Biomasa hitzak masa biologikoa adierazten du, hots, jatorri ez-fosileko material organikoa. Bestela esanda, biomasa hitzak bizirik zein hilda dauden organismo biologiko guztiak biltzen ditu, prozesu geologikoek ikatzaren edo petrolioaren gisako substantzia fosil bilakatu ez dituztenak.

Hortaz, egurra, azukre-kanabera, kalamua, simaurra bera edota plastiko biodegradagarriaren zelulosa-zuntzak ere biomasa dira, eta biomasa horretatik lortutako energia (erretzean, esaterako) biomasa-energia izango da.

Zein da, hortaz, energia-ekoizpenari dagokionez, biomasa hain garrantzitsu egiten duen ezaugarria? Bada, biomasa berriztagarria dela. Biomasa erretzean askatutako CO2-a aurretik biomasa hori sortzeko atmosferatik xurgatutako CO2 kopuruaren berdina da, eta prozesu hori behin eta berriz errepika daiteke.

Baina biomasa-energia benetan berriztagarria izan dadin, zuhaitzak, ekiloreak, etab. berriz landatu beharko ditugu.

Biomasa puskak

Biomasa-energiaz ari garenean, bi erabilera nagusi ditugu. Batetik, biomasa bera edo biomasatik eratorritako produktuak erreta lortutako beroa erabil dezakegu galdarak edo eraikinak berotzeko. Biomasatik motor-erregai biologikoak ekoitzi ditzakegu, hala nola, bioetanola, biodiesela edo biogasa. Eta erregai biologiko horiek oso aproposak dira autoetarako edo berokuntza-sistemetarako.

Bigarren erabilera elektrizitatea sortzea da. Biomasa edo produktu eratorriren bat erreta sortutako lurruna erabil dezakegu turbina eta hari lotutako sorgailua birarazi eta elektrizitatea sortzeko.

Biomasa erregai gisa

Egurra, simaurra etab. zuzenean erabiltzen dira munduko herririk gehienetan etxeak berotu edo janariak prestatzeko. Gaur egungo energia-kontsumoaren % 15 biomasa-energiarena dela jotzen da. Europan ere, energia berriztagarrien erdia biomasa-energiatik ateratakoa da.

Baso, landaredi eta abarren argazki-zutabea.

Garapen-bidean dauden herrien energia-iturri nagusia da biomasa. Abereen gorotza, egur-ikatza edo simaurra erabiltzen dira gehien erregai moduan. Zoritxarrez, herri askotan, plangintzarik gabeko errekuntzak deforestazioa eragin du (nahiz eta lurrak batez ere nekazaritzarako edo abeltzaintzarako erabiltzeko gertatzen den deforestazio nagusia).

Baina biomasaren etorkizuneko erabilera garrantzitsuenetako bat motor-erregai biologikoak egiteko aukera da.

Adibidez, azukretik (azukre-kanaberatik edo -erremolatxatik) edo almidoitik (artoarena zein gariarena) alkohola ekoitzi dezakegu.

Motor-bioerregai berriek gasolina, gasolioa edo etxeko fuel-olioa ordezka dezakete. Hala ere, normalean, erregai fosilekin nahasita erabiltzen diren oraindik.

Oso nabarmena da Brasilen kasua. 1980ko hamarkadatik, Brasilen azukre-kanaberan oinarritutako bioetanol-industria zabala garatu da, eta Brasil da munduko etanol-kontsumitzaile eta -ekoizle handiena. Brasilen, autoetarako gasolinek gutxienez % 25eko etanol-gehigarria izan behar dute. Brasilek urteko ia 15 mila milioi litro etanol ekoizten ditu. Horrela, Brasilen erregai fosilekiko menpekotasuna gutxitu da, eta aire-kalitatea hobetu da.

Antzeko zerbait egiteko bidean gara Euskal Herrian ere, eta gasolindegi askotan biodiesela aurki dezakegu. Izatez, biodieselarekin (% 20) eta petroliotik ekoitzitako gasolioarekin (% 80) osatutako nahastea da.

