|
Natura,
gaur egun ezagutzen dugun moduan, milioika urtez eman eta oraindik ematen
ari den eboluzio-prozesuaren ondorioa da. Eguneroko bizitzarekiko lehian,
ugalketan arrakasta lortzeko eta inguruneari aurre egiteko moldaketak,
janaria eskuratzeko mekanismoak eta harrapaketa ekiditeko sistemak hobetu
egin dira eta horien artean, hainbat aldaketa etologiko, babes-estrategia,
kamuflajea eta mimetismoa.
Alabaina,
moldaketa horietako asko ulergaitzak dira guretzat. Esaterako, hartz polarra
(Ursus maritimus) zuria da, baina kolore hori kamuflaje-kolorea
al da? Ez al luke beroa hobe gordeko beltza balitz? Harrapakinengana errazago
hurbiltzeko balio al du koloreak? Saia gaitezen, bada, galdera horiei
erantzun zuzena ematen.
Kamuflajea
 |
| Cepaea
nemoralis larre marraskiloaren polimorfismoa: kolore eta apaindura
desberdinetako maskorrak eduki arren, denak dira espezie berdinekoak.
(A. Zabala). |
Kamuflajea
ingurunearekin nahastu eta somaezin bihurtzeko estrategia da. Estrategia
horren helburuak era askotakoak izan daitezke eta harrapakinek defentsarako
erabiltzen badute ere, harrapakariek ehizarako moldatu izan dute.
Landarediak
eraginda, inguruneko kolore arruntenak berdea eta arrea dira eta beraz,
ez da harritzekoa kamuflaje-kolorerik arruntenak hauetan oinarritzea.
Hala ere, badira kolore bereziko inguruneak, ezagunak direlarik kolore
biziko loreetan egokiro kamuflatzen diren armiarmak. Gauza bitxia da bestalde,
ugaztun berderik ez ezagutzea, nahiz eta hegaztien harrapakin diren batzuentzat
kolore hau arras aproposa izan. Dirudienez, ugaztunek ezin dute ilaje
berderik lortu. Hala ere, nagiaren (Bradipodidae fam.) ile gainean kamuflajea
errazten duten alga sinbiotiko batzuk hazten dira.
Kamuflajea
aztertzerakoan, animaliek pertzepzio-mekanismo desberdinak erabiltzen
dituztela kontuan izan behar da. Harrapakari batzuek entzumena edo usaina
erabiliz ehizatzen duten bitartean, beste batzuk ikusmenaz baliatzen dira.
Horrez landa, ikusmenaz aritu arren ikusteko modu desberdinak daude. Intsektu,
arrain eta hegaztiek koloreak bereizten badituzte ere, ugaztun gehienek,
primateak salbu, zuri-beltzez ikusten dute. Bestalde, kolorez ikusten
duten animalien artean ere, guztiek ez dituzte kolore berberak bereizten;
erleek esaterako, guretzat ikustezinak diren ultramoreak ikusten dituzte.
Hori dela eta, kamuflajearen egokitasuna bere balizko harrapakarien zentzumen
organoen garapenaren arabera neurtu behar da.
 |
| Sepiak
(Sepia officinalis) kolorazio disruptiboa agertzeaz gain, kolorea
aldatzeko ahalmena du. (A. Zabala). |
Kamuflajearen
egokitasuna frogatzeko, kamuflaje-patroi bat baino gehiago duten espezie
polimorfikoekin egindako ikasketak oso aproposak dira. Matxinsalto arre
eta berdeak daudeneko kaiola batean horietaz elikatzen den hegazti bat
askatzen badugu, lehen-lehenik gutxien kamuflatzen direnak jaten dituela
behatu da. Kaiola berean jarritako satitsuak ordea, proportzio berean
jaten ditu bi koloretako matxinsaltoak. Harrapakaritza-motan datza desberdintasuna,
hegaztiak ikusmenaren bidez ehizatzen baitu eta satitsuak usaimenaren
bidez. Beraz, matxinsaltoaren kamuflaje-koloreak hegaztiarengandik babesteko
balio du, baina ez satitsuarengandik.
Hainbat
esperimentu egin ondoren, zera baieztatu da: harrapakin kamuflatu asko
dagoenean, kamuflaje-kolorea egokia izanik ere, harrapakariak ehizaki
horiek harrapatzen trebatu egiten dira. Pentsa daitekeenez, harrapakariek
lehenik ehizaki ikuskorrenak harrapatzen dituzte, baina horiek falta direnean,
kamuflatutako harrapakinak aurkitzen ikasten dute. Kasu horietan kamuflaje-eredu
desberdineko espezie poliformikoek abantaila dute eta horixe izan daiteke
espezie horien iraupena azaltzeko arrazoietako bat.
