Sarrera
Ingurune adimendunak
Etorkizuna imajinatzen
Artikulu orokorrak
Ikerketa
Arauak
Lanen erakusketa
 
Antolatzailea:

 
Babesleak:


  Teknoskopioa, asmatzaile gazteentzako sariketa

Aspalditik bizi gara era guztietako teknologiaz inguratuta. Zaila da guretzat imajinatzea gure mundua lagunei mezu elektronikorik bidali gabe, edo musika entzuteko CD-ROM irakurgailurik gabe. Oraingoz, ordea, teknologia hori erabiltzeko hainbat pausu ikasi behar ditugu. Ez da aski CD-ROM irakurgailuari laugarren abestia jartzeko esatea; irakurgailua nola erabili behar den jakin behar dugu, bestela alferrik baita. Berdin gertatzen da ordenagailuarekin. Ordenagailua maneiatzeko informatika ikasten dugu, eta programei teklatuarekin edo saguarekin ematen dizkiegu aginduak. Ez litzateke guretzat errazagoa teknologiak gure hizkuntza (gizakiok elkarrekin komunikatzeko dugun era) ulertuko balu? Pentsa. ‘Abestia entzun nahi dut’ esan, eta lagunarentzako mezua makinari diktatu, etxeko sofan etzanda gaudela. Erosoa, ezta?

Horrez gain, zergatik ez sortu beren kabuz 'erabakiak' hartuko dituzten elementuak edo tresnak? Teknologia horiek garatuz gero, gure nahien berri izan eta haiei erantzun egokia emango dien inguru batean biziko ginateke; ingurune adimendun batean. Gauza batzuk posible dira dagoeneko. Ordenagailuak hasi dira hizketan, eta bakarrik pizten eta itzaltzen diren etxetresnak badaude merkatuan. Garai batean zientzia­-fikzioa zirudiena errealitate bihurtzen ari da. Teknologiarekin komunikatzeko bide berriak ditugu, eta ingurune adimendunen garaia laster iritsiko da.

Ikertzaile ugari ari da mundu osoan teknologiarekin gizakiaren erara komunikatu ahal izateko bideak ikertzen, eta beste asko ari dira horietan oinarrituz erabili ahal izango ditugun aplikazioak asmatzeko lanean. Asmatzeko, ordea, lehenengo imajinatu egin behar dugu; ideia batetik abiatu behar dugu.

Hori da, hain zuzen ere, Teknoskopioa-k proposatzen dizuen erronka. Ikertzaile-lana egitea proposatzen dizuegu. Imajina ezazue, ingurune adimendunetan egiten den ikerketa oinarritzat hartuta, aplikazio berriak bilatzeko lanetan ari zaretela. Ikertzen denbora luzez ibili ondoren, gizartearentzako aurrerapauso handia ekarriko duen asmakuntza bat aurkitu berri duzue, eta aurkikuntza horren berri aurkezpen baten bidez eman behar duzue ingurune adimendunei buruzko biltzar batean.

Teknoskopioa asmatzaile gazteentzako sariketak imajinazio-ariketa bat proposatzen dizue: etorkizunean erabili ahal izango dugun asmakuntza bat proposatu behar duzue. Proposatzen duzuen aurkikuntza horrek ez du zertan erreala izan, zuen imajinazioa izango da sarituko duguna; hori bai, ingurune adimendunei buruz daukazuen informazioa erabili behar duzue zuen proposamenak argudiatzeko. Horretarako, egun dauden aplikazioetan oinarritu zaitezkete, eta erabilera berriak, eremu berriak imajinatu, eta abar.

Hori guztia egiteko hainbat eduki topatuko dituzue hemen, baita aplikazio errealen bat edo beste ere. “Ingurune adimendunak” izeneko ataletik hastea da gure gomendioa, zer diren jabetzen lagunduko baitizue, eta abiapuntu egokia da zuen lanak imajinatzen hasteko. Beraz, ekin imajinatzeari!