Teknoskopioa. Ideia-lehiaketa

Zientzia eta teknologiaren astea 2006

ENERGIA


Aurreztea

Umea astoaren gainean

Ez gara jabetzen azken berrehun urteotan nolako aldaketa bizi izan dugun gure bizimoduan. Industria Iraultzara arte, ez genuen energia-behar handirik. Abereen indarra erabiltzen genuen garraiorako eta nekazaritzako lan gogorrak egiteko, eta haizearen edo uraren indarra erabiltzen genituen belaontzietan edo errotetan.

Baina lurrun-makina heldu zenean, ezinbesteko laguntza bilakatu ziren makinak garraioan, fabriketan eta gure lan gogorretan. Eraikinak berotzeko edo burdina urtzeko ere ikatza erabiltzen hasi ginen.

XIX. mendearen bukaeran, elektrizitatea hedatu zen. Euskal Herrian bertan, hainbat zentral hidroelektriko eta termiko eraiki ziren indartzen ari zen industriarako.

Eta, zertxobait aurrerago, autoen ekoizpen hedatua hasi zen. Galdetu etxean aitona-amonei zenbat auto ibiltzen ziren Euskal Herriko kaleetan duela ehun urte; ia bat ere ez. Eta begiratu orain leihotik zenbat kontatzen dituzun.

Energia ugaria zen. Energia merkea zen. Gainera, ingurumenean eragindako kaltea ez zen oraindik nabarmentzen.

Baina, bat-batean, gero eta petrolio eta ikatz gehiago behar izan genuen, eta horrela iritsi zen 70eko hamarkadako lehen energia-krisi handia.

Gaur egun, ohartu gara energia zaindu beharreko baliabidea dela; ezinezkoa dela etengabean gero eta energia gehiago gastatzen ibiltzea inolako ardurarik gabe. Erregai fosilak ez dira agortezinak eta, dagoeneko, noiz bukatuko diren kalkuluak egiten hasi gara. Horrek eragin handia du prezioaren igoeran ere.

Tximinia

Erregai fosilen gehiegizko erabilerak ingurumenean eragindako kalteak nabarmenak dira. Hiri handietan dugun poluzioa izugarria da. Ezin arnastuzko airez inguratuta bizi gara, eta munduko klima ere aldatzen ari da. Atmosferara igorritako CO2-aren eta gas poluitzaileen kopurua gora eta gora doa, eta zerbait egin behar dugu hori geldiarazteko.

Energia berriztagarriak etorkizuneko itxaropena dira. Baina pentsa ezazu erregai fosilen inguruan dugun azpiegitura guztia garatzeko behar izan den denbora, ikerketa eta inbertsioa ez dela egun bateko kontua izan. Gaur egun, energia berriztagarri gehienak oraindik garatzen ari dira, eta gure energia-iturri nagusia erregai fosilak izango dira zenbait hamarkadatan.

Hortaz, gure baliabideak zaindu nahi baditugu, ezin dugu kontrolik gabe areagotu kontsumoa. Hala ere, hego Euskal Herrian, energia-kontsumoa % 30 hazi da azken 10 urteetan, eta 2004. urtean, % 4,7.

Energia aurrezteko hiru bide nagusi aipatuko ditugu. Alde batetik, teknologiaren laguntzaz, gero eta eraginkortasun energetiko hobea duten teknika eta gailuak garatu behar ditugu. Bestalde, energia asko eta asko alperrik galtzen dugu; galera horiek murriztea da, bada, bigarren bidea. Eta, azkenik, gure kontsumo-ohiturak zertxobait zainduz kontsumoa txikiagotu dezakegu.

Teknologia eraginkorragoak erabiltzea

Zentral termiko berria

Energia gutxiago erabiliz helburu bera lortzea da energetikoki eraginkorragoa izatea. Teknologiari dagokionez, energiaren arlo guztietan gertatzen ari da hobekuntza hori, hala nola, garraioan, sorkuntzan, etab.

