|
Antoine ABBADIA ARRAST-ek,
iturri guzien arabera, Michel bere aitarengandik zituen euskara eta euskaltzaletasuna.
Haren bi anaiek halaber, euskararen alde agertu baitziren haiek ere. Ürrüxtoitarra
zuten aita, zuberotarra beraz, Pettarrekoa. Abadia zuen sortetxea.
Idazkietan ageri du Zuberoako euskalkiaren kutsua baino gehiago, haren
oinarri nabarmena. Antoineren idazkietan berdin-berdina. Gainera poliglota
zen hau (hamalau hizkuntza mintzatu zituen).
Ama irlandarra zuen,
baina euskararen alde sartu zen buru eta belarri. Bide horretatik ariko
dira hiru anaien emazteak, senarren laguntzaile porrokatuak agertuko dira
beti. Michel Abbadiak, erbeste garaian, neskame bat Euskal Herritik Irlandara
deitu zuen, haurrekin beti euskaraz ari zedin. Irlandatik itzul eta, bi
euskal obretan eskua sartu zuen. Lécluse-ren gramatika diruz eta
aholkuz lagundu zuen, haren erreklama ere idatziz (1826). Halaber egin
zuen Darrigol-en gramatika-lan batekin, eta Frantses Akademiaren sari
bat ukan zuen horrek.
 |
| Abadia
Urrustoi Pastoralaren antzezpena Maulen 1990eko uztailean. (Argazkia:
Abbadiako Adixkideak). |
Antoinek bere euskaltzaletasuna
lehentze agertu zuen hamasei urteetan, hain zuzen ere Lécluse erran
delako lanean lagunduz. Paristarra zen Lécluse, eta grezieraz irakasten
zion Antoineri Frantziako Tolosan.
1836an, Augustin Xaho-rekin,
euskal gramatika bat agertzen du Antoinek: Etudes grammaticales sur
la langue basque. Frantsesez idatzia da lan hori. Zuberoera du hartzen
oinarritzat. Lapurteraren kutsurik ere badu: iparraldeko tradizioan ez
da harritzeko, gure literaturan lapurterak duen indarra ikusiz. Hegoaldeko
euskalkiak ez dituztela oraino ezagutzen diote Abbadiak eta Xahok. Prolegomenoak,
Antoineri zor dizkiogu. Izenpetzen ditu A.T. dAbbadie de Navarre.
T: Thompson (of Parck), amaren deitura; de Navarre: Voyage en Navarre
liburu agertu berria zuen Xahok, aipamen sutsua egin baitzion Abbadiak
Bulletin de geographie delakoan.
Bi zati dituzte prolegomenoek:
lehenean Antoinek euskararen berezitasunak azpimarratzen ditu. Bigarrenean
bibliografia bat dakar, orduko hoberenetarik. Liburua Zazpi Uskal
Herrietako Uskalduner zuzendua da: hortik dator ezpairik gabe Zazpiak
Bat ikurburua. Gramatika bera, Xahoren eskutik dugu. Hiru zati ditu:
I. Ahozkera - II. Deklinabidea - III. Aditza.
 |
| A.
Abbadiaren gozamaren hilarriko hitzak. (Argazkia: Garaialde). |
Gero hamabi urtez
Etiopian gaindi dabil Antoine, bere anaia Arnauld-ekin. Itzultzean Lapurdin
kokatzen da harekin eta euskarari berriz lotzen.
Hendaiako Abbadia
jauregia eraikitzen du eta han agertzen dira, beste hizkuntza batzuen
artean, euskal zuhurtitzak:
- Sapar edoceinec
du bere izala
- Erho bat aski
da harri cantoin baten puzura egoisteco, bana sei zuhur behar dira haren
hantic itoiteco
- Jaincoac, bera
languile on izanagati, nahi du lankide
- Ago Jaincoarequi,
jainco dukek hirequi
Zuberoeraren herexa
ikusten dugu hor ere.
Ürrüxtoiko
hilarrietan bat badago Abbadiako, kalustrapean. Epitafio edo hilartitz
hau dakar zizelkatua:
Enetzat ez da dudarik
Antoineren ganikoa dela hilartitz hori, ezen haren gozama zen, aitaren
arreba gehiena, hor datzan hila.
