| |
Ikerketa
Orain arte irakurritakoarekin, jada jabetu zarete ingurune
adimendunak zer diren. Eta orain kontzeptu horiek guztiak
zertan aplikatzen diren ikasiko duzue. Ikerketaren atala
da hau.
Euskal Herrian nahiz munduan egiten den ikerketa ezagutzeko
gida bat izango da atal hau, baina, noski, gida horretatik
kanpo beste hainbat proiektu ere topa ditzakezue. Proiektu
horietakoren bat hautatu beharko duzue gero zuen aplikazio
'futurista' imajinatzeko.
Ikerketa horiek ezagutzeko, Interneteko ariketa hauxe egin
beharko duzue lehenengo. Pausoak ondo emanez gero, martxan
dauden hainbat proiektu ezagutuko dituzue, ingurune adimendunak
egia bihurtzeko garatzen ari diren proiektuak.
Has gaitezen bada!
 |
Argazkia:
AMIGO |
Lehenik eta behin, gure ingurukoak ezagutuko ditugu. Horretarako,
Basque
Research eta
Zientzia.net web guneak
dituzue. Web gune horietan gai honekin lotutako hainbat albiste
topatuko dituzue. Hamar baino gehiago daude Basque Research-en,
ea guztiak aurkitzen dituzuen. Gainera, robot berezi bat
ere badago hor tartean, Marisorgin du izena.
Kontuz, hala ere, ingurune-adimeneko hainbat albistez gain,
harekin zerikusirik ez duten beste hainbat topatuko dituzue
eta; zuek egin beharko duzue garbiketa. Basque Research-erako
pista bat emango dizuegu: albisteen goiko aldean, gako-hitzetan,
ingurune adimendunak jarriko du albistea gai horretakoa bada.
Albiste egokiak bestelako albisteetatik bereizten lagunduko
dizue horrek.
Bada laborategi bat, “Ingurune adimendunak geure artean” izenburudun
beste albiste bat, ingurune adimendunak sortzeko beharrezko
komunikazio-sareak azaltzen dituen hirugarren bat, ingurune
adimendunetarako mikrotxip bereziak garatzen dabilen Nafarroako
ikerketa-talde baten albistea, ingurune adimendunetan euskara
erabili ahal izateko AnHitz proiektua....
Etxerako aplikazioei buruzko berriak ere badaude. Izan ere,
etxe domotikoak ingurune adimendunen oinarria dira. Basque
Research-en sukalde domotikoak aipatzen dira, eta egosketa
automatikoki egiten duen eltzea, eta etxeko tresna elektrikoak
ahotsaren bidez kontrolatzeko sistemak. Gainera, Domolab
proiektuaren berri ere aurki dezakezue Interneten. Erabili
zuen gustuko bilatzailea (Google, Yahoo,...) eta egin proba.
Argazki interesgarriak daude, gainera!
Noski, horiez gain, badira etxera, lanera edo banketxera
sartzeko sistema berritzaileak garatzen ari direnak ere.
Horiek biometria erabiltzen dute sarbideak 'adimendun' egiteko.
Hau da, etxeko giltzak beti poltsikoan eraman ordez, egokia
litzateke ate parean jarri, kamera batek gure begiaren irisari
argazkia atera eta atea irekitzea, ezta? Horrelako ikerketak
ere geure inguruan ari dira garatzen. Egin proba biometria
hitzarekin Basque Research-en edo Interneten.
Eta zahartzen garenerako sistema berriak garatzen ere ari
dira beste hainbat talde; erortzen garenean laguntza eskatzeko
sistemak garatzen, gure osasuna neurtzeko gailuak egiten,
etab. Horretan ari dira Lifestech proiektuan, arropa adimenduna
garatzen. Izen hori pista handia da; gaztelaniaz dago informazioa.
Frantzian ere ibilgailu adimenduna sortzeko pausoak ematen
ari dira. Agian, etorkizunean, “Bilbora joan nahi dut!” esango
diogu autoari, eta berak bakarrik eramango gaitu. Zertan
dabiltzan jakiteko, jo ezazue Interstices web gunera eta
han bilatu. Benetako probak egin dituzte ibilgailuarekin,
eta horien argazkiak daude.
Horiez gain, Europan, Philips etxea da ingurune adimendunetan
aitzindaria, eta guk adibideetan erabili dugun aplikazioa
ikusi ahalko duzue haren web gunean. Web gune osoa dute ingurune
adimendunei buruz, ingelesez noski. Han, 7 proiektu aipatzen
dira: iCat, Ambilight, MiraVision, Virtual Fitness Coach,
Eassy Access, PML eta PHENOM. Guztiak oso interesgarriak
eta irudiak lagungarri dituztela.
Bilaketa horietan topatu dituzuenez gain, hauek dira Euskal
Herrian ingurune adimendunetan ikertzen diharduten zentro
teknologiko eta unibertsitate batzuk:
Robotiker, CEIT, ESI, EUVE, IKERLAN, LABEIN, TEKNIKER, VICCOMTech,
Nafarroako Unibertsitatea, EHU eta Mondragon Unibertsitatea.
Guztiak AmIGUNE proiektuan daude, ingurune adimendunak garatzeko.
Elhuyarrek, Fagorrek, Oronak eta beste hainbatek ere ikerketa-lerroak
dituzte.
Eta munduan, besteak beste, Philips, France Telecom, Siemens,
Microsoft, Motorola, Nokia, Telefónica, Telvent, Thomson,
VTT, Fraunhofer, Inria, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa,
Twente eta Lovaina ere ari dira halako lanetan. Badakizue,
oraindik gogoz bazaudete, ikus itzazue haien web guneak,
eta, zortea baduzue, proiektu interesgarriak topatuko dituzue.
Honezkero nahikoa informazio izango duzue, eta, beraz, orain,
ariketari amaiera emateko, aplikazioren bat probatzea proposatzen
dizuegu.
Scansoft eta
Ahotts proiektuetan,
guk idatzitakoa euskaraz ahots goraz esaten du ordenagailuak.
Horretarako, ahots-sintetizagailu bat erabiltzen dute. Probatu
eta ikusi nola dabiltzan.
Ariketa amaituta, zuen aplikazioa proposatzeko garaia da.
Badakizue, gorde interneten topatu duzuen ikerketaren baten
erreferentzia aurkezpenerako, eta, aplikazio horretatik abiatuta,
irudika ezazue zuen asmakuntza. Animo eta ekin lanari!
| |