 |
Ahoko aparatuak erabiltzea jada ez da haur edo
gaztetxoen kontua. Izan ere, gaur egun ez da nahikoa ahoa osasuntsu
izatea, polita ere izan behar da. Horregatik, ahoko aparatuen itxura
lehentasunezko kontu bilakatu da. Hortzei eransten zaizkien euskarriak
ahalik eta gutxien ikustea da egungo helburua.
Orain arte, aparatuetako euskarririk gehienak
altzairu herdoilgaitzez egiten ziren; baina badira plastiko gardenez
egindako euskarriak ere. Euskarri horiek, ordea, arazoak izaten
dituzte: erraz puskatzen dira, zahartze txarra dute eta hidrolisiarekiko
erresistentzia gutxi.
Horregatik, Tekniker zentro teknologikoa eta
EuroOrtodoncia S.L. enpresa ahoko euskarri garden berriak garatzen
ari dira. Euskarrien ezaugarriak, batez ere, bi faktoretan oinarritzen
dira: material gisa prestazio mekaniko altuak dituen polimero bat
erabiltzen dute eta, ekoizpenerako, mikroinjekzioa.
Hala, plastikoaren abantaila estetikoak eta
metalikoen pareko erresistentzia lortzen dira. Laster, beraz, estetikaren
beharretara egokituko diren euskarri gardenak izango dira merkatuan.
|