|
Naturalista aleman
honen izen osoa Friedrich Wilhelm Karl Heinrich Alexander zen, eta ez
da nahastu behar Euskal Herria eta beste hainbat toki bisitatu zituen
bere anaia Wilhelm hizkuntzalariarekin.
Gu Alexanderri buruz
mintzatuko gara; batez ere Natur Zientziak aztertu eta geofisikaren sortzaile
izan zenari buruz.
Alexander Humboldt,
Berlinen jaio zen 1769. urteko irailaren 14ean. Aita Prusiako Federiko
La Haundiaren gorteko ofizial zuen eta Tegel-eko gazteluan egin zituen
lehen ikasketak. Gero Berlin, Frankfurt eta Gottingen-eko unibertsitateetan
hezi zen. Hasieran zientziak oro har eta batez ere botanikak erakartzen
zuen.
 |
| Alexander
von Humboldt. |
1790. urtean egin
zuen bere lehen bidaia. Europako mendebaldean ibili zen, bertan zientzigizon
ospetsuak ezagutu zituelarik. Bidaiatik itzulita, Freiburg-eko Meatzaritza-Eskolan
matrikulatu zen eta bertan Werner-en neptunismoa ederki ikasi zuen. Geologi
eta meatze-injinerutza landu zituen.
1972. urtetik 1979.
urterarte, Alexander Humboldt Prusiako gobernuaren meatze-ikuskari izan
zen. Bayreuth-en lan bikaina egin zuen, eta tarteka korronte elektrikoak
giharre eta nerbiotan zeukan eragina aztertzen ere aritu zen; Galvanik
aurkituberria zuen fenomenoa aztertzen, alegia. Galvanik Voltarekin izandako
eztabaidan, Humboldt Galvaniren alde atera zen, eta ezaguna da auzi hartan
Voltak zuela arrazoi. 1976. urtean, ama hil zitzaion. Harengandik jasotako
ondarea zela eta, bizimodua ateratzeko derrigor lana egin beharrik ez
zeukan. Horregatik, bidaiak egiteko zeukan joerari amor emanda, berebiziko
ibilaldiak egin zituen.
Parisen zientzi materiala
erosten ari zela, Aime Bonpland naturalista ezagutu zuen. 1978. urtean
biak joan ziren handik Espainiara. Iberiar meseta eta Kanaria irlak aztertu
zituzten. Madrilen bi zientzilariek Espainiak Ameriketan zituen koloniak
bisitatzeko baimena lortuta, 1799.ean Venezuela aldera abiatu ziren. Hasieran
gerrauntzi britainiarretatik babestu beharra izan zuten, Napoleonen gerrak
orduantxe hastear zeudelako.
Hurrengo bost urteetan
zehar, ia hamar mila kilometro egin zituzten Ertamerikan eta Hegoamerikan
landareak biltzen, meteorologiari buruzko datuak jasotzen, Lurraren eremu
magnetikoa aztertzen eta geofisikarekin zerikusia zeukan beste hainbat
arazo ikertzen.
1800. urtean Venezuelako
Llanos lurraldea zeharkatu eta Cassiquiare ibaia aztertu zuten. Ibai horrek
izan ere, Amazonas arroko urak Orinoco arrokoarenekin elkartzen ditu.
Bi ibai garrantzitsu hauek elkartuta zeudela aurkitu zuten, beraz.
1801. urtean Humboldt
eta Bonpland Kolonbian ziren eta 1802.ean Chimborazo sumendia aztertu
zuten. 6.272 metro dituen arren, bi zientzilariak 5.610 metroko altueraraino
behintzat heldu ziren. Amerikako sumendiei buruz, lerrokatuta zeudela
zioen, lurrazaleko eten sakon baten norabidean baileuden.
Peruko Amazonas arroan
ibili ondoren, Hegoamerikako mendebaldeko kostan itsasoak zeuzkan korronteak
aztertu zituen. Horregatik du Humboldt izena hango itsas korronte batek.
 |
| Alexanderrek
Natur Zientziak aztertu zituen bereziki eta geofisikaren sortzailetzat
har genezake. Kilomea kraterra, Wahaii irlak. |
Ameriketako indiarren
antzinako arrastoen berri ere eman zuen, eta Peruko guanoa ongarri gisa
erabiltzeko ekarri zuen Europara.
Europara itzuli baino
lehen, 1803 eta 1804. urteetan Mexiko eta sortuberria zen Estatu Batuetara
joan ziren bi zientzilari bidaiariak. Han Jefferson lehendakaria ikusteko
parada izan zuten. Ameriketako bidaia hartan jasotako datuak aztertzen
beste hogei urte eman zituen Humboldtek.
Dena den, 1807. urtean
Parisen bizi izan zenean Ameriketako bidaiei buruzko hogeitamar libururen
idazketako zuzendaritzan aritu zen. Gay-Lussac-ekin batera atmosferaren
konposizioa aztertzeko ikerketa batzuk ere egin zituen.
Napoleon erori zenean,
Humboldt Prusiako Federiko IIl.aren zerbitzura jarri zen. Diplomazi lanetan
ibili zen, eta ondarea agortzen ari zitzaionez gero, Berlinen ordainduta
lanean hasi behar izan zuen 1827.ean.
1829.ean, Errusiako
Nikolas I.a tsarrak gonbidaturik Asia aldeko lurraldeak ikertu zituen.
Dzungaria eta Altai-n ibili zen.
Azkenean, hirurogeitamar
urte beterik zituela, bere bizialdian jasotako ezagumenduak antolatzeari
eta taxutzeari ekin zion. Helburua dena lan batean, Kosmos izenekoan,
biltzea zen. Lurra benetan ikuspegi kosmikotik aztertu nahi zuen, gorputz
bakarreko multzo bat bezala kontsideraturik. Ekologiaren sortzaile dela
esan daiteke, beraz. Bere helburua lortu zuen, nahiz eta Kosmos-en
bostgarren liburukia Berlinen 1859.eko maiatzaren 6an hil ondoren argitaratu.
|