Euskarari buruz beste
lanik idatziko du, gehienik frantsesez:
- 1854: Le Dictionnaire
de Chaho
- 1854: Lettres
sur lorthographe basque
- 1859: Travaux
récents sur la langue basque
- 1864: Zubernoatikaco
gutun bat
- 1868: Sur la
carte de la langue basque
- 1873: Le Basque
et le Berbère
- 1886: Lettre
de M. A. dAbbadie à M. le Président de la Société
de Borda (sur léthymologie de LEHEREN, divinité pyrénéene)
- 1895-1896:
Lettre sur la préservation de la langue basque (notice)
Idazki batzuk Antonio
ABADIA izenpetzen ditu.
 |
| Sustatzaile
lanetan euskal kirola ere bultzatu zuten abbadiatarrek eta horren
lekuko da Baigorriko frontoian agertzen den eskerronezko plaka. (Argazkia:
J. Larrañaga). |
Lan horietan euskaraz
agertzen den bakarra, Zubernoatikaco gutun bat dugu. Liburutegi
Nazionala delakoan dago Parisen, eta balio luke horren eskuratzeak.
Bestalde idazki horietan ikusten dugu euskararen alde idazten duela gehienbat
Abbadiak, baina hizkuntzaren teknikan ere sartzen badakiela, eta euskal
obren aztertzeko eta azaltzeko gai dela. Euskarari buruz berriki egin
diren lanak ikertzen ditu. Gutun horretan, Louis-Lucien Bonaparte printzearenak
laudatzen ditu eta Intxauspe zuberotar apaizaren Euskal Aditza (Le
Verbe Basque) oroz gainetik goraipatzen du.
Baina idatziz baino
gehiago, aholkuz eta diruz du euskara laguntzen. Bonaparte printzearen
lanetan toki berezia eta bikaina du, arartekari eta bitarteko bezala baitezpadakoa,
derrigorrezkoa baita gure Antoine laguntzaileen aurkitzeko, printzeak
berak gutun batean ongi erraiten dionez.
Harreman estuak ditu
bere garaiko idazle eta euskaltzaleekin, horietan aipagarrienak DUVOISIN
kapitaina, INTXAUSPE apaiza, SALABERRI, Bruno ETXENIKE, P. URIARTE eta
gero ARXU zuberotar errejenta direla. Arartekari eta bitarteko lan horretan
parte hartuko du Charles ABBADIA-k ere; hau baitugu Antoineren anaia gazteena:
Nafarroako bi eskualdeetarik idazleak bilduko ditu Baigorriko Etxauzko
bere jauregian.
Duvoisin eta Xahoren
artean ere sartuko da Antoine, zubia egin nahiz, Xahok eskaturik: idazle
biak nor bere aldetik euskal hiztegi baten idazteari lotzera zihoazen,
eta Duvoisin elkarlan batera ekarri nahi zukeen Xahok. Xuria zen Duvoisin,
gorria berriz Agustin Xaho. Baina Abbadia, bera xuria izanagatik, Xahorekin
ere ari zen, lehenago ikusi dugunez. Horregatik, gure kasu honetan, bere
arartekari-urratsetan, arrakastarik ez duke.
Elizatiarra zen Antoine
Abbadia Arrast eta apaizengan zuen konfidantza, gehienik euskararen salbatzeko.
Laguntzaile onak ukan zituen horien artean (eta egiari zor diogu hor duela
beti laguntza gehienik ukan euskarak aitortzea). Nahigabe bat ere harrigarria
eduki zuen alde horretatik. Baionako apaizgaitegi eta seminario handian,
bere diruz euskararen irakasteko aulki baten eraikitzea eskaini zuen,
baina eskubide hori ukatu egin zioten horko buruzagiek. Gobernuko eskoletan
bezala, Baionako seminario handian eta Larresoroko seminario ttipian debeku
zen euskaraz aritzea.
 |
| Augustin
Xaho. Abbadiatarrek bezala Zuberoan zuen jatorria eta Antoineren lankidetzaz
argitaratu zuen 1936an "Etudes grammaticales sur la langue basque"
liburua. |
Gazteengan euskararen
sustatzeko, beste bide bat hartzen du, beraz, Abbadiak: lehenbiziko jaunartzetik
landa, euskaraz hobekienik ari diren haurrentzat sariak emanen ditu, horretarako
apaizetarik bazter, apaizik gabeko batzordeño batzuk antolatuz.
