|
Gorputzean zelula
anormalak kontrol barik hazten eta hedatzen direnean, eta zelula horiek
ehunak eta organoak hondatzen dituztenean, minbizia eragiten dute. Gaixotasun
bakarra balitz bezala aurkezten badute ere, minbizia ez da gaixotasun
bakarra.
Minbizia izendapenean
gutxienez 100 gaixotasun biltzen dira, antzekoak baina ez berdinak. Minbizien
eragileak
bi motakoak izan daitezke, batetik genetikoak eta bestetik kanpoko faktoreak
-erradiazioak, birusak, elikadura
-. Gaixotasuna genetikoa izateak,
dena den, ez du esan nahi belaunaldien artean transmititzen denik, baizik
eta minbizi guztiak zelulen geneetan mutazioak gertatzearen ondorio direla;
baina herentziazko minbizi-mota batzuk badira. Batzuetan zein besteetan,
zelulen hazkunde okerraren ondorioz tumoreak
sortzen dira.
 |
| Fibroadenoma
onbera eta gaiztoa |
Tumorea sortzea txarra
da, baina tumorea hedatzea are eta okerragoa. Prozesu horri kartzinogenesi
deitzen zaio. Kartzinogenesia osa dadin ezinbestekoa da zelulen metastasia;
hau da, zelula gaiztoak beste zelula, ehun edo organoak kutsatzea. Tumorea
hazi besterik egiten ez denean, tumorea onbera dela esaten da eta askotan
kirurgia bidez ken daiteke; hedatzen denean, berriz, gaiztoa dela esan
ohi da. Minbiziaren aurkako tratamenduek huts egiten dutenean, gehienetan
metastasia izaten da erruduna.
Tumorea detektatu
ahal izaten denerako, normalean handia izaten da -0,5 zentimetroko diametrokoa
X izpien bidez detektatu ahal izateko eta zentimetro batekoa ukimenaren
bidez detektatu ahal izateko- eta milioika zelulek osatzen dute. Edozein
tumoreren zelulak zelula bakarretik sortutakoak direnez, tumorea osatzeko
prozesua oso luzea dela uste dute adituek; diotenez, hamar urtetik gorakoa.
Giza gorputzean 200
zelula-mota inguru daude. Izatez guztiak dira minbizia
garatzeko gai, baina minbizi-kasu guztien % 90 zelula epitelialek
sortutakoak dira, kartzinomak; gainerako ohikoenak, berriz, giharretako
zelulak -sarkomak-, odolekoak -leuzemiak, linfomak eta mielomak- eta nerbio-sistemako
zelulak -neuroblastomak eta gliomak-sortutakoak izaten dira.
Datuen
arabera horrela pentsa badaiteke ere, horrek ez du esan nahi zelula epitelialek
gaixotzeko ahalmen berezia dutenik, baizik eta gaixotasuna areagotzeko
gaitasun handiagoa dutela eta -dauden tokietan daudelako-kanpoko faktoreekiko
babes txikiagoa dutela.
Azken 25 urteotan
minbizia garatzen duten zeluletan gertatzen diren aldaketa genetikoei
buruz askoz gehiago daki zientziak. Horri esker, orain lehen baino hobeto
ezagutzen da zelula normalak anormal bihurtzen dituen prozesua.
 |
| Minbizia izendapenean
gutxienez 100 gaixotasun biltzen dira |
Argi dagoenez, zelulan
ugalketa nola kontrolatzen den eta kontrol hori nola galtzen den, zelula
horiek inbaditzaile nola bihurtzen diren eta gorputzaren erantzun immunologikoari
nola egiten dioten ihes jakiten denean, minbiziaren eragina gutxituko
duten drogak eta tratamenduak
aurkitu ahal izango dira. Dirudienez ezagutza eta teknologia berriak sortzeak
eta giza genoma osatzeak, hemendik urte batzuetara lagundu egingo dute
minbizi-mota bakoitzean eta gaixo bakoitzean gertatzen diren aldaketa
genetikoak identifikatzen eta saihesten. Hori iristen denean detekzioa
lehenago egin ahal izango da, diagnosia hobea izango da eta tratamenduak
eraginkorragoak izan ahalko dira.
Bien bitartean, aditu
guztien arabera prebentzioa
da minbiziaren kontrako neurririk eraginkorrena, hau da, gaitza garaiz
antzematea.
|