Sarrera
Ingurune adimendunak
Etorkizuna imajinatzen
Artikulu orokorrak
Ikerketa
Arauak
Lanen erakusketa
 
Antolatzailea:

 
Babesleak:


 

Hauek dira Teknoskopioa sariketan parte hartzeko arauak:

 

Zer eskatzen dizuegu?

Aurkezpen bat.

Sarreran aipatu dugun bezala, ingurune adimendunaren arloan ikertzen ari zareten zientzialariak zarete, eta azken aurkikuntzen berri emango duen biltzar batean aurkeztu behar duzue zuen ikerketa-taldeak egin duen aurkikuntza. Biltzar horretan hitzaldi bat eman behar duzue, eta hitzaldi horretan zuen asmakuntzaren berri emateko aurkezpen dotore bat prestatu duzue. Aurkezpen horrek Power Point edo horren pareko programaren batean egindakoa izan behar du. Diseinua librea da.

Eta zer eduki izan behar du aurkezpen horrek?

Aurkezpen horretan, imajinatutako aplikazioaren datuak idatzi behar dira; hauek, hain zuzen ere:

o Aurkezpena (asmakuntzaren izena, asmatzaile-taldeko partaideen izenak, ikastetxearen izena eta herria).
o Abiapuntua (dokumentazioan aurkitutako ikerketa baten azalpen laburra).
o Asmakuntza (ikerketa horren aplikazio “futurista” baten proposamena).
o Funtzionamendua (asmakuntza horrek nola funtzionatuko lukeen).
o Teknologia (zer teknologia erabiltzen duen asmakuntzak).

Aurkezpenean ematen diren azalpenek ulerterrazak izan beharko dute. Horrez gain, erakargarriak izan beharko dute, eta garrantzitsua izango da alde grafikoa. Aurkezpenak 10 diapositiba izango ditu gehienez.

* Adibide bat eransten dizuegu, gidatzat erabil dezazuen.

Lanak euskaraz aurkeztu behar dira.

Nork har dezake parte?

Teknoskopioa-n batxilergoko ikasleek eta lanbide-heziketako ikasleek har dezakete parte. Ideiak edo proiektuak taldeka aurkeztu behar dira, eta gehienez lau ikertzaileko taldeak onartuko dira.

Zer sarituko da?

Asmakuntzak saritzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Arrazoibidea sinesgarria izatea. Ingurune adimendunen oinarrizko kontzeptuak ulertzen direla erakutsi behar da.
2. Aplikazioak gizarteari ekarriko liokeen onura.
3. Aurkezpena landuta egotea.
4. Originaltasuna.

Epaimahaia

Ingurune adimendunak ikertzen diharduten adituek erabakiko dute Teknoskopioa sariketako sari nagusia nori eman.

Noizko bidali behar dira lanak?

Aurkezpenak urriaren 27a baino lehen bidali behar dira teknoskopioa@elhuyar.com helbide elektronikora.

Jasotzen diren lan guztiak www.zientzia.net/teknoskopioa helbidean jarriko dira ikusgai, “Lanen erakusketa” atalean.

Sariak eta sari-banaketa

Sari-banaketa Elhuyar Fundazioak Usurbilen duen egoitzan izango da, azaroaren 10ean.

Lan irabazlea egin duen taldeko kide guztiek iPod bana (mp3 irakurgailu bana) jasoko dute VICOMTech zentro teknologikoari esker. Gainera, irabazleen ikasgelak VICOMTech-era bisita gidatua egingo du sari-banaketako egunean bertan arratsaldez. Bisita horretan, hango laborategiak eta ingurune adimenduneko proiektuak ezagutuko dituzte.

OHARRA: Autobusa ikastetxeak jarri beharko du.

Zalantzarik bai?

Zalantzarik, galderarik,… baduzue, hauek dira gurekin harremanetan jartzeko bideak:

TEKNOSKOPIOA ASMATZAILE GAZTEENTZAKO SARIKETA
ELHUYAR FUNDAZIOA
Zelai Haundi, 3. Osinalde industrialdea
20170 Usurbil
tel.: 943 36 30 40
teknoskopioa@elhuyar.com