|
Aurreko atala
irakurri baduzu, jakingo duzu egunero sortzen duzun hondakin kilotik 800
gramo zabortegira joaten direla. Gizakiak bizilekutik urrun metatu izan
ditu antzinatik hondakinak, eta askok ez dakite zaborrontzian utzitako
poltsarekin zer gertatzen den.
Zabortegian pilatzen direla, bai, baina nola? Eta noiz arte?
Duela ez hainbeste
zabortegiak gutxi gorabehera edonon jartzen ziren. Herritik urrun samar
zegoen ibar txiki bat, zulo bat edo sakonune bat birritan pentsatu gabe
aukeratzen zen zabortegitzat. Han pilatzen ziren hondakinak, bere kasa
hartzitu eta pixkanaka desagertuko
ziren esperoan. Ingurumenaren gaineko eraginak aztertzea, lurraren ezaugarri
geokimikoak kontuan hartzea, hondakinak kudeatzea... gauza berri samarrak
dira. Noski, ez zen gaur egun bezainbeste zabor sortzen eta gehiena materia
organikoa izaten zen.
Zorionez, hondakinak
etxetik urrun botatzeak gaixotasun asko saihesten lagundu dio gizakiari,
zaborra dagoen tokietan karraskariak, intsektuak eta mikroorganismoak
ugaritu egiten baitira. Erdi Aroan, zabortegietan hazitako mikroorganismoek
eta arratoiek izurri beltza zabaldu zuten Europan; eta, oraindik ere,
munduko herrialde pobreenetan kolera-izurriteak izaten dira hondakinek
poluitutako urarengatik.
Zabortegi kontrolatugabeek
airea, ura, paisaia, landaredia, fauna eta gizakia kaltetzen dituzte.
Hondakinak erretzen badira, kean egoten diren partikulek arnasbideetako
gaixotasunak sor ditzakete, eta zaborraren hartziduratik sortutako gasak
arriskutsuak izan daitezke: metanoa lehergarria da eta hidrogeno sulfuroak
ikaragarri usain txarra du. Gainera, zabortegian behera iragazten den
urak hondakinetako produktu disolbagarriak hartzen ditu (edozer gauza:
piletako merkurioa, pestizida-hondarrak, plastikoen osagaiak...) eta inguruko
erreka edo akuiferoak polui ditzake. Likido horiei lixibiatu deritze,
eta oso poluitzaileak izan ohi dira.
Zaborra
kontrolpean
Gure zaborra, oro
har, kontrolpeko zabortegietan pilatzen da eta, horietan ere buruhauste
nagusia gasak eta lixibiatuak izan arren, behar bezala kudeatuz gero ez
dute arazorik sortzen. Itxi ondoren 30 urtez kontrolpean mantentzen dira,
baina gero berdegune edo laborantzarako lur bihur daitezke.
 |
| San
Markos-ko Mankomunitatean 1995az geroztik egiten da gaikako bilketa.
Birziklatzen ez dena San Markos-ko zabortegira eramaten da orain,
baina 4 bat urtean zabortegia bete egingo da. (Argazkia: E. Carton
Virto). |
Zabortegi kontrolatua
zaborrak tratatzeko sistemarik sinpleena da: hondakinak metatu, xehetu,
trinkotu, lurrez estali eta mikroorganismoen esku uzten dira. Lehen egunetan
hartzidura aerobioa gertatzen da, hau da, mikroorganismoek oxigenoaz baliatuz
lan egiten dute; ondoren, oxigenoa ahitzen denean, hartzidura anaerobioa
hasten da. Prozesu horietan lehen aipatutako produktuak sortzen dira (karbono
dioxidoa eta nitratoak aerobioan eta karbono dioxidoa, ura, amoniakoa,
hidrogeno sulfuroa, burdina eta manganeso sulfuroak anaerobioan).
Dentsitate txikiko
zabortegietan hondakinak 1,5-2,5 m-ko lodierako geruzatan uzten dira eta
egun berean estaltzen dira lurrez. Dentsitate handiko zabortegietan, berriz,
hartzidura aerobioaren fasea luzatzeko, zaborra geruza estuetan zabaltzen
da aireak ahalik eta azalera handiena uki dezan. Dentsitate handiko zabortegietan
zaborra asko trinkotu eta behin eta berriz nahasten da, eta arrisku txikiagoko
lixibiatuak sortzen badira ere, dentsitate txikikoek baino azalera handiagoa
behar izaten dute.
