|
Gasteizko Foruen
Enparantza, Donostiako Haizearen Orraziaren plaza, Trinitate Plaza, Oreretako
udaletxea, Donostiako Amara Plaza hotela, Zarauzko Vista Alegre dorrea,
Mutrikuko Imanolena etxea
Luis Peña Gantxegik egindako lanen
zerrendak ez du amaierarik. Batzuk gustukoak izan daitezke, beste batzuk
ez hainbeste, baina dudarik ez dago Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzaileak
arrastoa utziko duela.
Zergatik
arkitekto?
 |
| (Argazkia:
B. Kotabarria). |
Arrazoi bat baino
gehiago dago horretarako. Lehenik, etxeko giroa kontuan hartzekoa da,
ni arkitekto izatea ondo ikusten zuten eta. Oñatin bertan ere arkitekto
bat bizi zen, eta hori oso bitxia zen, orduan arkitektoak hirietan bizi
zirelako. Hura gertu izateak, ezagutzeak ere lagunduko zuen seguruenik
erabakia hartzen. Oñatiko elizaren, unibertsitatearen eta plazaren
edertasunak, haurtzaroan Markinan egin nuen denborak San Miguel
Arretxinagakoa, Munibe parkea eta Xemeingo eliza neogotikoa ezagutzeko
aukera, eta Mutriku dotorean gurasoak hangoak nituen
emandako urteek ere
badirudi guztiak nolabait arkitektura ikastera
bideratu ninduela. Toki horiek guztiak ikaragarri atsegin nituen.
Geroago, Donostian
batxilergoko ikasketak bukatuta errebalida egitera joan behar izan nuen
Valladolid-era. Trena Burgosen geratu zen, eta lagun bat eta biok katedrala
ikustera joan ginen. Trenera itzulita, paisaia hark ikusteak gogaitu egin
ninduen, atzera eragin zidan, Madrilera lehen aldiz joan nintzenean bezala.
Donostiaren ondoan itsusi-itsusia iruditu zitzaidan. Horrek guztiak arkitektura
ikasteko bidean jarri ninduen seguruenik.
Madrilen
arkitektura ikasi eta gero, berehala hasi zinen lanean?
Bai, hemen Donostian.
Udaletxean ere aritu nintzen, ia bi urtez, baina ez zitzaidan batere gustatu
eta utzi egin nuen. Lan itsusia zen, desatsegina eta interesik gabekoa.
Bai?
Beno, gaizki egindako
proiektu asko aurkezten ziren, txarrak arkitekturaren ikuspegitik, jabetze-
eta ordenantza-arazo ugarirekin
ez zen arkitekto-lana egitea, kontrol-lana
baizik; baimenak ematea eta kentzea.
EHUren
katedratiko emeritua zara gaur egun. Eskolak ematen ere aritu izan zara,
zer moduz?
 |
| Zarauzko
Vista Alegre etxea, Peña Gantxegiren ustez "porrot soziala".
(Argazkia: A. Galarraga). |
Egia esan, ez zait
gehiegi gustatzen, bokaziorik ez daukat. Kontua da Bartzelonan irakasle
nengoela, eskolak ematen, eta hona ekarri nahi genituen arkitektura-ikasketak.
Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzailea izan nintzenez, gerora lanean
jarraitu izan dut, batez ere irakasle egokiak ekarri ahal izateko eta
abar.
Artea,
matematika, gustu ona, eraikuntza, irudimena, diseinua
zer da arkitektura?
