| |
Nanomedikuntza
Giza
gorputza ehunez osatuta dago, ehunak zelulaz, zelulak molekulaz,
eta molekulak, handiagoak nahiz txikiagoak izan, atomoz...
Atomora iritsitakoan sartu gara nanoeskalan.
Molekulek egiten dute lan zelulan, eta medikuntzan
jakina da zeluletako molekulen egitura-aldaketak daudela gaixotasun
askoren oinarrian. Horrenbestez, molekulekin egiten dugu borroka,
medikamentuekin alegia. Baina molekulak nanoeskalakoak diren
arren, gorputzeko zonalde handiak jartzen ditugu haien eraginpean,
ez baitago modurik modu lokalizatuagoan lan egiteko.
"Nanoarazo" lokalizatuei, alegia,
"makrokonponbide" orokorrak aplikatzen dizkiegu
gaur egun.
Minbiziaren adibidea begi-bistakoa da. Ehunen
hazkuntza ezohiko baten ondorio da gaixotasuna, eta, arazoa
nanometroen eskalan uler badaiteke ere, egun hartzen diren
neurriak makroskopikoak dira; ehun kaltetuak erauzten dira
edo kimioterapia eta erradioterapia erabiltzen dira. Azken
horiek, baina, gorputz osoari eragiten diete!
Infekzioekin gauza bertsua gertatzen da, baina,
agian, ez hain begi-bistakoa. Izan ere, infekzio bat dugunean,
penizilina hartzen dugu; hala, baina, akabatzen ditugu, bai,
infekzioa sortzen diguten bakterioak, baina horiek ez ezik,
baita gorputzak berak dituen bakterio "onak" ere
(heste-flora, adibidez). Maila molekularreko sendagaiak erabili
ditugun arren, modu makroskopikoan erabiltzen ditugu.
Medikuntzan, bada joera
geroz eta teknika lokalizatuagoak eta tresna txikiagoak erabiltzeko.
Beraz, nanoteknologiaren eskutik etor daitekeen aurrerapena
izango da hori hobetzea; oso modu lokalizatuan lan egingo
duten nanorobotak sortzea, adibidez.
Hala eta guztiz ere,
bada lorpenik nanomedikuntzan; kamera endoskopikoa, adibidez.
Ikusita daukazu, irakurle, Richard Fleischer-en Bidaia harrigarria
filma? Bada, zientzia-fikzioko pelikula bat da; itsaspeko
bat, ikertzaile-talde bat barruan duela, giza gorputz batean
injektatzeko moduko tamainakoa izan arte txikiagotzen da.
Helburua, gorputz horrek duen gaixotasun bati eraso egitea.
Ezin pentsa genezake, inondik inora, halakorik
benetan gerta litekeenik. "Txikiagotze" hori ezinezkoa
da, zientziaren ikuspuntutik. Aldiz, pentsa liteke eskala
horretako zerbait asma litekeela gure gorputza arakatzeko
eta konpontzeko?
2000n, komunikabideetan zabaldu zen asmatu zutela, eta, horrez gain, hamar pazienterekin
probatu zutela. Asmakizuna aspirina baten tamainako kamera
grabatzaile bat zen, gaixoak irentsi behar zuena, eta, gorputz
osoa zeharkatu eta hesteen irudi guztiak jaso ondoren, gorozkiekin
aterako zena. 10 gaixo horien kasuan, esperimentuak oso ondo
funtzionatu zuen, eta oso bereizmen handiko irudiak lortu
ziren. Asmakizuna Erresuma Batuko eta Israelgo zenbait ikertzaileren
elkarlanaren emaitza izan zen, eta, dirudienez, praktikan
jartzeko moduko asmakizuna da.
2004ko abuztuan jakin denez, berriz, arteriak
buxatuta dauden ala ez ikusteko erabiliko den tresna nanometriko
bat garatu dute Erresuma Batuko zenbait biofisikarik. Ultrasoinuak
igortzen ditu, eta seinalea jasotzean ikus daiteke zer-nola
dagoen arteriaren barrualdea.
Bada, lortu da nanoeskalako teknologia baliatzea
medikuntzako aplikazioetarako. Gorputzaren nanoeskalako gaitzak
zuzentzen dituen nanoasmakizunak aurkitzea da, orain, erronka.
Ikus zertan diren nanomedikuntzaren ikerketa-lerro
nagusiak.
|
|