Gasak bildu eta kontrolatzeko
tximiniak ipintzen dira, eta hondoko lixibiatuak jasotzeko drainatze-sarea
eraikitzen da. Lixibiatuak hirietako hondakin-urekin batera tratatzen
dira araztegietan (eskualdeak araztegia izatekotan, noski), baina zabortegi
batzuetan aurretratamendu bat ematen diete araztegietara bidali aurretik.
Gipuzkoako San Markos Mankomunitateko zabortegian halaxe egiten dute,
baina ez da erraza dio Elena Egurrola ingurumen-teknikariak;
araztegiarekin arazoak izaten ditugu, lixibiatuen emaria eta konposizioa
oso aldakorrak baitira eta, gainera, ez baitira parametro finkoen arabera
aldatzen. Gaur araztegian jasotzen dena ez da atzo botatako zaborraren
hondarra, eta arazketa etengabe egokitu behar da.
Gasak, berriz, bildu
ondoren erre edo energia lortzeko erabil daitezke. Izan ere, dentsitate
ertain eta txikiko zabortegietan deskonposizio-prozesu biologiko eta kimikoetan
eratzen den gasa elektrizitatea ekoizteko baliagarria da. Gas hori, biogasa,
% 50 karbono dioxidoa eta % 50 metanoa izan ohi da, nahiz eta nitrogeno,
oxigeno, hidrogeno eta hidrogeno sulfuro apur bat ere izaten duen. Zabortegiaren
ezaugarrien arabera konposizioa alda daiteke, baina, oro har, hiri-hondakin
solidoen tona batek 3-15 m3 biogas ekoizten du egunean.
Zabortegira,
ezinbestekoa baino ez
 |
| San
Markos-ko zabortegiaren hondo guztia plastikoz iragazgaiztua dago.
Argazkiko gunea une hauetan ez da aktiboa eta landarediak ia estali
egin du zaborra. Gasak erdialdeko hodiaren bidez jasotzen dira. (Argazkia:
E. Carton Virto). |
Euskal
Herriak eta Europa osoak erronka handi bati aurre egin behar diote
2006. urtea baino lehen. Izan ere, arteztarau berriaren arabera, Europako
zabortegietara azken hondakinak besterik ezingo dira eraman. Birziklatu
edo nolabait aprobetxatu daitezkeen hondakinak ezingo dira zabortegietan
utzi, eta materia organikoa ere tratatu egin beharko da. Gainera, zabortegien
hondoak plastikoz iragazgaiztu beharko dira (Euskal Herrian, lurrak buztinezkoak
izaki, zabortegi gehienek ez dute iragazgaizteko materialik zabortegi
azpian). Badago zereginik.
Non
jarri zabortegia?
Europa osorako onartu
den arteztaraua baino lehen, ez zegoen zabortegiak arautzeko berariazko
legerik; 1961eko jarduera gogaikarri, kaltegarri, osasungaitz eta arriskutsuen
erregelamendua zen erreferentzia ia bakarra. Zabortegiak, hortaz, zeharka
arautu izan dira, ingurumen-inpaktua edo uren kalitatea erregulatzeko
neurrien baitan. Zabortegiaren kokalekua aukeratzeko hiri, herri, itsasertz,
ibai edo errepideetatik distantzia minimora dagoen begiratzen da lehenik,
eta ondoren tokiaren azterketa hidrogeologikoa egiten da. Iragazkortasun
txikiko eta topografia egokiko lurra aukeratu behar da, lixibiatuak ez
direla inolako ubide edo akuiferoetara isuriko ziurtatzeko. Egokiena hondoa
plastikoz iragazgaiztea bada ere, orain arte buztinezko lurretan iragazgaiztu
gabeko zabortegiak eraikitzea posible izan da. Kokagunean uholdeak edo
lur-jausiak gertatzeko arriskurik ez dagoela ere begiratu behar da eta,
azkenik, paisaia ahalik eta gutxien aldatzen saiatu.
Zenbat denboran desagertuko da zure zabor-poltsa?
|
Hondakin-mota
Hondar
organikoa
Fruta-azala
Egunkaria
Zigarro-punta
Altzairu-zatia
Aluminiozko lata
Plastikozko poltsa
Plastikozko bilgarria
Telefono-txartela
Beirazko botila
|
Deskonposatzeko
behar
duen denbora
Egun
batzuk
3-6 hilabete
3-12 hilabete
Iragazki gabekoak 3-4 hilabete,
Iragazkidunak 1-2 urte
100 urte
200-500 urte
450 urte
100-1.000 urte
1.000 urte
4.000 urte
|
|
|