Beno, bada eztabaida
hori ez dugu konponduko ez zuk, ez nik ez eta beste inork ere. Arkitektura
artearen barruan sartzen bada, arkitekturak ezin du zerikusirik izan matematikarekin
eta eraikuntzarekin; bizitza propioa duen zerbait da. Baina hori ez da
horrela, arkitekturak behar-beharrezkoa baitu gauzatzea. Gauzatzen ez
bada, hor daude alegiazko proiektu bikainak. Txillidaren Tindayako proiektua
adibide ona izan daiteke. Han mendia hustea planteatzen da, baina gero
beste kontu bat da horrek zutik iraungo duen, ingeniariek kalkuluak egingo
dituzten edo ez, edo arkitektoren batek behin betiko forma eman ahal izango
dion. Eskultura baino gehiago arkitektura da hori, eta hor ikusten dugu
diziplinak nahastuta agertzen zaizkigula.
Txillida artista da,
baina proiektu horretan arkitekto ere izan nahi du; Oteiza ere bide horietatik
ibili izan da. Eta batzuetan artista horiek ez dira asetzen beren lanarekin,
eraikuntzak edo matematikak apur bat lanen forma aldarazten dutelako.
Arkitekturak artearekin zerikusi handia du, baina gizartearekin nolabaiteko
konpromisoa duen artearekin.
Hari
horretatik tiraka, gaur egungo arkitekturak erantzuten die gizartearen
beharrei? Hau da, beste modu batera galdetuta, gaur egun, badirudi, arkitekturak
funtzio estetikoa baino ez duela betetzen. Atentzioa emateaz gain, beste
zerbait bilatzen al da?
Horrelako kritikak
sarritan entzuten dira, arkitektoak gizartea ahaztu egin dutela eta eurentzako
gauzak egiten saiatzen direla, egiten dutena hurbilago dagoela artetik
gizarteari eskaini behar zaion zerbitzutik baino. Neurri batean egia da
hori, arkitektura espazioaren artetzat dute gaur egungo arkitekto askok.
Gertatzen dena zera da: oso zaila dela ondo egindako eraikinak, praktikoak
eta, aldi berean, artistikoak izatea. Izan ere, formazio ona edukitzeak
asko laguntzen du, baina eraikuntza menperatzea edo egituretan berrikuntzak
irudikatzea zaila da.
Une honetan eraikuntzan
aurrera egiten ari da. Material berriak dauzkagu, eta erabili egin behar
ditugu, material horiek gaur egungo industriak eskaintzen dituelako, baina
irizpide garbiekin: ez edozein material, ez edozein material edozein tokitan
baina erabili behar dira industriak aurrera egin dezan.
 |
| Haizearen
Orraziko plaza, arkitekto oñatiarraren lan ezagunetakoa. (Argazkia:
P. Reina). |
Material
eta teknika berriek, aukera berriak eskaintzen dituzte?
Bai, aukerak eskaintzen
dituzte eta emaitzak ematen ari dira. Dena den, badaude teknikak ikuspegi
artistikotik modu ezegokian erabiltzen dituztenak ere. Donostiako
zezen-plaza, adibidez, teknikoki lan bikaina da, baina beste alderdi batzuk
zalantzan jar daitezke.
Ingurua
aipatu duzunez. Arkitektoek beti hartu behar dute kontuan?
Oinarrizkoa da hori.
Egon diren arkitekto onenentzat Gaudi, Frank Lloyd Wright, Le Corbusier,
eta Ludwig Mies van der Rohe ezinbestekoa izan da. Gaudik duen naturaren
ikuspegia izan ez balu ezingo zukeen, adibidez, Güell parkea egin;
edo Frank Lloyd Wright-ek hori kontuan hartu ez bazuen, nekez egingo zuen
ur-jauziaren etxea. Begira, bere aita pret à porter-aren
asmatzailea aberats-aberats horietakoa zen, eta semeari eman zion
etxea egiteko enkargua. Kilometro karratu ugariko lur-sailak zituen eta
Frank Lloyd Wright-ek tokirik zailena aukeratu zuen, natura gutxien hondatzen
zuena eta, aldi berean, naturak berak janzten zuen etxea. Berdin esan
daiteke Le Corbusierri buruz ere, nahiz eta itxuraz serioagoa dirudien.