Esate baterako, gaur egun, energetikoki eraginkorragoak diren autoak garatzen ari dira; hots, kilometro-kopuru bera egiteko, lehengoek baino energia gutxiago, erregai gutxiago, erabiltzen dute. Hala, kontsumo txikiagoko autoak erabiliz, erregai-kontsumoa jaitsi dute. Era berean, auto hibridoetan, eztanda-motorra eta motor elektrikoa txandaka erabiliz, kontsumoa txikiagotu egiten da; balaztatze-energia berreskuratuz, autoen bateriak kargatzen dituzte, eta potentzia handia behar ez denean motor elektrikoak higiarazten du autoa.

Elektrizitate-sorkuntzari dagokionez, ziklo konbinatuko teknikak erabiliz, % 30eko eraginkortasuna duten zentralen eraginkortasuna % 50etik gorakoa izan daiteke.

Ikus EEE-ren ikasgela didaktikoko energia-etiketaren azalpena

Ikus EEE-ren ikasgela didaktikoko
energia-etiketaren azalpena

Azken adibide gisa, etxeetan ere eraginkortasun energetiko desberdineko etxetresna elektrikoak dituzu. Etxetresna elektrikoen eraginkortasuna Atik Era bitarteko letren bidez adierazten da. A letrakoak dira eraginkorrenak, hau da, garbigailuen kasuan, kilo bat arropa garbitzeko energia gutxien kontsumitzen dutenak.



Energia-galerak murriztea

Aluminiozko leiho baten profila

Konturatu gabe, hainbat eta hainbat energia bidean galtzen da.

Adibide garbi bat eraikuntzetan dugu. Eraikuntzetan gero eta gehiago zaintzen da energia-kontsumoa. Bero asko galtzen da, eta, hortaz, energia asko, isolamendu desegokia izatearren. Leiho normalen ordez kristal bikoitzeko leihoak erabiltzen baditugu, energia gutxiago galduko dugu, eta energia-beharrak txikituko dira. Edo -eta hau are oinarrizkoagoa da- berogailua edo aire girotua martxan dagoenean leihoak irekita baditugu, energia galtzen ari gara.

Energia-kontsumoa jaistea

Azkenik, energia aurrezteko bide garrantzitsu bat energia-kontsumoa gutxitzea da. Izan ere, guk ere badugu energia-kontsumoa txikiagotzen laguntzeko erantzukizuna.

Bazenekien duela gutxira arte neguan kontsumitzen zela elektrizitate gehien, baina orain arazo handiak ditugula udan elektrizitatea ekoizteko? Badakizu zergatik? Bada, bat-batean ezin omen garelako aire giroturik gabe bizi.

Etxeko eszena. Aita irakurtzen eta semea jolasten.

Ohartu zara inoiz neguan zein tenperaturatan izaten duzun etxea gauez? Ez da gehiegizkoa? Agian, pare bat gradu gutxiagorekin ere eroso egon gintezkeen. Bestalde, ohiko bonbillen ordez eraginkorragoak diren hodi fluoreszenteak jarrita, energiaren % 80 aurrezten da. Gogora ezazu energia totalaren ia heren bat eraikinak berotzen eta argitzen kontsumitzen dugula.

Edo, eskolara zoazenean, begiratu inguruko autoei. Ez da arraroa ia auto guztietan pertsona bakarra joatea? Eta, autoz zoazenean, ezin da ibilbide bera egin ordu berdintsuetan garraio publikoa erabiliz? Badakizu autoen kea dela CO2-aren eta, ondorioz, berotegi-efektuaren eta aire-kutsaduraren sortzaile nagusietako bat?

Jolastu EEE-ren etxe interaktiboan.

Jolastu EEE-ren etxe interaktiboan.

Gure eguneroko ohiturak zertxobait zainduz energia-kontsumoa txikiagotzen lagundu dezakegu. Energia aurrezteko zenbait aholku irakurtzeko, egin klik etxean edo autoan. Jolastu, bestela, EEEren etxe interaktiboan.

Inork ez digu eskatzen erosotasunei uko egiteko, baina erosotasun-maila horrek neurrikoa izan behar du.

Jakin nahi duzu zure eguneroko jarduerek zer-nolako aztarna uzten duten munduan? Egin ondoko jasangarritasun testa, eta zuk zeuk atera ondorioak.

Puzzletek