|
Zenbat planeta
daude eguzki-sisteman. Bederatzi, noski! Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte,
Jupiter, Saturno, Urano, Neptuno eta Pluton. Baina zientzialariek besteren
bat egon litekeen susmoa izateko arrazoiak plazaratu dituzte. Hamargarren
planetarena, ordea, ez da kontu berria.
Eguzki-sistema
astroz josita dago. Eguzkia bera eta planetez gain, milaka asteroide,
kometa
eta bestelako materia-puskak daude mota guztietako orbitetan. Eta Newtonek
iragarri zuen bezala, orbita horiek guztiak inguruko astroen indarrak
jasotzen dituzte. Horregatik, edozein astroren orbita neurtzen denean,
astronomoek orduak eta orduak ematen dituzte inguruan daudenen eraginak
antzematen.
Metodo horrekin aurkitu
izan dira planetak historian zehar. Kontuan hartu behar da begi hutsez
bilatuz gero, ikus daitekeen planetarik urrunena Saturno dela. (Egia esan,
zehazki non dagoen jakinda eta zerua gardena dagoen egunetan Urano
ere ikus daitekeela aldarrikatzen dute astronomo batzuek).

Planeta hipotetiko
asko 'aurkitu' dira. Besteak beste, Lurrak bi ilargi izan zitzakeela esan
da inoiz. Planeten zerrenda ofizialetik kanpo daudenak erraz ukatzen ditugu.
Gaixoa planeta berriak ikusten saiatzen dena. Baina, alde batetik, jakin-minak
sustatu dituzte aurkikuntza berriak eta, bestetik, eguzki-sistematik kanpo
dauden planetak (exoplanetak)
izugarri ari dira aipatutako zerrenda hori handitzen.
|