Sarrera
Ingurune adimendunak
Etorkizuna imajinatzen
Artikulu orokorrak
Ikerketa
Arauak
Lanen erakusketa
 
Antolatzailea:

 
Babesleak:


  Carmen: trafikoa, jasangarritasuna eta komertzioa


Ohiko astegun goiz bat da. Carmenek, esnatu, eta eguneko bidaia antolatu du. Ordu erdi barru abiatu nahi du lanera, eta AmI-ri eskatu dio, hitzez, bere ibilbide berdina egiten duen norbait topatzeko, elkarrekin lanera joan ahal izateko. AmI bidaien datu-basean hasi da bilaka, eta gidaria autoa konpartitzeko prest dagoela egiaztatu ondoren, 40 minutu barru pasatuko den lagun bat topatu du. Autoaren barruko biosentsoreak gidaria erretzailea ez dela detektatu du -hori da hain justu Carmenek bidaiak konpartitzeko jarritako baldintzetako bat-. Une horretatik aurrera, nahi izanez gero Carmen eta gidaria etengabe komunika daitezke elkarrekin (gidaria berandutuko balitz Carmeni abisua emateko, adibidez). Biek daramate gainean modu intuitiboan elkarrekin harremanetan jartzeko aukera ematen dien pertsonentzako tokiko sarea (PAN).

Kafea hartzen ari dela, erosketen zerrenda egin du Carmenek, gonbidatuak izango baititu afaltzen. Pastel bat ere egin nahiko luke, eta hozkailuak errezeta erakutsi dio. Pastela egin ahal izateko zer osagai falta zaizkion nabarmendu dio: esnea eta arrautzak. Erosketen zerrenda hozkailuko pantailan osatu, eta guztia gertuen dagoen banaketa-puntura bidaltzeko eskatu du. Banaketa-puntu hori denda bat, postetxea edo salgaiak jasotzeko auzoko beste edozein instalazio izan daiteke. Salgaiak modu adimendunean etiketatuta daude eta, horren bidez, Carmenek bere erosketa birtualaren nondik norakoak jarrai ditzake etxetik, bulegotik edo kaleko kiosko batetik. Egunean zehar erosketaren egoera zein den kontsulta dezake, eskatutakoa topatu duten ikusi, oniritzia eman, ordezko osagaien gainean galdetu eta non dauden eta nora joango diren jakin.

Berrogei minutu geroago eskaileretan behera joan da Carmen, bere gidaria iritsi baita dagoeneko. Autoan sartu den unean, VAN sistemak (autoentzako tokiko sarea) erregistratu egin du Carmen eta, hori eginez, martxan jartzeko agindua eman dio Carmenek ordainketa sistemari. Carmen autotik irtendakoan, mikroordainketa-sistema batek automatikoki transferentzia bat egingo du gidariaren kontura.

Autoan, nabigazio-sistema dinamikoak aurrerago istripua gertatu dela eta auto-ilara luzeak daudela jakinarazi dio gidariari. Sistemak ordezko bideak kalkulatu eta proposatu ditu. Aukeretako bat autotik gertu dagoen metro-geltokian uztea da. Bertan aparkatu eta bidaia metroz jarraituko lukete biek. Autoa utziz gero, Carmenek ordaindu beharrekoa bidaiaren iraupenaren eta distantziaren arabera murriztuko litzateke.

Metro geltokitik irten eta lanera oinez doanean, Carmenen PANak jakinarazi dio etxean aukeratu duen Chardonnay ardo-botilak beherapena duela. Ardo-botila erosketa-aginduan gehitu, eta etxerako itzulera-bidaia antolatu du Carmenek. Garaiz iritsi da lanera.

Etxerako bidean, partekatutako autoak ibilbidean duten bidegurutzera bizikleta bat gerturatzen ari dela detektatu du. Edonola ere, sistemak beti ematen die lehentasuna bizikletei, eta ez da istripurik gertatu. Azkeneko hamar egunetan hiri-gainean egon den presio altuko gerrikoak eguraldi ona ekarri du, baina atmosferako poluitzaileak ere ugaritu egin dira. Trafiko handieneko ordua da, eta poluzioa kontrol-mugatik gora dago trafiko-dentsitateak eraginda. Ondorioz, hiriko trafiko-zerbitzuak automatikoki jaitsi du motordun ibilgailu guztien abiadura-muga.

Carmen auzoko banaketa-puntura iritsi da (bere kale-izkinako denda) eta erosketak jaso ditu. Denda itxita dago dagoeneko, baina Carmenen erosketak entregak egiteko kutxa adimendun batean daude. Hartu dituen unean sistemak ordainketa egin du eta elementu guztiak Carmenen erosketa-zerrendatik ezabatu ditu. Zerrenda osorik dago. Etxean, hozkailuko pantaila hutsik egongo da.

Etxera iritsi denean, AmI-k ongietorria eman dio Carmeni, eta hurrengo egunean telelana egiteko proposatu dio: manifestazio handi bat iragarri dute hirian.

.

    Laburpen teknikoa

  • Egoera honetan, trafikoa eta salerosketak modu eraginkorragoan kudeatzeko erabiltzen da ingurune-adimena, ingurumenean eragiten den inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin eta hiriaren eraginkortasuna ahalik eta handiena.
  • Egoera hori urrun dago, eta errealitate bihurtzeko azpiegitura mailan garapen handia egin beharko lirateke. Gizarte mailan ere, portaerak aldatzea eskatuko luke, bidaiak konpartitzeko eta 'gure' autoa kanpotik kudeatzeko sistemak onartu beharko bailirateke.

Azalpen hauek Tecnalia Korporazio Teknologikoaren Tecnologías de
la Información y las Comunicaciones. Propuesta para el nuevo PCTS

aurkezpenetik moldatu ditugu
.