Sarrera
Nanoteknologia
Naturan
Nanomedikuntza
Nanoelektronika
Nanomaterialak
Nanobitxikeriak
Nola egiten da lan?
Inguruko ikerketa
Galderak, zalantzak...
Estekak
Lehiaketa
Irakaslearentzako
Lanak

 

 

 

Castellano


Arazoak, zalantzak, galderak...

 

Gaur egun, nanoteknologia etorkizunerako proiektua da; gero eta makina txikiagoak ari gara egiten. Kasu batzuetan, egin egin dira nanomakinak, baina oso urruti gaude prozesu industrialean normaltasunez integratzetik.

Etorkizuneko espekulazioa ez da hor bukatzen. Richard Feynman estatubatuarrak, 1965ean Fisikako Nobel saria eskuratu zuenak, oso gauza interesgarriak proposatu zituen: nanomakinak egiten dituzten nanomakinak egin litezke, eta eskala nanoskopikoan funtzionatzen duen industria osatu ahal izango da. (Ikus artikulua, gazteleraz.)

Dena dela, zer gertatuko da miniaturizazioarekin garai horretara iristen garenean? Posible izango da oraindik ere makina txikiagoak egitea? Non dago muga?

Oraingoz, muga atomoa da, atomoa baino txikiagoak diren gauzak egiteko izugarrizko energia behar delako, eta, guk dakigula, ez dago modurik horrenbeste energia modu jarraian eta kontrolatuan emateko. Zaila da atomoa baino txikiagoa den zerbait erabiltzea.

 

Baina zalantzak eta espekulazioak ez dagozkio egin ahal izango dugunari bakarrik. Nanoteknologiaren arriskuen inguruan ere eztabaidak daude. Adibidez, oraindik ez dago batere argi zer eragin izan ditzaketen nanopartikulek ingurumenean eta osasunean. Gutxi ikertu da, baina dagoeneko dozena bat txostenetan agertu dira zalantzak. Nanomedikuntzan erabili nahi diren nanopartikula batzuk laborategiko animalien gibelean pilatzen direla ikusi dute. Beste batzuek arrainaren garuna kaltetzen ei dute... Osasunerako kaltegarriak ote dira? (Ikus ¿Utopía... libre de riesgos? eta Cómo acabar con el miedo nanotecnológico artikuluak gaztelaniaz).

Eta, ekologiaren ikuspuntutik? Atera kontuak: 2 g inguru pisatzen duen txip arrunt bat egiteko, 1,6 kg erregai fosil, 72 g gai kimiko eta 32 kg ur behar dira (ikus artikulua). Oso txikiak direlako eta egiteko prozesuak oso zehatzak direlako gertatzen omen da hori. 'Nano' eskalan okerrera egingo al dugu? Edo, iraultza hain handia izango da, ezen dena hankaz gora jarriko baitu?

Nanoteknologiaren aitatzat jo izan den Eric Drexler-en arabera, manufaktura-prozesu tradizionala erabat zaharkituta utziko du nanoteknolgiak. Adibidez, ez da altzairu-galdategirik egongo, eta ez da erabiliko makina handi eta garestirik, ez erregai fosilik. Eta ehunka langile beren lanik gabe geratuko dira. Altzairua molekulaz molekula sintetizatuko duten trilioika 'nanoboteko' nanolantegiak izango ditugu. (ikus artikulua gaztelaniaz). Gauza bera gertatuko omen da paperarekin, arroparekin, janariarekin, birusekin... guztiarekin. Posible da hori? Eta... nahi dugu hori?

Dudarik ez da, ikerketa zientifikoak aurrerapausoak ekarri dizkio gizarteari, baina badira, ordea, arriskuak ikerketa zientifikoen ondorioz...

 

 
Naturan Nanomedikuntza Nanoelektronika Nanomaterialak Nanobitxikeriak Nola egiten da lan? Gure inguruko ikerketa Arazoak, zalantzak... galderak