|
Hegazkinak estratosferan
(hau da, 10 eta 50 kilometro bitarteko altitudean dagoen atmosfera-zatian)
hegaldiak egitea debekatuko ote duten hotsak zabaldu dira, altitude horietan
doazen hegazkinek ozono-geruzari kalte egiten diotelako. Izan ere, Concorde,
Boeing 747, Antonov eta beste zenbait erreakzio-hegazkin handik nitrogeno
oxidoak (NO, NO2) eta ur-lurrina tonaka botatzen dituzte estratosferara,
eta molekula horiek 20 eta 30 kilometro bitarteko altitudeetan hodei estratosferikoak
sortzen laguntzen dute.
10 eta 100 kilometro
bitarteko luzera eta kilometro batzuetako lodiera duten geruza hauek,
ozonoa jaten dute. Horren adierazgarri da munduko aire-korridore dinamikoenak
(Europa Iparramerikarekin lotzen duenak) munduko nitrogeno oxidoen kontzentraziorik
handienak edukitzea. Joan den neguan, adibidez, ozono-kantitatea % 25
murriztu zen.
 |
| Hegazkinak
estratosferan hegaldiak egitea debekatuko ote duten hotsak zabaldu
dira, altitude horietan doazen hegazkinek ozono geruzari kalte egiten
diotelako. |
Aire-konpainiak beti
saiatu dira ahalik eta hegalaldi errentagarrienak egiten, eta horregatik
joan dira estratosferara (hegazkinaren keroseno-kontsumoa txikia delako).
Gaur egun munduko hegazkinetan kerosenoaren erdia estratosferan kontsumitzen
da, eta Atlantiar Ozeanoko iparraldeko korridorean estratosferako kontsumoa
% 75ekoa da. Ipar hemisferioan urtero hegazkinek 80.000 tona ur-lurrin
botatzen dute, eta aireko trafikoa urtetik urtera areagotzen ari denez
gero, ozono-geruza babesteko estratosferako hegalaldiak debekatzeko hotsak
atera dira lehen aldiz.
Alemaniako gobernuko
Robert Sausen jaunak adierazi duenez, hemendik bost bat urtera estratosfera
alde batera uzten duten aire-hegalaldiak diseinatu ahal izango dira. Alemaniako
espazio-laborategiko Jouke Peper jaunak dioenez, Atlantiar Ozeanoko iparraldean
hegalaldietarako 10,5 kilometroko altitude maximoa ezarrita, estratosferara
jaurtitako emisioak % 10 murriztuko lirateke, 9 kilometroko muga ezarrita
% 40 eta 5,5 kilometroz azpitik estratosfera ez litzateke ezer poluituko.
Arazoa ordea, ez da
hain erraza. Izan ere, 10 kilometroko altitudetik gora nitrogeno oxidoek
ozono-geruza mehetzen badute ere, hortik behera (troposferan) nitrogeno
oxido horiexek fotooxidazioz ozono (hau da, oxidatzaile indartsu) bihurtzen
dira.
|