Eta zer esan Ludwig Mies van der Roheren kristalezko etxe ospetsuei buruz,
paisaian sartu eta ateratzen diren eraikinak.
Orain,
zu zeu, zein lanetan ari zara?
Esku artean notario
batentzako txaletaren proiektua daukat. Proiektu itzela da, aurrekontu
handikoa, baina ez dut aurkitu nork eraiki. Jendeak ez du horrelako lanik
nahi, pisuak egin nahi ditu, 500-600 etxebizitza, txalet adosatuak asko
badira, hobe eta abar. Santanderren dudan lagun arkitekto batekin
harremanetan jarri naiz, ea han eraikitzailerik aurkitzen dugun, han hemen
baino txalet gehiago egiten da eta.
 |
 |
| Mutrikuko
"Imanolena" txaleta, Peña Gantxegik oraindik oso
gustuko duen etxebizitza. (Argazkia: L. Arrizabalaga). |
Zeuk
egin dituzun lanetatik, zein nabarmenduko zenuke?
Oraindik asko atsegin
dut Mutrikuko Imanolena etxea, nahiz eta barrutik hondatuta dagoen. Bestalde,
badut frustrazio bat, porrot soziala izan zelako. Gaizki bukatu zen, gerora
aldatu egin zuten, pisu bat zegoen tokian egun hiru daude
Zarauzko
Vista Alegre dorrea, liburuxka honetan duzun hau.
Liburuxkan
ikusi dut Donostiako Haizearen Orrazia zurea ere badela. Jende gehienak
uste du Eduardo Txillidarena dela.
Eskulturak, noski,
ez dira nireak. Gainerakoan badago bai, nire parte handi bat, hasiera-hasieratik
gainera; baina Eduardorekin elkarlanean egindako lana da, eta ez du merezi
eztabaidatzen hastea zenbateraino den batena eta zenbateraino bestearena.
Plaza
horretan nabaria da inguruarekin lortu den integrazioa. Plazaren formaren
eragina baino gehiago, baliteke materialaren aukeraketaren ondorioa izatea.
Materialak hainbesteko garrantzia dauka sentsazio hori emateko?
Bai, garrantzitsua
da. Zimurrak, kolorea
elementu horiek oso pentsatuta daude. Begi
bistan dirudiena baino konplexuagoa da kontua, nahiz eta erraza dirudien.
Adibidez, mendi-magalarekiko integrazioa. Ura biltzeko sistema asmatu,
harria mendi-magal irregularrarekin bildu errekarriak erabilita
eta, aldi berean, mendia plaza azpira sartu eta uharteraino doan sentsazioa
nola transmititu pentsatu behar izan genuen. Gauza horiek guztiak ondo
egiten badira igarri egiten da, eta gaizki egiten badira are eta gehiago
nabaritzen da. Guztiak balio du, poliki-poliki batzen dira gauzak eta
gero emaitza ikusten dela esan nahi dut.
Peña
Gantxegiren ibilbidea
Luis
Peña Gantxegi (Oñati, 1926-03-29). Ikasketak zirela
eta haurtzaroa Oñati, Markina eta Mutriku artean igaro
zuen. Donostian batxilergoa bukatu ostean, Madrilen arkitektura
ikasi zuen. 1959an bukatu zituen ikasketak, eta berehala lanean
hasi zen Donostian. 1976an Bartzelonako arkitektura-eskolan zegoen
eta urte bat geroago, 1977an, Donostiako Arkitektura Eskola sortu
eta gidatu zuen. 1988an unibertsitateko katedra eskuratu eta 1991tik
irakasle emeritua da. Euskal Herrian nahitaez zein toki bisitatu
beharko liratekeen galdetzean dudarik ez du egin: hiriburuak,
ondo egin zena eta batez ere kanpoaldeko auzoetan
gaizki egiten ari dena ikusteko.
|
|