Horiek horrela, euskararen alde eginen duen lan bikainena, euskal jaien
antolatzea da. Urruñan hasten ditu 1853. urtean, sei urte Kataluniako
Cortes de amor famatu haiek baino lehen. Gainera haietatik
eta lore-joko guzietarik bereizten dira Abbadiaren euskal festak, beren
orokortasunaz: herri kulturaren eskualde guziak hartzen dituzte Abbadiak
eraturiko jaiek. Hala ere, olerkia eta euskara dira hor sujetak.
Luzaz Urruñan
antolatuko ditu (1853-1863), gero Saran (1864-1876), geroago urtero lekuz
aldatuko ditu. Hegoaldera pasako dira, 1879an Elizondon, eta ondotik bi
aldeetan emanen dira frango aldizka.
Ondoko urtean, hil
berria zela Antoine Abbadia, Areatzan ospatuko dituzte, haren alarguntsarekin.
Abbadiaren euskal
bestetarik kanpo, antzeko jaiak ospatuko dituzte hegoaldean udalek, probintziek
eta kultur taldeek, bai haren denboran, bai gero ere: azkenak ene ustez
1929an, Andoainen.
Erran izan da olerkiaren
maila ez zutela goratu jai horiek. Egia da inspirazioa ezin duela sortu
manuak, baina duenari eman diezaiokete idazteko nahia eta parada. Zaletasun
bat sortu zuten lehiaketa horiek eta bere ondorioa ukan du ene ustez Abbadiaren
lanak euskal letretan.
Euskararen maila bederen
goratu dute. Frantsesaren plegua du, hitzez hitz, orduko idazleen prosak,
gaurko itzulpenek gaztelerarena duten bezalaxe. Bertsoak aldiz, egiazko
euskaran idatziak dira eta hortik dator ene aburuz, iparraldean behintzat,
adin batekoek ikasi dugun euskararen kalitatea. Gure aitzinako idazleek
bederen, ezin zuten hartu hemeretzigarren mendearen erdiko prosalariengandik.
Nondik, beraz, idazten ikasi zuten?
Ezin izartua da Abbadiak
euskararen alde egin duen lana. Ezen, Jon Bilbao-k bere Entziklopedian
dioen bezala, euskararen eta euskal literaturaren berpizte lanean
mugitzen ziren guztietan eta guztiekin zebilen Abbadia. Idazlea
baino gehiago Mecenas, antola, bultza, bil, aholka, inspiratzailea izan
zen. Euskal kultur mugimenduaren sortzailea dugu. Bere lanez ideiaz eta
etsenpluaz gain, hona bukatzeko 1892an Donibane-Lohizuneko euskal jaietan
bota zuen mezua: atxik hizkuntza... Zazpiak bat! Euskal oihua dugu azken
hau, egiazki; euskaran oinarritzen baita euskaldunen haurridegoa, oraingo
zazpi euskal herrietan, eta mundu zabalean.
Luzaz ilunean, ixilpean
ahantziak eta ehortziak, berpizten hasi zaizkigu Abbadiaren obrak eta
mezua, euskara dutela oinarri, ardatz eta helburu, euskaldunen onerako.
|
J.
H. S.
Heben dago erhausteco
Bena berriz phizteco
Maria Maitena
ABBADIACO alhaba zena
___________
Sortu zen aphirilan
1771-an
Hil izan da abentian
Laugarren egunian
1856-an
JINCOAREN bakian
___________
Igaraile bihotz hona
Ber bidian zoazana
Gomenda ezazu JINCOARI
Eta Virgina MARIARI
____________
Adio gabe eguzama
Phausian dela zoure arima
|
|
Hona
Abbadiak edo harekin antolaturiko euskal jaien zerrenda:
- 1853-1863:
Urruñan
- 1864-1876:
Saran; 1871.ean ez ziren eman, frantsesen eta alemanen arteko
gerragatik
- 1877:
Donapaulen
- 1878:
Saran
- 1879:
Elizondon
- 1880:
Beran eta Maulen
- 1881:
Irunen
- 1882:
Saran
- 1883:
Markinan
- 1884,
1885: Saran
- 1886:
Durangon
- 1887:
Azkainen
- 1888:
Kanbon
- 1889:
Donezteben (Nafarroan)
- 1890:
Maulen
- 1891:
Iurretan (Bizkaian)
- 1892:
Donibane-Lohizunen
- 1893:
Uztaritzen
- 1894:
Hazparnen eta Donibane-Lohizunen
- 1895:
Beran eta Ezpeletan
- 1896:
Kanbon eta Maulen.
|
|