|
"Behi eroen
gaitza" deitzen bazaio ere, gaixotasunaren izena behien
entzefalopatia espongiformea da. Enzefalopatia hitzak burmuineko gaitza
dela esna nahi du eta espongiformeak, berriz, burmuinak hartzen duen itxura
adierazten du, belaki baten moduan zuloz betea gelditzen baita.
Nerbio-sistemari eragiten
dio eta sintoma deigarrienak, besteak beste, koordinazio-galera eta jokaera
erasokorra dira. Beste
ezaugarri bat behia kutsatu eta gaitza azaltzen denerako denbora asko
pasatzen dela da; hau da, gaixotasunak garatzeko urteak behar ditu. Baina
lehen sintomak azaldu ondoren, oso azkar hedatzen da eta animalia heriotzara
eramaten du. Dena dela, diagnostiko zuzena egiteko, burmuineko lesioak
aztertu behar dira.
Gaitzak, batez ere,
Britainia Handiko behiak harrapatu ditu, baina ez horiek bakarrik. Espainiako
eta Frantziako azken berriek, Irlandan bere sasoian gertatutakoek, edo
Suitzan, Danimarkan, Alemanian, Portugalen, Kanadan, Italian, Herbehereetan,
Belgikan, Luxenburgon, Polonian eta Liechestein-en eman diren kasu bakanek
argi erakusten dute gaixotasuna ez dela britaniarren uhartera mugatzen.
Gaixotasuna hedatzen ari da nazioarteko behien artean.
Lurraldetasunarena
ez da behien gaitzak zeharkatu duen muga bakarra, izan ere 1996an iragarri
zen 4 pertsona hil zirela behien entzefalopatia espongiformearen ondorioz,
Creutzfeldt-Jakob
sindromearen bertsio berriaren ondorioz, alegia. Hau
da, behi eroen gaitza -behien entzefalopatia espongiformea- gizakietan
Creutzfeldt-Jakob sindromearen bertsio berria bihurtu zen. Beraz, espezien
arteko muga gainditzeko gauza izan zen. Kezkarik biziena hortik dator,
gizakiak gizakiari transmitituko al dio gaixotasuna?
Gizakietan lehen kasuak
agertu ondoren, Britainia Handiko behien merkatuari atea itxi zioten munduko
herrialdeek; gerora gauza bera egin zuten Europako herrialdekoekin ere.
Krisia larriagotu denean, beste neurri batzuk jarri ziren martxan, adibidez,
behien elikadurarako abere-irinez
egindako pentsuak debekatu zituzten. Estatu espainiarrak ezarritako errege-dekretu
baten bidez jakinarazten dira Europako Batasunak hartutako neurriak. Horien
artean, 30 hilabetetik gorako animaliei hiltegietan
errutinazko burmuinaren analisia egitea dago. Horrela, kutsatutako haragia
kontsumitzaileengana iristea eragozten da.
Horretaz gain, hiltegietako
hondarrak debekatu egin dira erabat elikaduran, ongarrien parte ere ezin
daitezke izan, ez eta umeentzako janarien eta kosmetikoen parte. Azken
aldiko eztabaida eta neurriak, berriz, gogorragoak dira. Eta hortik sortzen
da galdera: zer gertatzen da hondar horiekin guztiekin? Erantzutea zaila
da. Ezin
dira guztiak erre, masa handia izateaz gain eta horrek poluzio ikaragarria
sortzeaz gain, inork ez dakielako prozesua segurua den edo ez. Baliteke
erretzearen ondorioz sortutako hondakinak besteak baino arriskutsuagoak
izatea. Erronka, beraz, hor dago. Kontua ez da soilik gaixotasuna geraraztea
-oraingoz erabat ezinezkoa, prioiak
ezin baitira suntsitu-, baizik eta prioiari gizakien artean birziklatzeko
aukerarik ez ematea.
Badirudi prioiekin
harremanik ez izanez gero -hau da, gaixotutako behien okelarik jaten ez
bada- ez dagoela gaixotzerik. Adituak, ordea, kezkatuta daude, transmisio-bide
gehiago izan daitezkeela uste baitute. Bestalde, ikertzaileak tratamenduen
bila ari badira ere, oraingoz ez dute emaitza onik lortu. Hori dela eta,
Europako Batasunak ikerketen lehentasunak ezarri ditu eta laborategien
arteko elkarlanaren beharraz ohartarazi du.
|