| |
Dimitrios
eta Ni Digitala (Ni-D)
Arratsaldeko lauak dira. Dimitrios, elikagaien multinazional
bateko 32 urteko langilea, kafea hartzen ari da bulegoko kafetegian,
nagusiarekin eta zenbait lankiderekin. Atsedenerako tartean
ez du inork gehiegi gogaitzerik nahi. Hala ere, etengabe ari
da mezuak eta deiak jaso eta erantzuten.
Harro dago 'gizakiekin komunikatuta egoteaz'. Bere lagun
eta lankide asko ere bai. Dimitriosek soinean darama, arropan
txertatuta (edo gorputzean), ahotsaren bidez aktibatzen den
'ate' bat; edo, bestela esanda, bere buruaren avatar digital
bat. 'Ni-D' edo 'Ni digitala' deritzo lagunartean. Dimitriosek
ingurunearekin duen elkarrekintzatik ikasteko, komunikatzeko,
ulertzeko eta erabakiak modu egokian hartzeko gaitasuna duen
tresna bat da 'Ni-D'. Hasiera-hasieran, Dimitriosek apur bat
programatu behar izan zuen tresna, eta orduan uste zuen aldian-aldian
eguneratu beharko zuela. Baina ez du horretarako beharrik
izan.
Bere 'Ni-D'-arekin eroso sentitzen da, eta haren erreakzio
'adimendunengan' fidatzen da.
Lauak eta hamarrean, bigarren mailako beste hainbat deiri
kasu egin ondoren -zailtasunik gabe eta formal erantzun ditu
'Ni-D'-ak, Dimitriosen ahotsa eta doinua egoki erreproduzituz-,
Dimitriosen emaztearen dei bat detektatu du 'Ni-D'-ak. 'Ni-D'-ak
hartu du deia, eta elkarrizketa laburra izan du emaztearekin:
zertan ari den azaldu eta pixka bat itxaroteko eskatu dio.
Aldi berean, Dimitriosen 'Ni-D'-ak beste 'Ni-D' baten mezu
bat jaso du; alboko metro-geltokian dagoen pertsona zahar
baten 'Ni-D'-arena, hain zuzen. Pertsona horrek etxean ahaztu
du bere botika, eta han inguruan non eskura dezakeen galdetu
dio bere 'Ni-D'-ari, hizkuntza naturalean. Kontua da Dimitriosek
bihotzeko arazo berdinak dituela eta botika hori bera erabiltzen
duela. Dimitriosen 'Ni-D'-ak eskura dituen datuak prozesatu
eta eskatzaileari emateko prestatu ditu. Gertuen dauden saltokien
zerrenda, ordezko botiken zerrenda eta autolaguntzako taldeen
kontaktua eman dizkio, baina Dimitriosen nortasuna ez ezagutaraztea
erabaki du (pribatasun-maila), eta Dimitriosen laguntza zuzena
ez eskaintzea ere bai (une horretan ez baitago eskuragarri).
Informazio hori guztia pertsona zaharraren 'Ni-D'-ari helarazi
dio, ez pertsona zaharrari, informazioa alferrik ez bikoizteko.
Bitartean, Dimitriosen emaztearen deiak Dimitriosi abisua
emateko bezainbesteko larritasuna duela ulertu du, eta aurrez
adostutako soinuarekin 'deitu' dio. Dimitriosek kafetegian
eskuragarri dauden displyaphone-tako batean hartu du deia.
'Ni-D'-ak erruz erabiltzen hasi zirenez geroztik, jende gutxik
eramaten ditu gainean terminal mugikorrak. Toki publiko eta
pribatu gehienetan eskuragarri daude, eta, bestela, zure 'Ni-D'-ak
beti esango dizu non dagoen badabilen bat! 'Larrialdia' seme-alaben
etxeko lanei buruzkoa da. Bederatzi urteko semeari Egiptoko
eguneroko bizimoduari buruz lan bat egiteko eskatu diote.
Dimitriosek, hiruko deiaren bidez, eskaria berriz bere 'Ni-D'-ari
pasatzea proposatu du, hark Egiptoko umeren batekin kontakta
dezan. Hamar minutu geroago, semea adin bereko neskato egiptoar
batekin ari da bideokonferentzia bidez hizketan, eta denbora
errealean izaten ari diren elkarrizketa hori -aldi berean
itzulitakoa- grabatzen ari da, etxeko-lanen zati izan dadin.
Komunikazio-prozesu guztia Dimitriosen 'Ni-D'-ak antolatu
eta kontrolatu du eta, bitartean, datu berriak jaso eta bestelako
eskakizunei ere erantzun die.
|
Laburpen
teknikoa
- Egoera honetan, Ni-digitala
(Ni-D) deritzon gailua darama soinean protagonistak.
Gailu horrek oso ongi kudeatzen ditu haren datu sozial
eta pertsonalak, bai eta komunikazio mailan dituen
lehentasunak ere.
- Enfasia elkarrekintza sozialean
egiten da. Ingurune adimendunaren portaera egokitu
egiten da protagonistaren nahien arabera.
- Teknologia honek eragozpen
bat du merkatuetan hedatzeko: garestia da.
Azalpen
hauek Tecnalia Korporazio Teknologikoaren Tecnologías
de
la Información y las Comunicaciones. Propuesta
para el nuevo PCTS
aurkezpenetik moldatu ditugu.
|
|
|