Sarrera
Ingurune adimendunak
Etorkizuna imajinatzen
Artikulu orokorrak
Ikerketa
Arauak
Lanen erakusketa
 
Antolatzailea:

 
Babesleak:


  Annette eta Solomon giza ikaskuntzarako ingurunean


Giza ikaskuntzarako Ingurunea ikertzen ari den lantaldea bilkura egiten ari da. 10 eta 75 urte bitarteko partaideak bildu dira. Desio bera dute denek: ingurumena bera ulertu nahi dute, eta ingurumen-kudeaketa. Aholkulari bat ari da bilera dinamizatzen; talde-lana bideratu eta erraztu behar du, baina ez dauka zertan asko jakin ingurumen-arazoei buruz. Bilera egiten ari diren tokiak hotel bateko harreragunea ematen du, altzari erosoak eta dotoreak daude nonahi. 7.00etatik 23.00etara egingo da bilera. Zenbait parte-hartzailek badaramatzate 4-6 ordu bileran. Talde handi bat 9.30ean iritsi da. Programatua zegoen bezala, lantaldeko zenbait partaidek denbora eta espazio errealetan egin behar dute lan batera, eta horregatik eskatu zaie aldi berean etortzeko (inguruneak guztien agendak begiratu, erkatu eta programatu zituen zita egiteko).

Badator taldekideetako bat: gelara sartu da eta txoko batean jarri da lanean hasteko; bat-batean, ahots ezagun bat entzun du... "Kaixo Annette, bart etxetik egin zenuen lana jaso dut; gustura al zaude egindakoarekin?". Annettek erantzun du pozik dagoela basoen kudeaketarako proposatu duen estrategiarekin, betiere hura garatzeko erabili duen klima-eredua zuzena bada, eta ez dago hain ziur horretaz. Annette ikasle aparta da, eta oso aktiboa; horrenbestez, inguruneak esaten dio hobe lukeela eredu klimatikoaren arazoa konpontzen emango balu gaurko eguna simulazio interaktibo hobea erabilita. Inguruneak proposatu dio, horrez gain, azalpen labur bat egiteko beste taldekideei. Ingurunearekin solasean, eguneko lan-programa lotu du Annettek.

Elkarrizketa luzea gertatu da orain Solomon-en eta ingurunearen artean; Solomon heldu berria da, eta bat egin du taldearekin. Inguruneak Solomonen nortasunaz jabetu behar du; Solomon bera ezagutzen duen beste inguruneren bat ote dagoen galdetu dio, eta baimena eskatu dio bere aurrekarien inguruko informazioa biltzeko. Inguruneak jakin nahi du, orobat, zer esperientzia duen Solomonek ingurumen-ikasketei dagokienez. Informazio hori guztia lortu ondoren, bilerara sartzea proposatu dio inguruneak Solomoni.

Elkarrizketa pribatu horietan, taldearen egoera mentalak ingurunearekin daude sinkronizatuta; bakarkako lanak eta talde-lanak adostuta daude, eta, sarri, dinamizatzailearen programarekin ere bai, ingurunearen bidez. Zenbait kasutan, dinamizatzaileak egon behar du. Heldu direnekin hasi da programatutako osoko bilkura. Solomonek bere burua aurkeztu du. Annettek bere lanaren 3Dko aurkezpen bat egin du. Taldekide batek Annetteren erabakien gaineko zenbait galdera egin ditu, eta Annettek zeuden aukeretako batzuk proiektatu ditu hari erantzunez. Aurkezpenak irauten duen bitartean, dinamizatzaileak oharrak eta galderak pasatu dizkio inguruneari, eta gauza bera egiten ari da William, taldera gonbidatu duten beste aditu bat. William km askotara dago, baina, hala ere, interes handia du gaian eta taldearekin bat egin du, zenbait ohar eta galdera egiteko. Saioaren bukaeran aipatu dute Annetteren lanak besteena zer modutan osatzen duen, eta hurrengorako lan-programa prestatu dute. Inguruneak egin du lan-programarako proposamena, bakarkako saioak eta taldeko saioak kontuan harturik.

Egunean zehar, taldekideek eta azpitaldeek gune egokiak aukeratu dituzte ezartzeko; batetik, eroso egoteko, eta, bestetik, ikaskuntza-esperientzia egokiak lortzeko. Inguruneak dinamizatzailearekin adostu du zer nolako parte-hartzea izango duen saio osoan zehar. Maiz hitz egin dute biek egunean zehar, eta, hala, dinamizatzaileak une bakoitzean denbora zeri eskaini behar dion erabaki dute; beharrezkoa ikusi dutenetan, gainera, lan-programa aldatu dute. Guztia amaitutakoan, dinamizatzaileak eta inguruneak beste ingurune batzuekin negoziatuko dute esperientzia-trukaketa. Hurrengoetarako beharko diren pertsona-profilak ere eztabaidatuko dituzte. Ingurunean egingo duten denbora amaitzeko, parte-hartzaile bakoitzak hurrengoetarako egin beharko dituen etxeko lanak adostu dituzte; horretarako, hurrengorako zer espero den jakinaraziko die inguruneak.

.

    Laburpen teknikoa

  • Egoera honetan, ikaskuntza-prozesuak hobetzea lortzen da, berez, prozesua bera gertatu ahala, eta ikaskuntza-prozesu kolektibo horren memoria sortzen da.
  • Egoera hau da, dudarik gabe, lauretatik urrunen geratzen zaiguna. Egia bihurtzeko, garapen teknologiko handiak beharko dira ikusizko teknologien alorrean, eta are handiagoak ordenagailuz lagunduriko teknika pedagogikoen alorrean.
  • Bestalde, ingurune adimendunen etorkizun handiko ikuspegi soziala erakusten du, horiek bizikidetza sustatzeko nola erabil daitezkeen erakusten baitu.

Azalpen hauek Tecnalia Korporazio Teknologikoaren Tecnologías de
la Información y las Comunicaciones. Propuesta para el nuevo PCTS

aurkezpenetik moldatu ditugu
.