Sarrera
Ingurune adimendunak
Etorkizuna imajinatzen
Artikulu orokorrak
Ikerketa
Arauak
Lanen erakusketa
 
Antolatzailea:

 
Babesleak:


  Maria - Errepideko gerlaria


Hegaldi luze baten ondoren, aireportuko etorreren korridoretik dator Maria. Pisu arina dakar oraingoan; eskuko ekipajea soilik. Herri honetara datorrenean, badaki Mariak duela urte gutxi batzuk baino ekipaje askoz arinagoa ekar dezakeela. Lehen hainbat tresna elektroniko ekarri behar zituen: PCa, telefono mugikorra, agenda elektronikoa... Orain, berriz, eskumuturrean dakar guztia, P-Kom-a besterik ez du behar. Izan ere, herri honetara azkenekoz etorri zenetik, aurrerapen handiak gertatu dira; orain, ingurune adimendun bat eskaintzeko azpiegitura eskaintzen dute herri honetan, eta ikaragarriak dira aldeak. Bidaia VISA bidez ordaindu badu ere, Mariak ez du ezer egin beharrik izan; bere kabuz egin da ordainketa. Orain, immigrazioa kontrolatzeko gunean dabil, eta, lehen ez bezala, orain ez du ilaran itxaron behar; bere P-Kom-a ari da aireportuko ID kontrolarekin konektatzen.

Alokairuko auto bat dago bere zain. Hurbildu bezain pronto, autoa ireki egin da. Botoi bati sakatuta nahikoa da ibiltzen hasteko, ez du giltzarik behar. Mariak gidatu behar du autoa, hori bai, baina, biltzarrerako bidean, autoak lagundu egiten dio ; izan ere, duela bi urte jarri zuten martxan erakunde publikoek hiriko zirkulazioari laguntzeko sistema, nazio-mailako AmI ekimen gisa. Lehen, hiri barnean zeuden zirkulazio-arazoak benetako amesgaiztoa ziren, eta neurri gogorrak hartu behar izan ziren arazoari aurre egiteko. Orain, ordea, Mariak hiriaren erdigunean sartzeko lehentasuna du, hoteleko aparkalekuan baitu tokia erreserbatuta. Hirira iristen diren atzerritarrek lehentasuna dute orain hirigunean ibiltzeko; ordainduta, jakina. Bere garaian, hiri barneko ibilbideei prezioa jartzeko neurriak ezarri zirenean, arazo handiak egon ziren; ordainetan, erakunde publikoek garraio publikoan inbertitu zuten sistema berriarekin lortuko zen diruaren zati handi bat. Mariak, hala ere, prezio onean lortu du ibilbidea. Autoan doala, gainera, bere alaba hasi zaio hizketan etxetik; izan ere, Mariaren etxean "Etxean" izeneko sistema bat dute; sistema horren bidez, etxekoek jakin dezakete zuzeneko ahots-kontaktua posible den lekuren batean dagoela Maria. Hirian gidatzeko laguntza handia duen arren, kontzentrazioa nahi du Mariak, eta geroxeago deituko diola esan dio alabari.

Iritsi da lur azpiko garajearen sarbidera. Eraiki berri den hotelaren azpian dago. Atezainak egin dio harrera; istorio honetako pertsonen arteko lehenengo kontaktu zuzena! Ekipajea eraman dio gelaraino. Gelak Mariaren 'nortasuna' hartzen du hura sartu bezain pronto. Gelako tenperatura, lehenetsitako argiztapen-maila eta bideo- eta musika-aukeren zerrendak ikus ditzake Mariak bideo-horma batean. Ahotsaren bidez, argiztapen-maila aldatzen du, eta bainua prestatzen hasteko agindua eman du. Horren ondoren, alabari deitu dio bideo-hormako aukerak erabilita. Elkarrizketa aurrera doala, alabak esan dizkion berriak bilatu ditu bere herriko aldizkarian,urruneko kontrol-sistema baten bidez nabigatuz. Ama eta alaba elkarri begira egon dira.

Eman behar duen hitzaldiaren aurkezpena testuinguruan kokatu nahi du; inguru hartako zaletasunetan aditua den agente baten laguntzari esker, tokiko kolore-zaletasunez eta hango hizkuntzaren ñabardurez jantzi du Mariak bere aurkezpena. Amaitutakoan, bere lantokiaren Europako egoitza nagusiko zerbitzari seguruan gorde du lana. Hoteleko mintegian, merkaturatzea egingo den aretoan, alegia, aurkezpenaren bertsio enkriptatu bat deskargatuko du Mariak; aurkezpenak, amaitu ondoren, minutu eta erdi iraungo du desenkriptatuta. Badoa beheko solairura bere aurkezpena egitera... oso urduri jartzen da halakoetan. Berak bakarrik horrelako aurkezpen bat egiten duen lehen aldia da, eta, gainera, jakina da aurrez aurre izango dituen bezeroak oso zorrotzak direla. Bilerara iristear dagoela, bere komunikazio-kanalen sarbide-maila murriztu du; hala jarraitu bitartean, larrialdiko mezuak besterik ezingo zaizkio iritsi, maila gorriko mezuak. Bilera gogorra izan da, baina pozik dago Maria. Emaitza onak jaso dituela uste du. Bileratik atera eta berehala, komunikazio-kanalen sarbide-maila ireki du berriro. Maila laranjako hainbat mezu ditu irakurtzeko; horietako bat bere bihotza kontrolatzen duen txiparena da, atsedena hartzeko eskatzen dio. Egun luzea eta gogorra izan da. Meditazioa eta sendagairen bat behar ditu; meditatzeko, kontzertu bat aukeratu du Mariak bideo-horman ikusteko... sendagai gisa, berriz, txokolatezko edari fresko-fresko bat!

    Laburpen teknikoa

  • Egoera honetan, negozio-bidaian dagoen exekutibo baten nondik norakoak kontatzen dira.
  • Eskumuturrean daraman P-Com baten bidez (Personalised Ambient Communicator) kudeatzen ditu protagonistak bidaiak irauten duen bitartean beharrezko dituen komunikazio-ekintza guztiak.
  • Erabiltzaileari ahalegin handirik eskatu gabe, norbanakoaren eraginkortasunari ingurune adimendunak ekar diezazkiokeen onurak nabarmentzen dira.

Azalpen hauek Tecnalia Korporazio Teknologikoaren Tecnologías de
la Información y las Comunicaciones. Propuesta para el nuevo PCTS

aurkezpenetik moldatu ditugu
.