|
Naturak erabiltzen duen nanoteknologia
Teknologiarik
aurreratuenen pare jarri da nanoteknologia. Baina ez ahaztu
teknologia gehienek bezala naturan bertan duela oinarria.Ez
al gara bizidunak makina ia perfektuak? Erreparatu iezaiozu
begi bati. Ikusteko diseinatu den makina ia perfektua da.
Baina ez kanpotik ikusten zaion formagatik, baizik eta barrua
osatzen duten proteinak zehaztasun handiko nanomakinak direlako.
Milioika urteko eboluzioaren ondoren, proteina bakoitza lan
bat egiteko espezializatu da. Kolore bakoitza hautemateko
-alegia, uhin-luzera jakin bateko argia detektatzeko- proteina
jakin bat dago begian; ez du edozeinek balio. Atomo jakin
batzuk behar ditu, eta era jakin batean antolatuta gainera.
Adibide
gehiago: birusek ere -itxuraz oso sinpleak- bizidun garatuenek
bezain proteina konplexuak sortzen dituzte. Begira zer nolako
nanomotorrak dituzten DNA molekulak sartu eta ateratzeko.
Izan
ere, naturan automatikoki lan egiten dute molekulek, etengabe.
Gure organismoan gertatzen den edozein erreakzio, edozein
ekintza, lege fisikoek eta kimikoek bideratutako prozesuak
baino ez dira. Eta proteinak, gure langileak: biomakinak.
Begira adibide batzuk:
Zergatik
ez imitatu guk ere, teknologia berriak sortzean?
Begiratu
orain pago bati. Enbor sendoa du oso; gorantz hazten doan
neurrian, are sendoago. Baina sendotasun horren sekretua enborraren
barruko ehunetan dago, barruko molekula txikietan: zelulosa,
hain zuzen ere. Azukre-molekulak era jakin batean antolatuta
bakarrik lortzen da zelulosa horren sendoa izatea.
Atomoak
beste era batean antolatuz gero, zelulosa ez litzateke izango
beste edozein molekula baino sendoagoa. Hortxe nanoteknologiaren
sekretua: ikus dezagun nola antolatzen diren atomoak naturan,
eta antola ditzagun gure gustura. Nahi dugun prozesua egiteko.
Imagina ditzakegun nanomakinarik perfektuenak lortzeko.
|