Polimorfismoa
ezkutaketarako
Lehenago aipatu bezala,
naturan kolore berdea eta arrea dira nagusi, baina horien proportzioa
aldatu egiten da urtean zehar. Gainera, batzuetan elurteen ondorioz ingurunea
zuri bihurtzen da eta beraz, animaliek kolore aldaketa horiei aurre egin
behar diete. Batzuk neguan hibernatu egiten dute janari urritasuna eta
hotza saihestearren, baina badira neguan aktibo dauden animaliak ere.
Horiek, ezkutatzen segitu ahal izateko, inguruneko kolore aldaketari aurre
egin behar diote eta kasu horretan polimorfismoa estrategia ezin hobea
da.
 |
| Kataginetak
(Genetta genetta) gaueko itzal argiekin bat eginez, ehizarako
lagungarria den kolorazio disruptiboa aurkezten du. (A. Zabala). |
Gure larreetako
Cepaea nemoralis marraskiloa polimorfikoa da eta beren maskorra horia,
arrosa edo arrea izan daiteke, banda gabea edo batetik bost banda arteko
kopuruaz hornitua. 1940ra arte, aldakortasun hori mutazioen ondorio zela
uste zen; geroago behatu denez ordea, tenperaturak maskorraren koloreak
aldatzea eragiten du eta horregatik, tenperatura altuetan arre kolorekoak
eta bandadun marrazkiloak ugariagoak dira. Dirudienez, polimorfismo hori
gertatzearen arrazoia beraien harrapakari diren zozo (Turdus merula)
eta birigarroak (Turdus philomelos) egiten duten ehiza selektiboa
da.
Intsektu askoren krisalidek
aldizkako polimorfismoa erabiltzen dute ingurunearen kolore aldaketari
aurre egiteko. Udaberrian berdeak dira eta arreak uda eta udazkenean.
Dirudienez, espezie desberdinetan badira ingurunean dauden kolorerik egokieneko
pupa lortzeko mekanismoak. Pupa batzuek argia erabiltzen dute ingurunearen
kolorea somatzeko, argi horietan pupa berdea garatuz eta argi urdinetan
arrea. Landaredia berdea denean, argi urdina xurgatu egiten da eta argi
horia baino ez da bertatik iragaten. Beste espezie batzuetan bestalde,
sustratoaren zimurtasuna da puparen kolorea zehazten duena, sustrato zimurtsuetan
(enborra eta adarrak) arre kolorea eta sustrato lehunetan (hostoak) berdea
hartuz. Azkenik badira haizearen hezetasuna atzematen dutenak ere eta
garai hezeetan, hots, landaredia berde dagoenean, berdeak dira eta garai
lehorretan berriz, arre.
Eper zuriak (Lagopus
mutus) ere udan kolore arreko lumajea du, baina neguan elurrak dena
estaltzen duenean, lumajea zuri bihurtzen da. Kolore-aldaketa gradual
hori neguaren iraupenak berak arautzen du eta egunak 12 argi-ordu baino
gutxiago duenean, lumaje zuria garatzen du.
 |
| Salamankesak
(Tarentola mauritanica), kamuflajerako kolore egokiaz gain,
hori indartzen duen gorputz zimurtsua du. (A. Zabala). |
Ugaztunen artean ere,
badira kolorea aldatzen duten espezieak; esate baterako, erbinude zuriak
(Mustela erminea) udan ilaje arrea du eta negu aldean zuria. Animalia
horietan ilearen kolore-aldaketa genetikoki araututa dago eta aldaketaren
eragilea tenperatura da. Erbinudearen eta hartz polarraren kasuetan, ilaje
zuria egokia da elurretan ezkutaturik harrapakinengana hurbiltzeko. Hartz
polarrrak ilaje zuriaren azpitik larru beltza du eta egindako ikerketen
arabera, ile zuriak larru beltzara bideratzen du eguzkiaren berotasuna.
Horrela, beltza balitz adina bero xurgatzea eta kamuflatuaegotea lortzen
du hartzak. Ugaztunen artean arrunta da urtean zehar gertatzen den ile-aldaketa:
batzuk, oreina (Cevus elaphus) edota azeria (Vulpes vulpes)
kasu, ilearen tonoa aldatzen dute, nahiz eta erbinudearen kolorazio-aldaketa
nabaria lortu ez.