Gasolindegi bateko biodieselaren iragarkia

Biodiesela banatzeko, gaur egungo banaketa-sistemak erabil daitezke, eta bizkor ari da hazten biodieselaren ekoizpena. Gainera, jatetxe, ospitale, lantegi eta beste hainbat lekutan erabilitako landare-olioen soberakinak ere biodiesela ekoizteko erabiltzen dira. Horrela, olio horiek kontrolik gabe isurtzea saihestu eta ingurumenean sortzen dituzten kalteak txikiagotzen dira.

2000-2005 aldian bikoiztu egin da etanolaren ekoizpena, eta, biodieselarena, laukoiztu. Hala, 2005. urtean, munduko motor-bioerregaien ekoizpena eguneko 670.000 upelekoa izan zen, hots, garraioan erabiltzen den erregai guztiaren % 1.

Elektrizitatea sortzeko

Bioerregaiak elektrizitatea sortzeko ere erabil daitezke.

Adibide garrantzitsu bat dugu Euskal Herrian. Zangotzako zentral elektrikoan, inguruko nekazarien artean bildutako lasto-soberakina erabiltzen da elektrizitatea sortzeko. 25 MW-eko potentzia du, eta urtean 160.000 tona lasto erabiltzen ditu.

Zabortegia

Euskal Herrian, badira hiri-hondakinetatik ekoitzitako biogasez dabiltzan zenbait zentral elektriko. Hego Euskal Herrian, biztanleko 470 kilo zabor sortzen dugu urteko, eta zabor horren % 17 baino ez dugu birziklatzen.

2005etik aurrera, Zabalgarbi ziklo konbinatuko zentrala sortu zenetik hain zuzen, elektrizitatea sortzen da hiri-hondakinak erretzean sortutako beroa aprobetxatuz. Dena den, ekologiaren aldetik, zalantza asko daude errauste-plantak indartzeak ez ote dituen birziklatzea edo zabor organikoen konpostgintza geldiaraziko, eta ea mota honetako energia-sorkuntza energia berriztagarri gisa har daitekeen. Informazio gehiago duzu Zientzia.net-eko dossierrean.

Abantaila eta desabantailak

Erregai fosilak ordezkatzeko bidean, biomasa-energiak ezinbesteko tokia du. Gaur egun, errekuntza-motorretan erabiltzen den ia erregai guztia jatorri fosilekoa da.

Erregai fosilen prezioaren igoeraren eraginez, ekonomikoki errentagarriak ez ziren ordezko motor-bioerregaiek gero eta presentzia handiagoa hartu dute gure inguruan.

Erregai fosilekin neurri egokian nahasita, autoek ez dute inolako aldaketarik behar. Kontuan hartu behar dugu autoen berrikuntza-zikloak 16 urte inguru behar dituela gurean, baina honela dagoeneko has gaitezkeela ordezko erregaiak erabiltzen.

Nekazal lursaila

Biomasa ekoiztean lursaila ez agortzeko moduan kudeatzen bada laborantza energetikoa eta CO2-aren zikloa kontuan hartzen bada, biomasa-energia guztiz berriztagarria da.

Gainera, nekazaritzako edo basogintzako soberakinei irtenbidea ematen zaie. Hiri-hondakinei dagokienez, birziklatze- eta konpostatze-politikak indartzea beharrezkoa da, baina gainerako hondakinei etekina ateratzeak ere badu zentzurik.

Dena den, biomasa-energiaren erabilerak ere kezka handiak sortzen ditu.

CO2 zikloa neutroa dela esan dugun arren, CO2 ez diren bestelako isurketa kutsatzaileak (Nitrogeno-oxidoak, etab.) ere izaten dira. Gainera, azken batean erregaiak erretzen ditugunez, berotegi-efektuaren gehikuntzan ere eragina du.

Erregai fosilek har dezaketen prezioen eraginez bat-batean motorrentzako bioerregaien erabilera asko hazten bada, herri askotan planifikatu gabeko labora ugaritu daiteke. Eta natura-garrantzi handiko ekosistemak (oihan tropikalak kasu) neurri gabe ustiatzeko arriskua dago, Edo janaria ekoizteko lursailak neurrigabe laborantza energetikora aldatzeko arriskua.

Puzzletek