Badira bestalde, kolore-aldaketa
azkarra burutzeko gaitasuna duten animaliak eta horien artean kamaleoia
(Chamaeleo chamaeleon) dugu ezagunena. Ezezagunagoa bada ere, ibaiko
arrain askok bizi diren sustratoaren koloreak har ditzakete eta horixe
da adibidez, amuarrainaren (Salmo trutta) kasua. Bestalde, itsasoko
arrain gehienek sabelaldea zuriska dute eta horrela, igerian ari direla
azpialdetik ia ikustezinak dira, goitik datorren argiak sortzen duen itzala
ezabatu egiten baitute.
Hegazti askotan dimorfismo
sexuala agertzen da: gehienetan, arra kolore bizikoa da eta emea kamuflaje-kolorekoa.
Kasu horietan, arraren kolore deigarriek ezkutatzeko ahalmena gutxiagotzen
dute. Hori guztia ikusita, galdera asko datorkigu burura berriro ere:
zergatik bihurtu ikuskor? Zergatik mantendu du ezkutaketarako hain desegokia
den kolore hori eboluzioan zehar? Zergatik ematen da kasu horretan polimorfismoa?...
 |
| Mantido
batzuk inguruneko adarrekin nahasten dira ehizarako. (A. Zabala).
|
Bada kolore horiek
eboluzioan zehar gorde izanaren arrazoirik. Espezie horietan emeek arrik
ikuskorrenekin osatzen dute bikotea eta beraz, kolore biziak izatea emea
lortzeko onartu behar den arriskua da. Emeen gustu hori dela
eta, arrik ikuskorrenak dira ugaltzeko orduan arrakasta gehien lortzen
dutenak. Beraz, gutxiago bizi arren, hurrengo belaunaldira beren geneen
proportzio handiagoa igarotzen da. Hori dela eta, kolore biziko arren
ezaugarriak dira eboluzionatu dutenak. Emeen zaletasun hori azaltzeko
kolere biziko arrak ongi elikatutakoak eta osasuntsuenak direla esan ohi
da. Emeek ezaugarri horiek bilatzen dituzte kumaldia aurrera atera eta
belaunaldi osasuntsua lortuko denaren ziurtasunaz. Emeen kasuan ordea,
kamuflaje-kolorea beharrezkoa da, kumatzeko urratsean kabia arriskuan
jarriko bailukete ikusterrazak izanez gero.
Kamuflajearen
erabilpena
Kamuflajea izaki heldu
askoren defentsa-sistema orokorra bada ere, arrisku handiko uneetan areagotu
egiten da. Honela, hegazti askoren ale gazteak zein ugaztun askoren kumeak
ondo kamuflatuta agertzen dira. Adibidez, eskailera sugean (Elaphe
scalaris) gazteen kamuflaje-kolorea helduena baino egokiagoa da.
Asko dira ehizarako
kamuflatzen diren harrapakariak, mantido (Mantidae fam.), sepia (Sepia
officinalis), lehoi (Panthera leo), katagineta (Genetta
genetta), eta abarren kamuflaje-ahalmenak oso ezagunak direlarik.
Batzuk kolore uniformeko kamuflajea badute ere, sepiak edo kataginetak
puntu eta marraz apaindutako kolorazioa aurkezten dute, hau da, kolorazio
disruptiboa. Kolorazio disruptiboa agertzeaz gain, beste animalia batzuk
kamuflajean laguntzen duten gorputz zimurtsuak agertzen dituzten, salamankesa
arrunta (Tarentola mauritanica) dugularik horren adibide ikusgarria.
Mimetismoa
Mimetismoa beste zerbaiten
edo norbaiten itxura hartzea da. Batzuetan, elikatzeko balio ez duten
objektuen itxura hartzen dute eta horrela lortzen dute babesa. Beste batzuetan,
gauza jangarrien itxura hartzen dute ehiza errazteko asmoz.
Mimetismoa harrapakaritzarako
erabiltzen duten animalien artean itsas-sapu arraina (Lophius piscatorius)
dugu. Oso ondo kamuflatzen da eta bizkarraren muturrean amuskia imitatzen
duen oso arantza luzea du. Amuski faltsua aho aurrean kokatuz erakartzen
ditu arraintxoak eta ahoa irekitzerakoan sortzen den korronteaz irensten
ditu.
 |
| Arrubioak
(Salamandra salamandra) pozoia jariatzen du azalean zehar eta
kolore aposematikoen bidez erakusten du defentsarako ahalmen hori.
(A. Zabala). |
Harrapakaritzarako
ezezik, babesteko ere erabiltzen da mimetismoa. Horixe da homeotipiaren
helburua, hau da, inguruneko gauza ez jangarriak imitatuz ezkutatzea.
Asko dira makiltxo edo hostoak imitatzen dituzten intsektuak. Tximeleta
eta armiarma batzuk ere hegaztien gorotzak imitatzeko ahalmena dute. Defentsa-sistema
hori agertzen da harriak imitatzeko gai diren Afrikako Lithops
generoko landare espezietan edota hostoak imitatuz defendatzen den Megophrys
carinensis Asiako anuroaren kasuan.
Animalia batzuk pozoia,
zapore txarra edo antzeko babesak dituzte eta kolore biziak erabiltzen
dituzte hori adierazteko. Kolore horiei aposematikoak esaten zaie eta
gorria, laranja, horia, beltza edo horien konbinazioetan oinarritzen dira.
Koloreek izaera arriskutsua adierazten dute eta harrapakariek kolore horietako
animaliak bakean uzten ikasten dute. Gure basoetako arrubioak (Salamandra
salamandra), bere guruinek ekoizten duten pozoiaz defendatzeko gai
dela adierazten duen kolorazio aposematiko hori-beltza du. Animalia batzuk
kolorazio aposematiko hori duten beste batzuk imitatuz defendatzen dira.
Erleek (Apoidea fam.) eta erlestarrek (Vespidae fam.) ziztagailuak dituzte
eta bere burua kolore aposematikozko bandez apainduz ohartarazten dute
arrisku horretaz; euli batzuk (Conopidae fam.) horixe imitatuz defendatzen
dira.
Kolorazio aposematikoa
duten animaliek harrapakarien erasorik jasotzen ez dutenez, beste animalia
batzuk horiek imitatzen dituzte, hau da, aposematikoen mimeta bihurtzen
dira. Aposematismoaren bi mimetismo-mota ezagutzen dira: Bates mimetismoa
eta Muller mimetismoa.
Bates mimetismoa arriskugarria
ez den bizidun batek bere burua babesteko arriskugarria eta aposematikoa
den animaliaren baten itxura hartzeari deritzo eta Muller mimetismoa espezie
bik itxura berbera izateari, biak arriskugarriak izanik. Harrapakariak
ikasia duen itxura arriskugarria eskuratzea oso onuragarria izan daiteke,
era horretan indartu egiten baita aposematismoaren esanahia.
Defentsa
bideak ez dira gaindiezinak
Kamuflajeak eta mimetismoak
ez dute animalia erabat babesten: harrapakariak kamuflatua dagoen animalia
aurki lezake edota gose den harrapakaria kolorazio aposematikodun animaliak
jaten saia daiteke, batez ere, horien mimeta asko dagoenean. Bestalde,
harrapakaririk beldurgarrienak ere, bere bizitzaren uneren batean bere
burua defendatu beharra izan dezake. Sabanan jaun eta jabe diren lehoien
kumeak esaterako, bere aitaren babesik ezean, ar helduren baten erasoaren
aurrean galduta leudeke.
 |
| Tximeleta
honek sustratoaren antzeko kolorea du eta bere soina horretara doituz,
ezkutatzeko ahalmena areagotu egiten du. (A. Zabala). |
Edozein babes-estrategia
aurrera eramateko, jokaerak garrantzi handia du. Adibidez, kolore berdea
izatea ez da nahikoa gero beste koloreetako sustratoan kokatzeko joera
baldin badago. Kamuflaje-kolorea, mimetismoa, aposematismoa, jokabidea
eta gainerako babes-estrategiak ere, hautespen naturalen bidez finkatzen
joan dira eboluzio luzearen ondorioz, gaur eguneko garapen-mailara heltzea
lortu duten arte. Hala ere, defentsa sistemekin batera eboluzionatzen
dute sistema horiek gainditzeko bideak eta beraz, ez dago erabatekoa den
babesarik. Bizidun orok, defentsa-bideen etengabeko garapena dela eta,
eboluzioan zehar konpontzen saiatzen den bizitzaren atal bulneragarriren
bat daukagu.
Babes-estrategiak
gero eta egokiagoak badira ere, harrapakariek egindako ehiza-presio selektiboaren
ondorio zuzena direla ezin da ahaztu. Tira-bira horretan, eboluzioak berak
du azken hitza. Utz diezaiogun beraz, bere lana betetzen.
|